Irakurri serie honetako erreportaje guztiak
Iruñeko Kuria kaleko 27. zenbakia. Atariaren gainean hormari itsatsita eusten dion errotulu urdinkara da berrogei urte atzera hor bertan izandakoaren arrasto material bakarretako bat. Hitzaren hirugarren letrak, eskuinerantz etzaten hasia balego bezala idatzitako U hizkiak, koska nabarmen bat du izkinetako batean, baina aise irakur daiteke izen osoa, hala ere. Ez dago dudarik: Ttutt jartzen du.
Bista-bistakoa da, eta, hala eta guztiz, Martin Ziriza musikariak susmoa du zientoka ez baizik milaka lagun pasatu direla urteotan guztietan oharkabean handik. Hari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. 2025eko irailaren 25ean BERRIAn argitaratutako zutabean aitortu zuenez, Marino Goñi musikari eta ekoizleak sare sozialetan plazaratutako bideo bati esker deskubritu zuen hura, ordura arte apenas zion erreparatua errotuluari, eta, are, Ttutt zehazki zer zen ere ez zekien. Baina ordutik bai, eta Espaloian koska podcasteko saio batean ere egin du haren istorioan arakatzeko ahalegina. Orain, egunkari honek ere erreskate lana egin nahi duelako albistea pozez hartu du. Eta, hain zuzen, hari esker du abiapuntua istorio bilketa honek: «Igual, Pinzolasekin hitz egiten saia zintezke...».
Ttutt taberna bat da. Taberna bat zen. 1980ko hamarkadaren hasieran ireki zituen ateak, Manolo Gil, Javier Guibert eta preseski Javier Pinzolasek osatutako hirukotearen ekimenez. Eta ostatua oroitzen dutenen artean bada inor gutxik auzitan jartzen duen zerbait: taberna zulo bat bakarrik ez, kulturgune bat ere izan zen Ttutt, eta, batik bat, punk musikarentzako oasi.
Haustura bat
«Inaugurazioa 1983an izan zela esanen nuke...», egin du zehaztapena Pinzolasek. Baina dudati esan du. «Galdezka hasten zaizkidan aldiro abisatu behar izaten dut datekin-eta ez naizela oso ona», kontatu du, umorez. Badaezpadako ohartarazpen bat baizik ez da izan, dena dela, kontakizunean gorabeheraren bat izan daitekeelako aitorpen samur hori. Ordutik aurrera apenas baitago hutsunerik atzera begirakoan. Pinzolasek ederki gogoan ditu garai haietako grina, musika egarria eta lorpenak.
«Punka, musika berria... sekulako mugimendua zegoen hor kanpoan; guk hona ekarri nahi genuen, eta, aldi berean, pizgarri bat izan zedin hirian»
JAVIER PINZOLAS Ttutten sortzaileetako bat
Zegoenarekin konforme ez zeudelako egin zuten urratsa, Pinzolasek oroitu duenez: «Tabernak haustura bat ekarri zuen, edo haustura bat izan zen, bere horretan. Iruñeko taberna klasikoetan 70eko musika jartzen zuten, musika aski zaharrunoa. Gu ere ibiliak ginen giro horietan, besteak beste aritu izanak ginelako beste taberna batzuetan —ni Txantrean, eta hauek Zaldi Zurian—, baina, une hartan, ostatu diferente bat ireki nahi genuen, zeinetan kultura izanen zen zentroan». Gogora ekarri duenez, ordurako hasiak ziren «kanpoan» —batik bat Ingalaterran eta AEBetan— gertatzen ari zirenen berri izaten. «Punka, musika berria... sekulako mugimendua zegoen hor kanpoan; guk hona ekarri nahi genuen, eta, aldi berean, pizgarri bat izan zedin hirian».
Musika etengabe entzuten zen ostatuan, «ozen-ozen beti», Pinzolasen esanetan. Baina nola baino gehiago, zehazki zer entzuten zen, hori zen inportantea eta iraultzailea Ttutten. «Ja ez genuen hainbeste aditu nahi Lynyrd Skynyrd edo Rolling Stones; gauza berriak behar genituen». Taberna ireki bezain pronto Miarritze eta Hendaia (Lapurdi) aldera joan zirela gogoan du Pinzolasek, diskoak erostera. «Stiff Fingers, Joy Division, The Cure, U. K. Subs...; sinetsia nago dardara bat behintzat sorrarazi genuela Iruñean, leiho bat zabaldu genuela».
Gerora, Londresera ere joan ziren zenbait aldiz musika bila, hala nola Zuriza tabernako kideekin batera. Eta, izatez, esana da jende askok «hiruki bereko erpintzat zeuzkala» bi ostatuok, eta Caldereria kaleko Toki Leza zela hirugarrena, hain zuzen.
Lehenbizi egin, gero gerokoak
Punka zen nagusi Ttutten, baina ez zen bakarra ostatuaren soinu bandan. Horren erakusle dira, hain zuzen, Blanca Izkuek kariño bereziz gordetzen dituen oroitzapenetako asko. Izkue musikaria da —Balerdi Balerdin aritutakoa, eta Makusai taldeko kidea egun—, eta Gor diskoetxean ere izan zen lanean zenbait urtez. 1986an hasi zen Kuria kaleko 27. zenbakira joaten.
«Garai hartan hasia zen new wave musika, eta hark ere tokia zuen tabernan, baita beste askok ere. Oroitzen ditut Ian Dury, Lene Lovich, Nick Lowe, Kirsty MacColl, The Damned... Eta, gero, niretzat benetan apurtzailea izan zen zerbait ere ekarri zidan Ttuttek: ska», kontatu du, hunkituta. Tartean isilune bat utzi, eta zera erantsi du: «Ska haiek ekarri ziguten, Londresko auzuneetatik hona».
«Niretzat benetan apurtzailea izan zen zerbait ere ekarri zidan Ttuttek: ska. Ska haiek ekarri ziguten, Londresko auzuneetatik hona»
BLANCA IZKUE Musikaria
Dena dela, atzerrian boladan zegoen musikari bezainbeste begiratzen zioten Ttuttekoek bertako eszenari ere. Bozgorailuetan sarri izaten zen jarrita Barricada, edo Cicatriz, edo Eskorbuto, edo Porkeria T, eta, bai Ttutten jabeek eta bai bertan izan ohi zirenek baieztatzen dutenez, horma horien artean du ernamuina Tijuana in Blue taldeak. Eta Ultimatum bandak ere bai. «Ordu mordoa ematen zuten gurean, eta txirrinta piztu zitzaien, eta hasi ziren, arrasto handirik ere izan gabe. Zuk zeuk egizu filosofia zen nagusi, zentzu guztietan», oroitu du Pinzolasek.
Kortaturen adibidea ere aipatzeko modukoa da. Besteak beste, Irungo (Gipuzkoa) talde hark Ttutten aurkeztu zuelako bere lehenbiziko lan luzea, Kortatu, 1985eko azaroaren 18an. Ordurako, Kortatuko kideek harreman sare zabala zeukaten Iruñean, «artistikoa eta afektiboa», Ttutten eta haren ingurumarietan batik bat, eta, Muguruzaren esanetan, erabateko zentzua zuen aurkezpena bertan egiteak, horregatik.
Ezagun eta lagun min mordoa joan zela oroitzen du Muguruzak, giroa «ederra» izan zela, eta aurkezpenaren ondotik pintxo batzuk atera zituztela ere esanen luke, gainera. «Baten bat jan ote genuen, hori auskalo».

Kurioski, aurkezpena baino hiru egun lehenago Soñua diskoetxeak kazetarientzako prestatutako gonbidapen gutuna da egun hartatik gelditzen den lekukotasun dokumentatu bakarrenetako bat. Tabernan ohikoa zen giro kaotiko eta informalaren kontrastean, diskoetxeak hizkera serio eta neurritsuan zehaztu zizkien kazetariei aurkezpenaren kokalekua eta ordua (17:00), eta, besteak beste, argitu zuten taldeko hiru kideak bertan izanen zirela. «Besterik gabe, bertaratuko zaretelako segurtasunez, adeitasunez egiten dizuegu agur»; horrela bukatzen da eskutitza.
Pintaketak eta zirrimarrak nonahi
Berrogei bat urte joan diren honetan ere, Ttutt barrenetik nolakoa zen gardentasunez oroitzen du Izkuek. «Txiki-txiki-txikia zen, ñimiñoa. Ez naiz klaustrofobikoa, baina gaur egun ez dakit askorik aguantatuko nukeen hor», kontatu du, umoretsu. «Sartu, eta baziren eskailera batzuk, eta burdinazko barra moduko bat. Helduleku bat izanen zen hori teorian, baina ipurdia paratzeko balio zigun guri, taberna oso-oso beteta egoten zenerako... oraindik kostatzen zait sinestea zenbat gauza kabitu zitezkeen hain toki estuan».
Pinzolasek dio ostatua modu bereziki «estridentean» apaindua zegoela. Neonezko argiak han-hemenka, pintaketak horma guztietan... are gehiago, dioenez, bospasei hilabetean behin ematen zieten pintura geruza bat hormei, hain justu ere jendeak pintaketa berriak egin ahal izateko. Pinzolas: «Hor utzi zuten beren arrastoa, besteak beste, Ernesto Murillok, Drogasen anaia Javier Villarrealek eta Mauro Entrialgok, gure mihisean». Eta, musikarentzako aterpe bakarrik ez, lokala beste kultur adierazpide batzuentzako tailer ere bazela uzten du horrek agerian, tabernari ohiaren iritziz. Manolo Gilek eta Marco Antonio Sanz de Acedo Eskroto-k fanzine «kontrakulturalak» egiten zituztenekoa ekarri du gogora, horren adibide.
Ttutten ezaugarri bereizgarrienetako bat ikus-entzunezkoekin loturikoa zen, dena dela.
«Pantailena kontatu dizute?». Irribarrea ahoan, Izkuek kolpez eten du 1980ko hamarkadako gertakarien errepasoa galdera horrekin, aipamen hori oharkabean pasatu ezin dela sinetsita. Eta deskribapen xehea eman du segidan: ipurdi luzeko bospasei telebista zeuden tabernako hormetan —«Iskina batean bat; beste bi, beste bazterren batean...», eta irudi berberak izaten ziren pantailaratuta guzti-guztietan, aldi berean.
«Imajina ezazu zirkuitu itxi bat, eta, hor, Londresko kontzerturen baten bideoa, edo Euskal Herriko taldeen kontzertuetako irudiak. Beste inon ikusi ezin zenuena ikus zenezakeen Ttutteko telebistetan»
FERMIN MUGURUZA Musikaria
Askotariko edukiak ematen zituzten telebista horietan. Muguruzak berak ere liluraz oroitzen du hori. «Imajina ezazu zirkuitu itxi bat, Ttutterako propio egindakoa, eta, hor, Londresko kontzerturen baten bideoa, edo Euskal Herriko taldeen kontzertuetako irudiak». Besteak beste, eta batez ere Gilen ekimenez —bideogintzan eta diseinu grafikoan ibilbide luzea urratu zuen hark gerora—, zera egiten zuten ostatuko kideek: asteburua ailegatuta, lan txandaren arabera tabernako barran aritu behar ez zuenak kontzerturen batera joateko aprobetxatzen zuen aukera, lagunen batek lagunduta sarri, berdin Iruñean, Tafallan edo Tuteran, eta Super 8 milimetroko kamera batekin grabatzen zituzten zuzenekoak, hurrengo astelehenetik aurrera tabernako pantailetan ikusgai jartzeko. Muguruza: «Beste inon ikusi ezin zenuena ikus zenezakeen hor».
Manifestazioren batean izandako istiluen edo barrikaden irudiak ere agertzen ziren tarteka pantaila zaharkituetan, buklean, edo jendea polizien aurrean lasterka, edo okupazio batean eginiko grabaketa bat, edo baita, aldian behin, dokumentalen bat ere. Jamaikaren eta reggaearen inguruko bat ikusi izana du gogoan Muguruzak, kasurako. «Ttutt ez zen taberna hutsa; Ttutt lokal abangoardista bat bilakatu zen. Berlingo lokal bat ematen zuen, Iruñeko Alde Zaharrean jarria».
Ezin ahaztu konspiraziorako gune naturala ere izan zela taberna zulo hura. Garai hartan, besteak beste etxebizitza eskubidearen gaia zegoen pil-pilean, gatazka arantzatsuak ziren horren bueltan, eta, hain zuzen ere orduan sortu zen etxe eta lokal hutsen okupazioaren aldeko Katakrak mugimendua. Non, eta Ttutten. Ttutten eta haren orbitan.
Pretentsiorik ez
Nekez bildu daitezke tabernari loturiko pasarte eta bitxikeria guztiak testu bakarrean. Baina hona hemen beste adibide bat: La Polla Records taldearen Ellos dicen mierda nosotros amén (1989) diskoaren azalean ageri den komuna Ttuttekoa da berez. Eta Black is beltza II: Ainhoa (2022) filmeko eszena batzuk Ttutten daude girotuta. Pinzolas bera ere bereiz daiteke irudiotan, besteak beste. Bai eta Gil ere; barran daude biak.

Ttutten bukaera kontatzea da zailena erreskate lan honetan. Pinzolasek berak ere ez daki zehatz esaten negozioa abiarazi zuten hirurek noiz utzi zuten ostatua. «Aski goiz, oso efimeroa izan baitzen dena. 1986an-edo utziko genuen?», bota du, zalantzati. Baina datu horrek erdiz erdi egiten du talka beste bertsio batzuekin.
Demagun, hortaz, 1980ko hamarkadaren bukaeran utzi zutela taberna hiru sustatzaileek, nor bere proiektuetan buru-belarri aritu ahal izateko. Haien segidan, ohiko bezero izandako Porkeria T taldeko kideek hartu zuten ostatuaren kudeaketa beren gain, eta, urte gutxi batzuen buruan, Terminal ostatuko jabeek hartu zuten erreleboa. Eta, nolanahi dela, mende aldaketarako lokala behin betiko itxia zegoelako susmoa dute bai Pinzolasek, bai Muguruzak eta baita Izkuek ere.
Ordutik, Ttutt zegoen tokian ez dago deus. Errotulu bat ez besterik.