MUSIKA. Argitaratu berriak.

MUSIKA. Argitaratu berriak.

2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
OJOS DE BRUJO

'CORRIENTE VITAL'

WARNER MUSIC

Hamar urte bete ditu, eta bere kanturik ezagunenetako batzuen bertsioak bildu ditu. Badute, ordea, bertsio horiek beste ezaugarri nagusi bat, taldearen lagunetako batzuk bildu dituztela: Estopa, Bebe, Manolo Garcia, Nitin Sawhney eta Juno Reactor. Ekoizpen handiko disko entzunerraza da. Ez da inondik inora Bartzelonakoen diskorik aipagarrienetakoa, nahiz eta pieza batzuk ahalegina merezi. Hasierako runba, hip hop eta elektronika nahasketa, ijito kutsua duen pop erosotik gero eta hurbilago jarri du disko honek, nahiz eta Espainiako merkatuan haien arrakasta mugak gainditzeko tresna gerta daitekeen.ANDONI TOLOSA

BELLE & SEBASTIAN

'WRITE ABOUT LOVE'

ROUGH TRADE

Write About Love-k ez du inor ase Interneteko iritzien arabera. Taldea ez dela hasierakoa, balada melengak egiteari ekin diola… Denek dute arrazoiaren parte bat, Stuart Murdochen taldea inoiz ez baita izango Tigermilk eta If You're Feeling Sinister sinatu zituen hura. Diskoan pasarte lasai batzuek huts egiten dute (Calculating Bimbo, Norah Jonesek abesten duen Little Lou, Ugly Jack), baina 60ko hamarkadari (I'm Not Living In The Real World) edota bere betiko estiloariheltzen dionean(The Ghost of Rockschool), talentua azaltzen da. Gainera, I Want The World To Stop aspaldi idatzi duen kantu ederrenetakoa da. MIKEL LIZARRALDE

SPLIT 77

'SPLIT 77'

NOIZPOP

Azkar pasatzen dira urteak, eta konturatzerako sei igaro dira Split 77 taldeak azkeneko estudioko diskoa (Mentura) argitaratu zuenetik. Hala ere, bizitza berri baten ordez aurreko lanen dinamikarekin jarraitzen du Bilboko laukoteak. Oinarri elektronikoek pisu handiagoa hartu dute, eta dantzarako doinuak ere aurkituko dituzue disko honetan. Ohiko doinu ilunek dotoreziez bete dituzte, gainera. Bere garaiari aurrea hartu dio taldeak, eta horrek sendotasuna eman die kantuei. Rock, pop eta musika elektronikoaren arteko nahasketa dosi zuzen eta indartsua lortu dute, sobera egoten diren eranskinik gabekoa. ARKAITZ VILLAR
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.