Bertsolaritza

Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak disko batean bildu dituzte

Ostiralean aurkeztuko dute Gure aldetara egitasmoa. Helburu nagusia «Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, eta haien arteko sarea sendotzea» da.

'Gure aldetara' egitasmoak argitaratuko duen diskoa. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 7a
12:53
Entzun

Hamalau abestik eta emakume bertsolarien hamaika ahotsek osatutako disko bat argitaratuko du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Gure aldetara izena du egitasmoak, eta, jendaurrean ostiralean aurkeztuko duten arren Barañaingo (Nafarroa) Kultur Plazan, gaur plazaratu dituzte egitasmoaren nondik norakoak. Azaldu dutenez, abestiak banaka zein taldean grabatu dituzte, ahots hutsez edo musikaz lagundurik, baina denek «bertsoa dute oinarri».

Sustatzaileen arabera, bi dira helburu nagusiak. Batetik, «Nafarroako kulturaren ondare diren» bertso sorta idatziei bultzada ematea, eta «tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea». Eta, bestetik, «Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, proiektuaren bidez elkarren arteko sarea sendotzea, eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea».

Bertso sorten edukiaren berri ere eman dute, eta argi utzi dute «genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak» direla: «Emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzari buruzko hausnarketek zeharkatzen dituzte lan guztiak». Diskoan bildu dituzten estiloei dagokienez, berriz, ugariak direla azaldu dute: «Ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dutenak, pieza klasikoagoak, tradizioa estilo garaikidearekin uztartzen duten sortak, bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak...».

Bertsolaritzan emakumeek izandako parte hartzeari eskertza ere egin nahi izan diote egitasmoaren bidez, eta keinu bat egin diote 2020an hil zen Luzia Goñi bertsolariari: diskoko azken kanta berak idatzitako bertso batek osatua da, Estitxu Arozenaren ahotsean jarria.

Sarea sendotzeko

Azkenik, argi utzi dute diskoa ez dela bide baten azken emaitza; asmoa da egitasmoak Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazten laguntzea, eta elkarren arteko sarea indartzen laguntzea. Diskoa Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko gisara zabaltzea da asmoa.

Diskoa datorren ostiraletik aurrera egongo da salgai, eta hura aurkezteko hainbat bertso saio egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.