Musika proiektu bati eskainiko diote aurten Durangoko Azokaren Sormen Beka

Sortzaile hasiberriek parte hartu ahalko dute deialdian, banaka zein taldeka. Irailaren 21era arteko epea dute euren proposamenak bidaltzeko. Sormen lanaren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko dute.

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Sormen Bekaren bederatzigarren aldia aurkeztu dute gaur. GEREDIAGA ELKARTEA
Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Sormen Bekaren bederatzigarren aldia aurkeztu dute gaur, Durangon. GEREDIAGA ELKARTEA
edurne begiristain
2026ko maiatzaren 19a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerediaga elkarteak, Durangoko Udalaren (Bizkaia) laguntzaz, urtero antolatzen du Sormen Beka sortzaile gazteen lana sustatzeko helburuz; 15.000 euroko laguntza eskaintzen du. Aurten, bederatzigarren aldia du, eta musika proiektu bat lagunduko dute. Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak parte hartzera animatu ditu sortzaileak: «Sormen Bekarekin ibilbide emankor eta polita egin dugu urteotan, eta sortzaile berrien bidelagun izaten jarraitu nahi dugu».

Nabarmendu duenez, aurten musikaren diziplinari eskainiko diote beka, eta, ohi bezala, sortzaile hasiberriek parte hartu ahalko dute deialdian, banaka zein taldeka. Parte hartzaileek 18 urtetik gora izan behar dute, lanak jatorrizkoa izan behar du, eta, hitzak dituen sormen lana bada, euskaraz izan behar du. Ez dituzte onartuko adimen artifizialarekin egindako lanak. Sortzaile berriek irailaren 21era arteko epea dute euren proposamenak bidaltzeko; gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali behar dituzte. Deialdiaren oinarriak www.durangokoazoka.eus webgunean daude eskura.

Durangoko Azokan jakinaraziko dute nor den irabazlea, eta hautaturiko sortzaileari edo taldeari 15.000 euro emango dizkiote proiektua garatzeko. Sormen lan horren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko dute jendaurrean.

Paule Sanchez Durangoko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziaren esanetan, Sormen Bekaren bitartez, sortzaile berriei aukera eman nahi diete euren ideiak aurkezteko, eta, bide batez, lanak ikusgai egin eta bultzada emateko. «Durango euskal kulturaren bihotza da. Urtero, antolatutako kultur ekitaldiek eta, jakina, Durangoko Azokak sortzaile berrien talentua eta ekoizpen berritzailea zabaltzen dituzte, eta Sormen Beka horren adibide garbia da», azaldu du. Gaineratu duenez, helburua euskarazko sorkuntza indartzetik harago doa: «Munduari erakutsi nahi diogu gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra».

Rol jokotik komikiraino

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak 2018az geroztik banatzen dute Sormen Beka. Iaz, Usue Egiak, Ainhoa Olasok eta Mikel Urdangarinek sortutako Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komiki proiektuak irabazi zuen, eta aurten aurkeztuko dute lana Durangoko Azokan.

Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen lehena beka irabazten, eta, orduz geroztik, Kai Nakairen diskoak, Bañolet ikus-entzunezkoak, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoak, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlanak, Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animaziozko telesailak eta Irati Bazetaren Harien isla erakusketak jaso dute haren bultzada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA