MURGI
Tristtan Murgik zuzendutako taldea azken urteotan power trio formatutan aritu da: Tristtan (gitarra, ahotsa), Cedric Lepine (bateria) eta Greg Juvin (baxua) izan dira azken hiru diskoetako protagonistak. Orain Herve Pedeflous (buzukia, gitarra elektrikoa, teklak) gehitu zaie, baina ez dute batere indarrik galdu, proposamena gordina, sentimenduz betea eta teknikoa baita oraindik ere. Esan genezake taldearen estudioko azken lanaren (Jitoan, 2022) gogortasuna eta bat-batekotasuna mantendu dituztela, eta, era berean, bilduma honetan murgiltze progresiboek ere bere lekua topatu dutela. Cedricen bateria biziki sentitzen da soinu orokorrean, nahiz eta Gregen baxua eta Tristtanen gitarra ere oso kontuan hartzekoak diren.
Gauzak horrela, falsetearen erabilera harrigarria egiten du Tristtanek Kittorik bada... zu zara mozkina kantuan. Pieza honen bultzada apartekoa da, zuzenean burmuinera doan horietakoa. Eta ez, ez dago estilo hau lantzen duen beste talderik. Erritmo trabatuekin jarraituz, Birrin papurrak bateriako kaxaren erabilera boteretsuak azpimarratzen du, eta zati batzuetan, gainera, soinu orokorra funk ukitu adiktibo batek mozkortzen du. Leopold Eibensteiner gonbidatuaren zeharkako flauta ere entzun dezakegu hemen zein beste pieza batzuetan. Haztamuka kantuak Sargia disko bikainera garamatza: Murgiren tonu introspektiboak, konplexutasun erritmikoak eta pultsazio intentsuek erabat beztitzen dute kantua.
Desadostasunean polikiago mugitzen da, nahiz eta zati instrumental luzea benetan gozagarria den. Murgi taldearen ezaugarria da, gainera, sarritan intentsitatean gora egitea gailurrean bukatzeko. Eztanda hori badauka kantu horrek. Supertelefono-k ere leherketa hori dakar. Kantu hori eroso murgiltzen da progresiboan, bukaeran erritmoak eta Tristtanen amorruak goiaren goian uzten duten arte. Rock potentea da Kosta ahala kosta: bere gogortasunak, abiadurak eta potentziak sorpresa polita eskaintzen digu, eta, gainera, errepika garbia dauka, oihu batean kantatzeko aproposa. Ura joan eta gero presa egin lasaiago plazaratzen den arren, ahots tonu altua harrapatzen du berriz ere Tristtanek bukaeran.
Post-story-reel-live eta Lur jota sosegatuagoak dira, nahiz eta (espero duzuen bezala) lehenak bederen leherketa polita erakusten duen, baita bateria trabatua eta zeharkako flautaren ñabardura hainbat ere. Amaitzeko, Garrasi harrigarria. Poliki hasten den arren, gitarraren lana azpimarratzekoa da inondik ere, baita erritmo mozkorgarria eta giro progresiboa ere. Bukaera aldera Tristtanek, disko hasieran bezala, falsetea erabiltzen du. Abestia diskoa amaitzeko aukera perfektua da, eta baxu jolea ere baden Greg Juvinek egindako ekoizpen lana oso garrantzitsua da bai kantu horretan eta bai beste bederatzietan ere. Rock progresibotik apur bat urrundu ziren arren, ukitu hori nabaritu daiteke hainbatetan. Murgi altxor bat da euskal musikarentzat, punta-puntako musikariek egindakoa, nahiz eta kantu eta hitz guztien egilea Tristtan bakarrik den.