Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman eta Bilgunean —Euskadiko Katalogo Kolektiboan— integratuko du Eusko Jaurlaritzak. Gobernu Kontseiluak gaur hartu du erabakia, eta, haren bidez, musikaren arloko funts bibliografiko espezializatuak katalogo bateratuan kontsultatu ahal izango dira, herritarrek eta ikertzaileek errazago eskuratzeko.
Integrazioa pixkanaka egingo dute, eta funtsen titulartasuna Musikene Fundazioarena izango da hemendik aurrera ere. Gaur egun, Musikeneren mediatekak 40.500 bibliografia erregistro baino gehiago ditu, eta Euskal Herriko musikaren arloko dokumentazio zentro espezializatu nagusietako bat da. Jaurlaritzaren arabera, hitzarmenak ez die kostu ekonomikorik ekarriko sinatzaileei.
Akordioaren helburua da Musikeneren bildumari «ikusgarritasun handiagoa» ematea eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegi sarean txertatzea, eta hala, musikaren inguruko dokumentazioa kontsultatzeko aukera zabaltzea.
Ondare immateriala
Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondare Immaterialaren arloko proiektuak laguntzeko deialdia ere onartu du. Guztira, 400.000 euro jarriko ditu ondare hori ikertu, dokumentatu, zaindu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko egitasmoetarako.
Laguntzak bi ildotan banatuko dituzte. Alde batetik, ikerketa, dokumentazio, katalogazio eta azterketa proiektuak babestuko dituzte. Bestetik, ondare immateriala gizarteratu eta transmititzeko egitasmoak lagunduko dituzte; besteak beste, lanbide eta jakintza tradizionalak berreskuratzeko proiektuak, belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko jarduerak, argitalpenak, dokumentalak, erakusketak, kongresuak, tailerrak eta interpretazio zentroak.
Jaurlaritzaren arabera, deialdiaren helburua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ondare immaterialaren transmisioa sendotzea eta etorkizuna bermatzea. Horren barruan sartzen dira ahozko tradizioak, jaiak eta errituak, musika eta dantza, naturari lotutako jakintzak, artisautzako teknikak eta belaunaldiz belaunaldi gorde diren bestelako kultura adierazpenak.
Iazko deialdian, 23 proiektuk jaso zituzten laguntzak. Horien artean izan ziren Arabako lautadako ondarearen dokumentazio lana, txalapartaren eta bertsolaritzaren transmisioa sustatzeko egitasmoak, Kuartangoko (Araba) landa inauteriak berreskuratzeko proiektua, eta hainbat udalerritan ondare immateriala ezagutarazteko programak.