Kultur agendan literaturari pisua eman, eta irakurraldiak zein idazleen solasaldiak Literaktum jaialdiko egunetara murriztu ez daitezen, Literaktum Topaketak izeneko programa jarri dute martxan haren antolatzaileek. Maiatzaren 27an izango da egitasmoaren barruko lehen saioa, Donostiako Okendo kultur etxean, eta Najat El Hachmi idazlearen obra izango dute hizpide. Bertan izango da egilea, Txani Rodriguez kazetari eta idazleak lagunduta, 19:00etatik aurrera.
Marokon jaio zen El Hachmi, 1979an. 8 urte zituenean Vicera (Herrialde Katalanak) lekualdatu zen familiarekin, eta bertan bizi da ordutik. Arabiar Filologia ikasketak egin zituen, eta feminismoak eta islamak eragin handia izan dute haren lanetan. Horren erakusgarri izan zen 2004an eman zuen Jo també sóc catalana lehen eleberria, eta oihartzun nabarmena lortu dute ondoren plazaratutako lanek ere: L'últim patriarca (2008) —Jexuxmari Zalakainek euskarara ekarria—, La caçadora de cossos (2011) eta Mare de llet i mel (2018), besteak beste. Aurten, Nadal saria irabazi du idatzi duen azken eleberriarekin: El lunes nos querrán.
Ekitaldirako sarrerak gonbidapen bidez lortu ahalko dira, eta saioaren bezperan jarriko dituzte eskuragai. Horretaz gain, iaz bertan behera utzi beharra izan ostean, urte amaieran itzuliko da Literaktum jaialdia hirira: azaroaren 8tik 21era.