Nafarroako eta Bizkaiko bertso txapelketetako saioak izango dira asteburuan

Nafarroan bi kanporaketa jokatuko dira asteburuan: bat Vianan eta beste bat Uharten. Bizkaian saio bat izango da, bihar, Arrigorriagan

Sarai Robles, aurreko astean Iruritan jokatu zen kanporaketan. BERTSOZALE ELKARTEA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehengo asteburuan hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan. Sarai Roblesek eskuratu zuen puntu gehien (354). Horrenbestez, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Haren atzetik geratu ziren, saio hartan, Saioa Alkaiza (333), Idoia Granizo (328,5), Ekain Alegre (324), Eneko Fernandez (320,5) eta Egoitz Gorosterrazu (291). Bost bertsolari horiek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetarako sailkatzeko aukera.

Txapelketaren final-laurdenetako faseak asteburu honetan izango du segida. Are, bi saio izango dira: bat Vianan, gaur, eta beste bat Uharten (Nafarroa), bihar.

Sei bertsolari hauek arituko dira gaur kantuan, Vianako kultur etxean: Aitor Irastortza, Ekhiñe Zapiain, Julio Soto, Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Xabat Illarregi. Bihar, berriz, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan jokatuko da kanporaketa, eta bertsolari hauek izango dira oholtzan: Beñat Astiz, Eki Mateorena, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Mikel Lasarte eta Ainara Ieregi.

Hasieran, Xabier Silveira zen Uharteko saioan kantatzekoa. Aste honetan, ordea, uko egin diotxapelketan kantatzeari. Nafarroako Bertsozale Elkartearen arabera, bertsolariak «borondate propioz» hartu du erabakia. Horrenbestez, Ainara Ieregi lehiatuko da haren lekuan.

Bizkaiko bertsolari txapelketak ere asteburu honetan izango du segida, Arrigorriagako Lonbo aretoan. Garikoitz Sarriugarte, Iker Uriarte, Inazio Vidal, Iruri Altzerreka, Josune Aramendi eta Lurdes Ondaro arituko dira kantuan.

Hirugarrena Bizkaian

Urriaren 1ean hasi zen Bizkaiko txapelketa, eta bi saio jokatu dira harrezkero: Mungian eta Gernikan, hain zuzen ere. Mikel Goiriena nagusitu zen aurreneko kanporaketan, eta Ibai Amillategi bigarrengoan. Hortaz, biak ala biak zuzenean sartu ziren finalaurrekoetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.