Musika proposamen askotarikoa Donostian, Hamabostaldiaren hasieran

Hamalau doako kontzertu eskaini dituzte.Mahler Chamber Orchestrak Mozart eta Haydn interpretatuko ditu gaur, Kursaalean

Duo Casado, atzo, Aieteko Jauregian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Inaugurazio ekitaldi baten ordez, Donostiako Musika Hamabostaldiak inaugurazio egun oso bat eduki ohi du, eta, horretan, auditorium, antzoki eta elizetatik kanpora ateratzen dute musika, hiri guztira hedatuz. Jaialdiaren 76. aldiaren lehen egunean, atzo, hamalau doako kontzertu programatu zituzten Donostiako hainbat txokotan. Askotarikoa izan zen eskaintza: musika bikoteak, laukoteak, boskoteak, abesbatzak, ahots taldeak... Baita dantza garaikideko konpainia bat ere.

Interprete gazteenei egiten zaie lekua estreinako egunean, eta, hortaz, emanaldietako batzuek Musikene Goi Mailako Musika Eskolaren laguntza jaso zuten; Alborada haize boskoteak Gipuzkoa plazan eta Olaeta plazan emandakoak, esaterako. Georges Bizet, Manuel De Falla eta Isaac Albenizen lanak interpretatu zituen. C4artet lau saxofoi jotzaile gaztez osatutako laukoteak Johann Sebastian Bach, Antonin Dvorak eta, besteak bestek, Astor Piazollaren zenbait obrari heldu zien, Latsarien plazan eta Sagastiederren eskainitako emanaldietan.

Duo Casadok ere, Damian Martinez Marco (biolontxeloa) eta Marta Moll del Albak (pianoa) osatutako bikoteak, sortzaile handien piezak aukeratu zituen Aieteko Jauregian: Claude Debussy, Dmitri Xostakovitx... Eta Jose Maria Usandizagari ere egin zioten tokia. Izan ere, 76. Hamabostaldian hainbatetan omenduko dute konpositore donostiarra, haren heriotzaren mendeurrena delako aurten.

Eta aurten ere, ohi bezala, Hamabostaldiak keinu solidarioa eduki zuen, eta hiru saio programatu zituen Berra zaharren egoitzan, Zorroaga Fundazioan eta ospitale onkologikoan.

Eguna amaitzeko, Noka ahots hirukoteak eta Mikel Markezek kontzertua eman zuten San Telmo museoan, Xabier Euzkitzeren eta Arkaitz Miner gitarristaren laguntzarekin.

Gaur, bestalde, Mahler Chamber Orchestra ariko da berriro Kursaalean (20:00); atzo ere jo zuen, baina gaurkoan Andra Maria abesbatzakoak izango dituzte lagun oholtzan musikariek. Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozarten obra bana interpretatuko dute. Organo Zikloan, bestalde, Gorka Zabaleta eta Fernando Gonzalok Ataun San Martinen joko dute (18:00), Ana Belen Garciak Usurbilgo Salbatore elizan (20:00), eta Juan de la Rubiak Loiolako santutegian (20:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.