Donostiako 87. Musika Hamabostaldia

Musika Hamabostaldiak Arriaga omenduko du, haren heriotzaren 200. urteurrenean

Kontzertu bat egingo dute bihar, Viktoria Eugenia antzokian. Juanjo Menak zuzenduko du, eta harekin batera arituko dira Euskadiko Orkestra eta Donostiako Easo abesbatza.

Juanjo Mena Granada, Hiria Orkestra zuzentzen, 2025eko ekainean. PEPE TORRES / EFE
Juanjo Mena Granada, Hiria Orkestra zuzentzen, 2025eko ekainean. PEPE TORRES / EFE
2026ko abuztuaren 11
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

20 urte betetzeko hamar egun baino falta ez zitzaizkiola hil zen Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarra, 1826an. Berrehun urte igaro dira ordutik. Eta bigarren mendeurren hori dela-eta antolatu du Musika Hamabostaldiak kontzertua, biharko, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Juanjo Menak zuzenduko du (Gasteiz, 1965), eta harekin batera oholtzan arituko dira Euskadiko Orkestra eta Easo abesbatza. Arriagak bere ibilbidean landutako generoetan barrena, konpositorearen lanak ezagutzeko aukera emango dute.

Euskal musikaren historian «funtsezko» musikagilea da Arriaga, Hamabostaldiaren antolatzaileen arabera. Europako hasierako erromantizismoaren figura «nabarmenetako» bat izan zen, eta hogei urtean obra oparoa utzi zuen: musika lirikoa, sinfonikoa, ganbera musika, bai eta erlijio musikako lanak ere. Haren obretan, Joseph Haydnen, «berezko nortasun melodiko eta dramatikoaren bidez» adierazten du Amadeus Mozarten eta Ludwig van Beethovenen ondarea, eta kutsu hori antzemateko aukera izango da haren omenez antolatutako kontzertuan.

Egitaraua Arriagaren lanik ezagunenarekin abiatuko da: Esklabo zoriontsuak operarako oberturarekin. Hamalau urte zituela idatzi zuen obra, baina obertura eta zenbait atal solte baino ez dira heldu gaurdaino. Jarraian, Obertura re maiorren lana entzun ahal izango da;  Parisen ikasten ari zela idatzi zuen Arriagak, 1821ean. Egitarauaren hirugarren atal sinfonikoa izango da, Hamabostaldiko antolatzaileen aburuz, «nabarmenena»: orkestra handirako Sinfonia ren. 1824 inguruan idatzi zuen, Parisen hori ere, eta Arriagaren lanen artean «gailurretako» bat da, baita «klasizismo berantiarraren eta lehen erromantizismoaren arteko trantsizioaren adibide paradigmatikoa» ere. Kontzertuan aurrera eginda, eta amaitzeko, Easo abesbatza Euskadiko Orkestrarekin batera ariko da egitarauko bi obra erlijiosoetan: Stabat mater eta O salutaris hostia obretan.

Azken-aurreko kontzertua

Mena, BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta BBC Philharmonic Orchestrako zuzendari titularra izana, azken-aurrekoz igoko da oholtza gainera biharko zuzenekoan. Zuzendariak martxoan iragarri zuen erretiroa, alzheimerra dela eta. Ordutik agur bira bat eskaintzen ari da, eta haren parte da biharko kontzertua ere. Ibilbidearen hasieratik euskal musikarekiko lotura estua izan du Menak, eta «arreta bereziz» zabaldu ditu, besteak beste, Jesus Aranbarriren, Jesus Guridiren, Andres Isasiren, Usandizagaren, Francisco Escuderoren, Gabriel Erkorekaren eta, bereziki, Arriagaren lanak.

Menak emanaldian zuzenduko duen orkestrarekin ere, Euskadiko Orkestrarekin, egitasmo eta proiektu anitzetan parte hartu du 30 urtean: zuzendari laguntzaile aritu izan da, adibidez, eta Gabriel Erkorekaren lana bilduta grabaketa bat ere egin du Miramon. 1982tik, sortu zenetik, orkestra beti izan da Musika Hamabostaldiaren programazioan.

Easo abesbatza, berriz, 1940an sortu zen, Donostian, gizonezkoen abesbatza gisa. Ordutik euskal koru kantagintzaren erreferente bihurtu da, nazioartean sari ugari jasota eta Europan zehar hainbat bira eginda. Gaur egungo abesbatza mistoa 2006an sortu zen, emakumeen abesbatzak gizonezkoenarekin bat egin zuenean.

Biharko kontzerturako sarrerak eskuragarri daude Musika Hamabostaldiaren webgunean, baita Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA