Donostiako 86. Musika Hamabostaldia

Musika Hamabostaldiko Ganbera Musikako Zikloak omenaldia egingo dio Raveli

Ensemble Bayona arituko da gaur Donostiako 86. Musika Hamabostaldiko Ganbera Musika zikloan, eta bihar Solista Salvat Beca Bach eta Bachcelona Consort Antzinako Musikakoan.

Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren Ganbera Musika eta Antzinako Musika zikloen aurkezpena, San Telmo museoan, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren Ganbera Musika eta Antzinako Musika zikloen aurkezpena, San Telmo museoan, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 6a
18:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maitasuna eta jeloskortasuna. Bi kontzeptu, protagonista bat. Candelas izeneko pertsonaiak aspaldian izan zuen maitale jeloskorra du ardatz Manuel de Fallaren El amor brujo lanak; eta hori izango du abiapuntu Ensemble Bayonaren Cuando el fuego abrasa emanaldiak gaur, Donostiako San Telmo museoan. Xostakovitxen eta Collen obrak tartekatuz, Andaluziako folkloreak (Espainia) oholtza hartuko du. De Fallak, berez, ez zuen obra hori seikote batentzat sortu, eta, Eros Jaca Ensembre Bayona taldeko biolontxelo joleak azaldu duenez, egokitu egin behar izan dute horregatik. Eta egokitzapen hori da publikoari aurkeztuko diotena. Donostiako 86. Musika Hamabostaldiko Ganbera Musikako Zikloaren barruan egingo dute emanaldia.

Aurreko larunbatean Cuarteto Quirogak hasi zuen ziklo hori, eta gaurkoa izango da kontzertu programa horren bigarren emanaldia. Aurtengo kontzertuak «mistikoak eta profanoak» izango direla azaldu dute antolatzaileek, eta, guztira, bost kontzertu programatu dituzte. Guztiak izango dira San Telmo museoan, eta 20:30ean hasiko da gaurko emanaldia. Sarrerak eskuragarri daude jaialdiaren webgunean eta Viktoria Eugeniako eta Kursaaleko leihatiletan. 

Etzi, Helix Trio konpainiak Dialogo entre siglos emanaldia aurkeztuko du. Bertan, Turinaren, Xostakovitxen eta Schuberten obrak entzungo dira; besteak beste Andaluziako (Espainia) eta Frantziako doinuak izango dira protagonistak. Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan, Helix Trio sortu berri diren taldeen arteko «onena» da. Abuztuaren 21ean Cuarteto Casals izango da San Telmo museoko klaustroan. Duela hamalau urte izan zen har taldea azkenekoz Hamabostaldian, eta oraingoan Haydnen, Xostakovitxen eta Beethovenen obra bana interpretatuko dute.

Zikloa amaitzeko, Maurice Ravel konpositore ziburutarra omenduko dute haren jaiotzaren 150. urteurrenean. Haren bi obra entzun ahal izango dira Angel Luis Quintana biolontxelo jolearen eta Miguel Angel Castro pianistaren eskutik: bata, Deux melodies hebraiques izango da; bestea, Sonata gazteena biolin eta pianorako. Justu hil aurrean hasi zen Ravel pieza hori idazten, baina ez zuen amaitzerik izan. Gainera, bi obra horiek Christian Proskek transkribatu behar izan ditu emanaldirako, ziburutarrak ez baitzuen konposatu biolontxeloarekin jotzeko piezarik. Debussyren eta Poulenceren obrek osatuko dute emanaldia. Hilaren 25ean izango da itxiera, Donostiako Orfeoiaren egoitzan. 

Erdi Arotik Barrokora

Erdi Arotik Barrokora arteko musika hartuko du Donostiako 86. Hamabostaldiko Antzinako Musikako Zikloak, eta San Telmon izango dira emanaldi horiek ere. Bihar ekingo diote kontzertu sortari Solista Salvat Beca Bach eta Bachcelona Consort taldeek, eta Bachen hainbat obra interpretatuko dituzte Maelys Robinne sopranoarekin eta Lara Morger mezzosopranoarekin batera. Horrez gain, konpositorearen antzeko lotura melodikoak dituzten Graupner-en eta Johann Christoph Bach-en lanak ere entzun ahal izango dira saioan.

La Ritirata konpainia, berriz, Espainiako eta Italiako musika erlijioso barrokoan murgilduko da Amor mistico emanaldian. Manuela Velasco aktorea izango da antzezlea, eta Lope de Vegaren eta Maria de Zayasen olerkiak tartekatuko dituzte, besteak beste, Duronen, Hidalgoren eta Caldararen piezekin. Abuztuaren 17an izango da emanaldia. Bi egun geroago, Ars Atlantica aurrenekoz igoko da Hamabostaldiko oholtzara. Manuel Vilasen zuzendaritzapean, Le Grand Ballet: danzas francesas en la España barroca obra aurkeztuko dute; Frantziak XVII. eta XVIII. mendeetako Espainiako musika barrokoan izan zuen eragina ardatz izango du.

Zikloa amaitzeko, Erdi Aroko El Cid-en espainiar mitoa musikatuko du Entrebescant taldeak. Burgostik (Espainia) Bartzelonara erbesteratua izan zeneko pasartea joko dute, hain zuzen ere. Abesti gregorianoek hartuko dute museoa, baina baita espainiar kantu folklorikoek ere. «Ahaztu egin ditugun leku horiek gogorarazteko keinu bat izango da», azaldu du Livia Camprubi Entrebescanteko fidula jotzaileak. 

Itsas dantza

2021ean adostu zuten San Telmo museoak eta Musika Hamabostaldiak museoaren zenbait areto erabilgarri jartzea jaialdiarentzat, urteko dohaintza baten truke. Lau urteko epea ezarri zioten hitzarmenari. Harrezkeroztik, Musika Hamabostaldiko saioak hartu dituzte museoko ekitaldi aretoak, klaustroak eta elizak, eta jaialdiak lau euskal artistaren obra bana eman die urte bakoitzean. Gaur hitzarmen hori beste lau urtez luzatzea erabaki dute, eta Jose Zugastiren Formaren garapena eta hegaldia eskultura izan da, truke horren barruan, Hamabostaldiak museoari eman dion artelana. 

Zugastik, iaz zendu baino hilabete batzuk lehenago, 85. Musika Hamabostaldiaren kartela sortu zuen, Itsas dantza seriearen parte zena. Hain zuzen ere, serie horren parte da museoko klaustroan erakusgai egongo den haren eskultura. 2003an sortu zuen obra hori artistak, eta alanbrez, hagaxkaz eta pinturaz egina dago. «Hiria aberasten du», esan du Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.