Natxo Leuzak irabazi du Euskal Zine Bilerako sari nagusia

Bi sari jaso ditu zinemagileak Lekeition 'N'Diawaldy Bouly' dokumentalarekin: film onenarena eta ekoizpen onenarena

Natxo Leuza zuzendaria, atzo, Lekeitioko Euskal Zine Bileran Urrezko Antzara jasotzen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Mauritaniako N'Diawaldy Bouly herriaren egunerokoan jarri du begia Natxo Leuza zinemagileak, eta, herritarren mixeriez gain, beren bizipoza ere erakusten asmatzeagatik jaso du Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sari nagusia. Epaimahaiaren ustez, Leuzaren lana izan da jaialdiko lan profesionalik onena, eta 1.900 euroko saria eta Urrezko Antzara jaso ditu horregatik. Ekoizpen profesionalik onenaren saria ere jaso du, gainera, baita hari dagozkion 1.600 euroak ere. Lan amateurren artean, Koldo Garcia eta Maite Bidart zuzendarien Karta Astrala izan da jaialdiko filmik onena,epaimahaiaren ustez. Atzo banatu zituzten sariak herriko Ikusgarri aretoan egindako itxiera ekitaldian, eta Kontxu Odriozola aktoreari azken omenaldia ere egin zioten.

Jorge Gil Munarriz zinemagileak jaso du zuzendari profesional onenaren saria, Xinta dantza film laburragatik. 1.600 euroko saria jaso du horregatik, baita Zilarrezko Antzara ere. Zinta dantza euskal dantza tradizionala eta haren estetika du abiapuntu film fantastikoak, eta argazkirik onenaren saria ere jaso du horri esker, beste 1.600 euroko sariarekin.

Film bilakatutako koplak

Bi sari jaso ditu Begoña Vicario zinemagilearen Beti bezperako koplak filmak ere. Maialen Lujanbio bertsolariak idatzitako bortizkeria matxistari buruzko kopla sorta bat du oinarri filmak, eta gidoirik onenaren saria jaso du Vicariok bertso horiek zinemara moldatzeko egindako lanagatik. Genero ikuspegia hobekien lantzen duen filma saritzen duen Antzara Morea saria ere jaso du. 1.600 eta 500 euro jaso ditu sari bakoitzagatik, hurrenez hurren.

Alor amateurrean, Joxean Coya Ayudan zinemagilearen Korronteari aurre. Euskal baleazaleak Islandian filmak jaso du ekoizpen onenaren saria. Karta Astrala filmagatik jaso dute gidoirik onenenarena Koldo Garciak eta Maite Bidartek, eta argazki onenaren saria Sergei Soberak jaso du Euphoria lanagatik. Bestalde, Eneko Zuberogoitiak jaso du Gazte 22 saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.