Ba al da musika elektronikorik goizeko ordu txikietatik eta klub ilunetatik kanpo? Musika genero horren estereotipoetatik atera nahi du aurtengo Donostiako Dantz jaialdiak. Jaialdiaren bederatzigarren aldirako, musika elektronikoaren mugak zabaldu eta oinarrian dituen «bidegurutzeak» ezagutzeko bost eguneko egitaraua osatu dute, Donostian, bihartik igandera bitarte.
Bidegurutzeak hitza hartu dute aurtengo festibalerako ardatz gisa; Jokin Telleria Dantz jaialdiaren zuzendariaren esanetan, bidegurutzeek osatzen dutelako musika elektronikoaren oinarria. Miramongo anfiteatroko ohiko emanaldiez gain, hainbat ekintza antolatu dituzte hiriko zenbait tokitan. Gaineratu du ordutegia eta eskaintza zabaldu dituztela, «publiko zabalagoa erakartzeko asmoz».
Anfiteatroko emanaldiez gain, Dantz jaialdiaren bulegoa ezagutzeko ate irekiak, arte erakusketa bat, hitzaldi bat eta musika ekoizpenean adimen artifiziala nola erabili azalduko duen tailer bat ere antolatu dituzte.
«Bertako artistoi plaza bat emateaz gain, nazioarteko artistekin lankidetzak sortzeko aukera ere ematen digu»
VANESA MEDIN CAMBONDJa
Telleriak aipatu du aurtengo aldiak bi berrikuntza izango dituela: «Larunbatean bi oholtza egongo dira Miramongo anfiteatroan; eta 01:00ean, bertako festa amaitzean, hiriko diskoteka batean jarraituko du, 06:00 arte». Izan ere, larunbatean Dantz Radio izendatu duten oholtza bat jarriko dute Miramongo anfiteatroan dagoen frontoian. Bertan arituko diren artista guztiak «bertakoak» direla azpimarratu du jaialdiaren zuzendariak.
Bertan arituko da Vanesa Medin Cambon —Obrium DJ du izen artistikoa— Dantz akademiako ikaslea izandakoa, Bitter Ama DJarekin batera. Azaldu du Dantz musikaren abangoardian aitzindaria dela, eta aukera paregabea dela bera bezalako artistentzat: «Bertako artistoi plaza bat emateaz gain, nazioarteko artistekin lankidetzak sortzeko aukera ere ematen digu». Telleriak, DJaren hitz horiek entzutean, datu hori nabarmendu nahi izan du: «Jaialdia bertako artistarik gabe ez litzateke aurrera aterako».

Oholtza nagusian arituko direnen artean, Palestinako Sama Abdulhadi, Alemaniako Helena Hauff eta Ameriketako Estatu Batuetako Octave One bikotea nabarmendu ditu Telleriak. Artista zerrenda definitzeko orduan, adierazi du «ohiz kanpokoa»dela, eta batez ere Abdulhadiren emanaldia nabarmendu nahi izan du. Haren emanaldiak aldarriz jositakoak izan ohi direla azaldu du.
Aurreikuspenei buruz mintzatzean, oso baikor agertu da zuzendaria, eta adierazi du orain arte merkeago ipini dituzten sarrera guztiak agortu direla. Azaldu duenez, aste barruan hirian zehar egingo dituzten ekitaldiak dohainik izango dira, baina aldez aurretik webgunean izena eman behar da.
dantz jaialdia
- Abuztuaren 26an. Dantz jaialdiaren bulegoaren ate irekiera, 18:30etik 20:00etara.
- Abuztuaren 27an. Adimen artifiziala ekoizpen musikalean tailerra, Flavio Benaventeren eskutik, The Social Hub-en, 17:00etatik 19:00etara.
- Abuztuaren 27an. Juan Tosina eta Paul Lataburu artisten Bidegurutzeak erakusketa, Arte Uparte galerian, 19:00etatik 20:30era.
- Abuztuaren 28an. Bidegurutzeak jardunaldiak, Tabakalerako 2Deo gelan, 18:30etik 21:00etara.
- Abuztuaren 29an. Ladrillovitz, Baldman, DJ Hell, Helena Hauff eta Sama Abdulhadi DJak, Miramongo anfiteatroko oholtza nagusian, 18:00etatik 01:00era.
- Abuztuaren 29an. Isbel, Gartxi eta Ladrillovitz DJak, La Cripta diskotekan, 01:00etik 06:00etara.
- Abuztuaren 30ean. Irune Muguruza, Celia Carrera, Octave One, Kink eta Surgeon DJak, Miramongo anfiteatroko oholtza nagusian, 16:00etatik 01:00era.
- Abuztuaren 30ean. Bitter ama b2b Obrium, Hugo b2b Nelli, Koldo Intermusic, Borja S, Rec Overflow eta Zatibi DJak, Miramongo anfiteatroko Dantz Radio oholtzan, 16:00etatik 01:00era.
- Abuztuaren 30ean. Adre, DSR eta Loreak DJak, La Cripta diskotekan, 01:00etik 06:00etara.