Aitzakia musika izango da. Eta helburu zehatza, Euskal Herriko txoko eta entzule gehiagok musika klasikoaz gozatu ahal izatea. Horixe egingo du, aurten ere, Donostiako Musika Hamabostaldiaren Musika Aitzaki zikloak, eta, horretarako, hamasei emanaldi antolatu dituzte Gipuzkoan, Lapurdin eta Araban. Antzinako musika, ganbera eta orkestra musika, kantu errezitalak, musika klasikoa eta herri musika. Gainera, Hamabostaldiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker, beste urte batez antolatu dute Hamabostaldia Araban. Orotara, hamasei emanaldi horietatik, sei bertan izango dira. Oihana Mugerza Donostiako Musika Hamabostaldiko kideak kontatu du lankidetza horri esker Arabako herri txikietan antolatu ohi dituztela kontzertuak: «Musika jarduera askorik izaten ez duten herriak aukeratzen ditugu, eta kontzertuek harrera oso ona izaten dute». Sarrerak Quincenamusical.eus webgunean eros daitezke, baita Kursaal eta Viktoria Eugenia antzokietako leihatiletan ere.
Eta, hain zuzen, gaur egingo dute lehen geldialdia, Arabako Harana herriko San Bizente Aranakoaren elizan, Iñaki Bermudez saxofonistak eta Yume Takasaki pianistak. Bertan, Ravelen, Guinovarten eta Miquel de Jorgeren obrak interpretatuko dituzte. Eta, bihar, Bartzelonan sorturiko Kam Brass Quintet boskoteak Iekora herriko elizan emango du kontzertua. Iñigo Ocon taldeko tronpetistak gogoz hartzen du Hamabostaldian jotzeko aukera, eta urtero itzultzeko nahia ere adierazi du. Aurtengo kontzertuari bederen Metamorfosis de la folía izena jarri diote: «Denboran zehar bidaiatuko dugu, foliak Errenazimentuko Iberiar penintsulan izandako sorreratik gaur egunera bitarte. Espainiako Errenazimentutik —Juan del Encina—, Frantziara —Jean-Baptiste Lully—, eta, gero, amaitzeko, Ameriketako Estatu Batuetako musikagile famatu batengana —Jan Bach—. Tartean sartu ditugu Manuel de Fallaren eta Garazi Zabaletaren obraren bat ere». Interpretatuko dituzten obrak bidaia horren araberakoak izango badira ere, Oconek argitu du txalo asko jasoz gero bis batzuk ere egingo dituztela. Dena den, gehiago entzuteko irrikaz gelditzen denak aukera izango du boskotearen kontzertua larunbatean berriro ere Hondarribian entzuteko (Gipuzkoa), Itsas Etxea auditoriumean.
«Enblematikotzat jotzen diren lekuetan Euskadiko Orkestraren presentzia bermatzea eskatzen du gure lurralde proiektuak. Eta toki horietako bat da, noski, Iparraldea»
ROBERTO UGARTEEuskadiko Orkestrako zuzendaria
Senpereko (Lapurdi) Larreko Kultur gunean egingo du geldialdia Euskadiko Orkestrak bihar. Eta Roberto Ugarte Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia bereziki pozik azaldu da Ipar Euskal Herrian jotzeagatik: «Enblematikotzat jotzen diren lekuetan Euskadiko Orkestraren presentzia bermatzea eskatzen du gure lurralde proiektuak. Eta toki horietako bat da, noski, Iparraldea». Beraz, biharko kontzertua proiektu horren partetzat jo du zuzendariak. Bertan, estilo barrokoan murgilduko dira, Lina Tur Bonet biolin jotzailearen eta zuzendariaren eskutik. Eta Senperen egingo den hurrengo kontzertua abuztuaren 14an emango du Bachcelona Consort talde katalanak. Bi bakarlari gazte ariko dira kantuan: Maelys Robinne sopranoa eta Jana Corominas mezzosopranoa. Saint Pierre elizan egingo dute kontzertua.
Akordeoia ere, klasiko
Bi akordeoilari dira Maria Zubimendi eta Garazi Navas. Elkarrekin Expressio Duo osatzen dute, eta aurtengo otsailean aurkezturiko Elementuak diskoa interpretatuko dute abuztuaren 15ean, Argantzongo elizan, Araban. Zubimendik zehaztu du emanaldia osatzeko garaian dantza izan dutela inspirazio iturri: «Bidaia bat proposatzen dugu: Barroko frantsesetik hasi, eta XX. mendeko euskal musikagileekin amaitu». Hiru zatitan bereizi ditu bai emanaldia, baita diskoa ere: lehenik eta behin, Lullyren eta Rameauren piezak joko dituzte; gero, Ravelenak, eta, azkenik, Aita Donostia eta Guridirenak. «Gure proiektuaren eta kontzertuaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat transkripzioa da. Hau da, obra asko ez daude akordeoiarekin jotzeko idatzita, dakigun bezala akordeoia oso instrumentu gaztea delako musika klasikoaren tradizioko beste batzuekin alderatuta. Horregatik, gure eguneroko ogia da transkripzioak egitea», azaldu du akordeoilariak.
Iñar Sastre piano jotzailea eta Edurne Ruiz mezzosopranoa ere Araban izango dira; zehazki, Bergantzuko Larreko Andre Mariaren baselizan, abuztuaren 21ean. Falla 150: entre maestros, amigos y herederos izena du emanaldiak; izan ere, azaroan 150 urte beteko dira Manuel de Falla musikagile espainiarra jaio zenetik. «Ez gara, soilik, haren musikaren gainean arituko: Fallaren bizitzaren hariari tiraka arituko gara», azaldu du pianistak. Hala, Fallaren bizi ibilbidearen errepresentazio horretan, presente egongo dira kide eta irakasle izan zituenak: esaterako, Pedrell, Granados, Dukas, Ravel, Garcia Lorca eta Ginastera. Horrela azaldu du Sastrek: «Falla garabide erabatekoan bizi izan zen, eta, edozein lekutan zegoela er,e eragin egiten zion inguruak».