EUSKADIKO ORKESTRA
Beste behin eta hirugarren aldiz, hiritar kantuzaleak biltzen dituen Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenak ireki du abonu denboraldiaren azken programa, entsegu-orduetan landutakoa zabaltzeko garaia. Herri-proiektua da, elkarrekin kantatzeak eta, are gehiago, gure orkestrarekin kantatzeak duen indarra bizitzeko aukera ematen duena; ezin, hortaz, planteamenduak sortzen duen zirrarari eutsi. Ondoren, orkestrako profesionalen jardunaz gozatzeko aukera iritsi zen, XX. mendeko musika-abangoardien epizentroan kokatzen zen programarekin. Izan ere, hiru obrak Parisen idatzi zituzten, 1905etik 1919ra bitartean, elkarren berri zuten hiru puntako konpositorek. Eta, gainera, hiruretan atzeman daiteke, hasiera-hasieratik, orkestra bera zenbateraino dagoen sorkuntza prozesuaren beraren muinean: ehundura eta koloreen trataera bikainaz marrazten dituzte irudizko geografiak.
Manuel de Fallaren Hiru puntako kapela, Diaghileven enkarguz Ballet Errusiarrentzat idatzia, seguidilla, farruca eta jota dantzek duten distiraz aurkeztu zuen Euskadiko Orkestrak, oholtza gaineko mugimenduek eskatzen duten doitasunez eta bizitasunez. Claude Debussyren Itsasoa sotil bezain iradokitzailean, aldiz, bestelakoa da aldartea, eta, nonbait, gardentasuna eta osotasuna eskatzen zaizkio orkestra-masari, eta jolas inpresionistetan barrena zehatz aritu behar da, baina lerroa galdu gabe. Orkestrako sekzioak fin aritu ziren, nahiz eta tarteka euren arteko jarraitutasuna eten egiten zela zirudien, norabidea ez, baina batzuetan helmuga argi ez zegoela. Amaitzeko, Igor Stravinskiren Suzko txoria ezaguna, hori ere Diaghileven eskariari jarraika konposatua, bilbearen eta musikaren bi munduen hartu-emana taula gainean jartzen duena. Naturaz gaindikoa eta gizatiarra den hori jolasean, orkestrak, Maciasen batuta zorrotzagoari men eginez, gozatzeko bertsioa eskaini zuen, haizeen esku-hartze finarekin.
Une batez denak ginen berdinak Kursaalean, eszenatokia eta besaulki-patioa hiritar musikazalez asebeteta.