«Nire lan egiteko modua oso intuitiboa da». Natalia Suarez Ortiz de Zarate artista mintzo da. Lan egiteko modua aski ondo definitua du, eta horixe bera islatu du bere azken erakusketan: Eszena iluna. Bera esna. Hala, zazpi pintura handiz eta 32 marrazki txikiz jantzi dute Donostiako San Telmo museoko Laborategia aretoa. Martxoaren 1a bitarte egongo da ikusgai, eta sarrera doakoa da.
Urtebetez etxean itxi da Suarez, eta horren emaitza izan da aurkeztu berri duen erakusketa. Begia proiektuan jarrita egin ditu lan guztiak; «osotasun batean pentsatuz». Marrazkiekin hasi zen lehen zirriborroak egiten: «Abiadura bat ematen didate, eta denbora gutxian asko sor ditzaket». Sortutako marrazki horien guztien artetik «indarra» dutenak aukeratzen ditu gero, horiek pinturara eramateko. «Marrazki bat hartzen dut, eta aurretik prestatua dudan atzealde baten gainean jartzen dut [akrilikoarekin eta espraiarekin egindakoa]. Gero marrazkia kopiatzen dut, eta inprobisazio eta esperimentazio lan bat hasten da hortik, ikusteko nola sostengatu dezakedan marrazki hori pinturarekin».
Marrazkiak mihiseen gainean jarrita «beste forma batzuk» agertzen direla azaldu du, baita «desbideratze asko» ere: «Ni zabalik nago irudia aldatzera, baina bai saiatzen naiz hasierako marrazki hori mantentzen. Eta errepikatu ere egiten dira». Aitortu du, esaterako, pintura bat bukatu zuenean asko gustatu zitzaiola agertutakoa, eta, beraz, buelta eman ziola figurari, eta beste pintura batean erabili gero.
«Alde batetik, figurak daude; eta, bestetik, egitura sendoago batzuk, figura horiei eusten dietenak. Marrazkien arintasuna pinturan sostengatzeko modu bat da»
NATALIA SUAREZ ORTIZ DE ZARATE Artista
Horrexegatik hain justu, pintura eta marrazkia maila berean jarri ditu artistak: «Nik marrazkian topatzen dut beti freskotasuna, eta uste dut pintura hauetan ere egon dela marrazkien energia hori». Bien arteko nahasketaren ondorioz, bi mundu daudela iruditzen zaio: «Alde batetik, figurak daude; eta, bestetik, egitura sendoago batzuk, figura horiei eusten dietenak. Marrazkien arintasuna pinturan sostengatzeko modu bat da».

Marrazkiak eta pinturak ikustean, bat baino gehiago jabetuko da badagoela behin eta berriz errepikatzen den figura bat. Artistak argitu du ez dagoela nahita eginda: «Ez dut istorio zehatzik kontatu nahi izan; ikuslearen esku utzi nahi izan dut hori, [interpretazioa] irekita uztea gustatzen baitzait. Koadro batek hurrengora eramango du ikuslea». Eta horixe bera gertatu zitzaion Suarezi margotzeko garaian ere: «Iruditzen zait koadro batek galdera batzuk uzten dizkidala; beraz, hurrengo koadroan galdera horiek erantzuten saiatzen naiz; hor agertzen dira beste batzuk, eta horrela pasatzen naiz batetik bestera». Horrek definitzen du haren lan modu «intuitiboa».
Beste hainbat objektu
Koadroez eta marrazkiez gain, badaude erakusketa osatzen duten beste hainbat objektu. Horietako bat da katalogoa. Adrian Romero diseinatzailearekin, Nadia Barkateren testuekin, eta Lander Ibarretxeren eta Mikel Godoyren marrazkiekin osatu du: «Lan kolektibo oso polita izan da. Objektu bezala ulertu eta sortu dut katalogoa, erakusketari beste pisu bat ematen diona».
Koadro bakoitzaren izenburuak ere badu xarma berezi bat, artistarentzat «beste espazio batzuk» baitira, katalogoa bezala: «Harremana izan dezakete ikusten ari zaren irudiarekin edo ez. Ate ireki batzuk dira, ikusleak berak erlaziona ditzan. Irekiak eta iradokitzaileak». Erakusketaren izena nondik otu zitzaion ere azaldu du: «Lehen aipatu dut narrazioaren iradokizuna. Horretan oinarrituta, Eszena iluna. Bera esna izenburua gustatu zitzaidan; izan ere, antzerki baten gidoiaren zerbait zuela iradoki zidan, gertatuko den akzio bat bezala. Errepikatzen den pertsonaia bat dagoenez, hori azpimarratu nahi nuen, eta fikzioaren iradokizun hori utzi».
Suarez Ortiz de Zarateren erakusketa Artea abian egitasmoko seigarren edizioaren parte da. 2019an jarri zuten abian Kutxa fundazioak eta San Telmo museoak, «garapen fasean dauden artistei bultzada eta babesa eskaintzeko», Ana Lopez Donostiako Kultura zinegotzi delegatuak azaldu duenez. Azpimarratu du, besteak beste, Suarezen lana «oso berritzailea» eta «indartsua» dela.