Nafar erresumako soinu banda

Nafarroako erresuma garaiko musika zahar eta herrikoia batzen dituen diskoa argitaratu du Danserie taldeak

Garai hartako musika tresnak erabili dituzte Danserie taldeko kideek diskoa grabatzeko. CLEMENTE BERNAT.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Memoria musikala ere bada memoria historikoaren parte. Eta berreskurapen saio bat proposatu du, horregatik, Danserie taldeak. Dokumentu artean murgildu eta doinuak atera dituzte. Hamahiru urteko esperientzia du taldeak, eta Nafarroako Erresuman jarri du begia aurten. Gaztelako tropek Nafarroa konkistatu zutela 500 urte betetzen diren urtean. Ez da kasualitatea. Erdi Arotik Errenazimenturako urratsa egitekotan zen erresumako kultur giroa da Lachrimae antiquae 1512 Antzinako negarra izeneko lanak disko-liburuak biltzen duena (Pamiela). Garai hartako doinuak, garai hartako tresnekin. «Sentimenduari heldu nahi izan diogu. Hau da orduan entzun zutena, edo entzun ahal izan zutenaren oihartzun bat», azaldu du Koldo Azkona txirula jotzaileak.

Pedro Axular idazlearen hitzak erabili ditu taldearen filosofia laburbiltzeko: «Zeren deus eztakiena, eta egiten ere eztuena, presuna hilaren eta ehortzirik datzanaren pare baita». Konkistaren inguruko ekitaldi eta ikerketa historiko sortarekin, haiek ere beren ekarpena egin nahi dute, eta musikara jo dute horretarako. Ez da zailtasunik gabeko hautua izan, ordea. «Malda gorakoa da musikagintzaren bidea maiz. Baliabide faltak eta erakundeen laguntza faltak, eta gaiak ere zaildu egin dute dena. Zenbait esparrutan 1512 aipatzean, badirudi Sakamantekas agertu dela». Oztopoak gorabehera, erabat aske aritu direla zehaztu du Azkonak. «Garai hartako nafarren ikuspuntuan kokatu ditugu geure buruak».

Mende beteko denbora tartea hartzen du diskoak, eta gutxi gora-behera kronologikoki antolatu dute abesti sorta. XV. mende erdialdetik 1572ra arte. Vianako printzearen jaiotzatik Joana Albretekoaren erreginaldira arte. Nahasian doaz doinu zahar eta herrikoiak disko-liburuan: «Batuta daude biak, eta, gainera, oso era naturalean saretzen dira elkarrekin».

Nafar errege-erreginen gortean entzun zitezkeen pieza batzuk. XV. mendean Josquin des Presek idatzitako Une musque de Buscgaya izenekoa, adibidez, eta Pierre Sandrinek sortutako Dulce mémoire izenekoa, bestela. Taberna giroetako abestiak ere badaude, ordea, errenazimentu garaiko gustuen arabera moldatuta. Hori da, adibidez, A la una yo nací abestiaren kasua, eta baita agaramontar eta beaumontarren arteko liskarren berri ematen duen Bereterretxeren kantoria-rena ere.

Sormen historikoa

Garai hartako grabaziorik ez dago, noski, eta sormena baliatu behar izan dute horregatik musikariek abestien moldaketak egin ahal izateko. Baina oso presente izan dute beti musikaren historia horretarako. Amenduxen elegia-rekin egindako lana da horren froga. XVI. mendeko hitzak dira abestiaren oinarria, eta bila eta bila aritu ondoren, Zuberoako doinu zahar batekin nahasi dute.

Gertakari historikoak ere bildu dituzte diskoan. Entzulea garai hartako giroan murgil dadin nahi dute Danseriekoekoek, eta konkista garaiko testu hautaketa bat egin dute horretarako: Nafarroako errege-erreginen aurka Julio II. aita santuak idatzitako bulda, Albako Dukeak Iruñeari emandako abisua, William Shakespeareren antzezlan baten zati bat eta Joanes Leizarragak egindako Bibliaren euskarazko itzulpeneko errezo bat. Horiek, besteak beste.

Lau dira Danserie taldeko gidariak: Alfontso Iturria, Koldo Azkona, Rachel Cuartero eta Javier Navascues. Eta bost musikari gehiago batu zaizkie orain: Isabel Abarzuza, Nerea Erbiti, Carlos Frutuoso, Gabriela Lopez eta Javier Pelgrin.

Kanta bat entzun nahi izanez gero, joan webgunera:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.