Artea

Museo Bikoitza, San Telmo biziberritzeko egitasmoa

Museo Bikoitza programari esker sortutako bi lanak aurkeztu dituzte: Tractora kooperatibako Usue Arrietak eta Ainara Elgoibarrek pieza bana ondu dute. Lehenak soinu instalazio bat egin du, eta bigarrenak, brontzezko pieza bat.

Soto, Elgoibar, Arrieta eta Otamendi, 'P-003687' pieza aurrean dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Soto, Elgoibar, Arrieta eta Otamendi, 'P-003687' pieza aurrean dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko ekainaren 11
15:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuz esku eta artistaz artista, halaxe ibiltzen dira Museo Bikoitza programan. Donostiako San Telmo museoan egiten da, 2018. urteaz geroztik, Asier Mendizabal artistaren proposamen bat abiapuntu hartuta. Hain zuzen, aldizkako esku hartzeak proposatzen ditu programa horrek: artista batek museoaren ondarea eta bilakaera aztertzen ditu sei hilabetez, eta gero, ikertutakoaren bueltan, pieza bat sortzeko ardura du.

Artista bakoitzak hautatzen du hurrengo urtekoa zein izango den. Hala, Mendizabalek Ibon Aranberri proposatu zuen 2018an, hark Erlea Maneros, eta gerora etorri dira Jose Mari Zabala, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Hinrich Sachs eta Maddi Barber. Hain zuzen, Barberrek berak aukeratu zituen programaren zazpigarren aldiko artistak: Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar —Tractora kooperatibako kideak dira—. Gaur aurkeztu dituzte bi artisten obrak, San Telmo museoan. Arrietak Baltzune izeneko soinu instalazioa ondu du, eta Elgoibarrek, berriz, P-003687 izeneko brontzezko pieza bat. 2027ko ekainaren 11ra arte egongo dira ikusgai.

Nahiz eta artista bakoitzak lan bat sortu, biek ala biek abiapuntu bera izan dute: museoaren bilakaera instituzionala aztertzea. «Museoaren historian eta eraikinaren historian sakondu nahi izan dugu», aipatu du Elgoibarrek. Hala, aztergai izan dute San Telmo museoak zer-nolako lan eta jarduera motak izan dituen bere historian. Hain zuzen, Elgoibarrek gaineratu du artxiboko lan handia egin dutela, bai San Telmoko artxibategian bertan, bai eta beste artxibategi batzuetan ere.

Ebaki batetik abiatuta

Elgoibarri, batez ere, argazkiak interesatu zaizkio, bereziki bi konturengatik. Bat: museoaren espazioa urteen joanean nola aldatu den ikusteko. Bi: elementu jakin bat aukeratu eta denborak aurrera egin ahala elementu hori nola aldatu den aztertzeko, bai lekuari, bai formari, bai testuinguruari dagokienez. Hala topatu zuen Gracia Olazabal eta Alonso Idiakez senar-emazteen eskultura; haiek eginarazi zuten San Telmo museoaren eraikina, XVI. mendean. Museoko artxiboan P-003687 inbentario zenbakia du piezak, eta hortik dator artistaren piezaren izena.

«Gracia Olazabalen eta Alonso Idiakezen eskultura eraikinaren historiaren eta museoaren historiaren arteko intersekzio bat iruditu zitzaidan»

AINARA ELGOIBARArtista

«Eraikinaren historiaren eta museoaren historiaren arteko intersekzio bat iruditu zitzaidan». Eskultura hori ardatz hartuta, Elgoibarrek ikertu du nola aldatu zuten lekuz urteen poderioz, eta aldaketa horiek zer esan nahi duten. Baina, batez ere, eskulturaren atal batek eman dio arreta artistari, ebaki batek bitan banatzen baitu. Ebakera «ederra» da harentzat, baina horrek iradokitzen diona interesgarriagoa zaio: «Galderak egin ahal zaizkio ebaki horri, eta erantzunak eman ditzake». Hori dela eta, ikertu du piezari zer dela-eta egin zioten ebaki hori.

Ebakia XVI. eta XVIII. mendeen artean egin zela zehazten duten dokumentuak aurkitu zituen museoko artxiboan, eta ondorioztatu museoko norbaitek egin zuela. Baina ikerketak Genovako (Italia) artxibategira eraman du. Han dago piezaren enkargua jasotzen duen dokumentua, eta Elgoibarrek hala jakin du bi figura egiteko enkargua egin zutela, eta beraz, piezen ebaketa nahita egina zela. Hain zuzen, ebaketa hori molde gisa erabili, eta brontzezko pieza bat ondu du Elgoibarrek P-003687 sortzeko; museoko elizan dago ikusgai.

Hitzekin jolasean

Arrietak Baltzune izeneko soinu instalazio bat sortu du, eta museoko dorreko eraikinean dago. «Banekien gizarte zibileko eragile askok eragina izan dutela museoaren ibilbidean»; hori dela eta, gaur egungo museoa nola sortu den aztertzen saiatu da bere sormen prozesuan. Zehazki, San Telmoren historiako bi gertaera izan ditu ardatz. Batetik, 1917an, Pedro Soraluze museoko zuzendari zela —lehen zuzendaria izan zen—, euskal antropologiako atala sortu nahi izan zuten, baina konturatu ziren euskaraz ez zegoela antropologia izendatzeko hitzik. Hori dela eta, garai hartako ikerlari, akademiko, historialari, idazle... askori gutunak bidali zizkieten museotik, proposamen eske. Hauek izan ziren proposamenetako batzuk: gizaizti, gizatzazkunde eta euskal gizatitun zatia.

Bestalde, museoak berak Jose Migel Barandiaran etnografo eta antropologoari eskatutako proiektu bat ere egin zaio interesgarri artistari; etnografiaren atalerako zen proiektua. «Asko harritu ninduen soinuz beteriko museo bat irudikatu izana. Erreproduzitzaile asko, euskal kulturaren askotariko atalak ilustratzeko».

Bi elementu horiek batuta sortu du Arrietak Baltzune, zehazki. Antropologia hitzaren ordain gisa proposatutako horiek grabatu ditu lagun batekin batera, eta grabaketekin jolasean aritu da. Dorreko eskailerak igota, magnetofono bat topatuko du bisitariak, eta, hura martxan jarrita, hitz batzuk entzungo ditu, doinu eta modu desberdinetan ahoskatuak. «Gizonezkoei bakarrik eskatu zitzaien hitz horiekin sortzeko, eta hitzak lantzeko orduan doinuekin jolastu nahi izan dut».

Altxorrak

«San Telmok altxor asko dauzka: batzuk gordeta, eta beste batzuk agerian», adierazi du Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendik. Hala, Museo Bikoitza programak San Telmo biziberritzeko duen ahalmena goraipatu du. Susana Soto museoko zuzendariarentzat ere, egitasmo garrantzitsua da: «Bederatzi urte daramatzagu honetan, eta artisten eta museoaren arteko harremana sendotzen ari da urtez urte».

Harremanaz gain, aldi bakoitzean sortutako lanen berezitasuna ere aipatu nahi izan du Sotok; «Museoaren izatean sakontzen dute». Arrietak eta Elgoibarrek jada aukeratu dute zein izango den San Telmoren izatean sakonduko duen hurrengo artista: Ainara LeGardon izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE