Narrazioen narrazio bat

Mikel Martinezek eta Sandra Fernandez Agirrek 'Alderray' obra estreinatuko dute martxoaren 9an eta 10ean, Bilboko Arriagan. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du.

Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Agirre aktoreak, atzo, Alderray antzezlanaren entseguan. OSKAR MATXIN / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Txano arrosa bat buruan jarrita daukala azaldu da Mikel Martinez aktorea Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia gunean. Bizar zuri faltsua ondo kokatu, eta belaunetaraino iristen zaion beroki luze bat jantzi du ondoren: pertsonaian sartuta dago bete-betean. Agertokian, berriz, ezker-eskuin dabil Sandra Fernandez Agirre. Testu zatiei azken errepasoa ematen ari da, buruz, eta, hitz solte batzuk ahoz goran oihukatzen dituen bitartean, ahotsa garbitzeko ariketak egiten ditu tarteka. Handik minutu gutxira azaldu da agertoki aurrean Patxo Telleria obraren egile eta zuzendaria ere, eta, hasteko agindua ematearekin batera, beren lekua hartu dute bi aktoreek. Hasi da saioa. «Ze gutxi ezagutzen nauzun, morroia», abiatu da Martinez. «Ai, barkatu!», dio jarraian. Begiak itxi, eta akatsik egin gabe errepikatu dute segidan eszena osoa bi aktoreek. Hilabete eskas falta da Tartean konpainiak Alderray antzezlana jendaurrean aurkezteko, eta, orain, obrari azken ukituak ematen dabiltza. Martxoaren 9an eta 10ean izango da estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian.

Telleriak idatzi eta zuzendu du obra, eta, haren hitzetan, «narrazioaren gorazarre bat» da antzezlana. Istorio kontalari bat izango da obrako protagonista, eta ofizioa ikasteko gogoz dagoen neska bat izango du alboan, morroia. «Istorioak kontatzea eta horiek entzutea betidanik egon izan da errotuta gure gizartean, eta halako pertsonaia bat omendu nahi izan dugu», kontatu du.

Mikel Martinezek jokatuko du Alderray protagonistaren rola, eta izaera txarreko gizon gisa deskribatu du pertsonaia: «Zahartuta nago. Indarra eta kemena galdu ditut: ez dut istorio berririk aurkitzen, ez dut pertsonaia interesgarririk sumatzen...». Pertsonaia berezien bila eman du bizitza osoa protagonistak; haren «pasioa» izan da, baina, egilearen hitzetan, bere bizitza alde batera uztea ekarri dio horrek: «Bizitza kontatzeko grinagatik, protagonistak uko egingo dio bere bizitza propioari».

Morroiaren ustekabeko etorrerak, baina, zerbait hautsiko du Alderrayren barrenean: azkenaldian ametsetan agertzen zaion pertsonaia aurkitu nahi du; harekin «obsesionatzen» ari da. «Alderrayk dio narratzailea ezin dela inolaz ere istorioan inplikatu, baina morroiak beste ikuspuntu bat izango du: istorioek norbere bizitza islatu behar dutela dio», azaldu du Telleriak.

Emakume ausart gisa deskribatu du bere pertsonaia Fernandez Agirrek, morroia: «Nire pertsonaiak txikitatik entzun izan ditu Alderrayren narrazioak, eta sakonki hunkitu zuten umetan. Energia handia duen neska gazte bat dela dirudien arren, haren barnean iluntasuna ere badagoela ikusiko da; rol interesgarria da».

«Autofikzioa». Hitz hori aipatu du morroiak eszenetako batean, eta, aurka eginez, hala erantzun dio istorio kontalariak: «Nik ez dut psikoterapiarik egiten: nik egiazko pertsonaiak ehizatzen ditut. Biluztu zaitez zu, horren terapeutikoa bada». Pixkanaka, kontakizun batetik bestera, garatuz joango dira pertsonaien arteko harremanak, eta, bide beretik, istorio bakoitza ere «gero eta pertsonalagoa» bihurtuko da. «Sarritan beldurra ematen du zeure barrura begiratzeak, baina, antzezlanaren bitartez, horretara iritsiko gara», azaldu du zuzendariak.

Kontakizun bakoitzean, gainera, musikak leku handia hartuko du. Eta, haren bitartez, ikusleak kontakizunean sartzeko aukera izango du. Besteak beste, intriga, tristura, misterioa eta halako emozioak tartekatuko dira askotariko doinuen bitartez.

Sentimenduak azaleratzen

Guztira, hamar istorio laburrek osatuko dute antzezlana. «Narrazioen joko bat da, eta horiekin hamar piezako puzzle bat osatuko da», laburbildu du Telleriak. Askotariko generoak eta gaiak landuko dira, sozialak, politikoak, eta, egilearen hitzetan, horrek egingo du, neurri batean, interesgarri, baita generoak uztartzeak ere: «Normalean, komediaren esparruan mugitzen gara gehienbat, baina, kasu honetan, beste estilo bat hautatu dugu, dramatik hurbilago». Hala, emozioen ugaritasuna nabarmendu du Martinezek ere: «Gizartean pil-pilean dauden gaietako batzuk landuko ditugunez, hainbat sentimendutatik igaroko gara, eta horietako bakoitza ikusleari transmititzen saiatuko: guk sentituz ikusleari sentiaraztea da erronka nagusia». Hala ere, ikusleak antzemango du antzekotasunik antzerkilariek orain arte egindako lanekin. «Batez ere, hitzaren pisuagatik», nabarmendu du Telleriak.

Oraindik ere eszenografia ez daukate guztiz osatuta. «Zehaztasun batzuk falta dira, baina denboraz gabiltza», dio zuzendariak. Bilboko emanaldi bikoitzaren ondotik, beste hainbat dituzte lotuta dagoeneko; besteak beste, martxoaren 18an Leioan (Bizkaia) izango dira; apirilaren 7an, Santurtzin (Bizkaia); apirilaren 27an, Iruñean; maiatzaren 13an, Basaurin (Bizkaia); eta maiatzaren 20an, Gernikan (Bizkaia). Hortik aurrerako emanaldiak, berriz, urritik aurrera izango dira.

Ikuskizuna jendaurrean aurkezteko gogoz daudela nabarmendu dute bi aktoreek, estreinaldirako egunak zenbatzen ari direla dagoeneko: «Entseguak politak dira, baina, aldi berean, oso nekagarriak. Oholtzara igotzen garen bakoitzean esperientzia berriak izaten ditugu, eta, zalantzarik gabe, dena emateko prest gaude».

Prentsakoekiko lanak amaitutzat jota, entseatzen geratu dira bi aktoreak, Telleriaren begiradapean. Entsegu saioaren ondoren «nolabaiteko atseden bat» hartuko dutela kontatu du Fernandez Agirrek; nahiz eta, estreinaldia heldu arte, norberak bere kasa bere pertsonaia fintzen segituko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.