Nahastuta, bide berean

Ladislao taldeak punk-rock eta hardcore doinuez betetako lehendabiziko diskoa kaleratu du: 'Pantailak'

Josu Errasti, Iker Arza, Joseba Arza eta Xabier Lekuona —aurrean—. EGOITZ IRIZAR.
Igor Susaeta.
2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Brigada Criminal eta Captain Nemoko bina kide batu ditu Ladislao taldeak. 90eko hamarkadaren hasieran Donostiako Buenavista gunean sortutako taldeen —Señor No, NCC, Discipulos de Dionisos...— abaroan loratutakoak, Euskal Herriko punk-rock eta hardcore munduaren talde esanguratsuenetakoak izan ziren lehen biak duela hamarkada bat, orain urte batzuk desegin ziren arte. Ladislao, hain zuzen, bi horien arteko nahasketa bat da, Iker Arza baxu jotzailearen iritziz. «Punk-rocka hardcore ukituekin. Badakigu nondik gatozen, eta musika mota horretan ondo moldatzen gara». Pantailak (Bonberenea Ekintzak) da horren emaitza: 11 kantu motz bezain azkar, Karlos Osinaga Txap-en gidaritzapean grabatutakoak.

Doinu biziak, bortitzak lantzen zituzten Arzak eta Joseba haren anaiak (bateria) Brigada Criminalekin, eta baita Xabier Lekuonak ere, Captain Nemoko abeslaria zenean. Aspalditik zuten elkarrekin zerbait egiteko gogoa. Duela lau urte hasi ziren geratzen Lazkaon, eta Josu Errasti batu zitzaien, Captain Nemoko gitarristetako bat. «Arratsalde-pasa» hasi ziren, eta gustuko taldeen abestien bertsioak jotzen zituzten. Sham 69renak, Motorheadenak, The Damnedenak, The Saintsenak...

Baina ari ziren, gainera, abesti propioak konposatzen, eta arian-arian disko bat ontzea bururatu zitzaien. Ez zuten esperientziarik, ordea, kantuak sortzeko orduan. Izan ere, aritu izan ziren taldeetan ez ziren arlo horretaz arduratzen. «Errastiren eta nire artean egin ditugu abestiak». Ezagutzen duten bide baterantz eraman dute taldearen soinua. «Ez zaigu genero batera mugatzea gustatzen, baina horrela atera zaigu. Dena den, power popa ere, adibidez, gogoko dugu».

Hitzak osatzerakoan, «eguneroko gaiei» heldu die Lekuona abeslariak, eta mintzo da, amorruz eta zuzen, atez ateko zabor bilketak eragindako polemikaz, Eliza katolikoaren moralaren inposaketaz, kontrol sozialaz... Eta baita pantailek gizakiarengan sortutako menpekotasunaz ere. Hortik diskoaren izenburua.

Ladislaok lantzen dituen doinuen gisakoek tokia galdu dute euskaraz kantatutako musikaren esparruan. «Nabari da, bai». Arzak pentsatzen du Euskal Herrian boladan daudela ska eta trikiti doinuak uztartzen dituzten taldeak, «tronpeteroagoak». Baina iruditzen zaio ateratzen direla oraindik ere punk-rock taldeak; Citizen Kane, esaterako. «Energia asko dute zuzenean».

Horretan ahalegintzen dira Ladislaokoak ere. Badakite, gainera, genero horretako musikazaleak fidelak direla. «Publikoarekin berotasuna bilatzen baduzu, jendeak ondo pasatzen du». Ostiralean Bermeoko Beleza Malandran joko dute (Bizkaia); larunbatean, Etxarriko gaztetxean (Nafarroa); hilaren 19an, Arrasateko gaztetxean, Berri Txarrak-en aurretik (Gipuzkoa); eta 21ean, Ziburuko La Kofiterian (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.