Azken bi urteetan jaialdiak izandako arrakastaren fruitua da hirugarren aldi hau, eta berritasunez beteta dator. Miramar jauregiko lorategia izango da festibaleko eszenatoki nagusia, baina ez da eszenatoki bakarra izango. Dabadaban ez ezik, aurten Easo plazan ere kontzertuez gozatu ahal izango da, larunbatean eta igandean, doan.Â
Dabadabak eta Gin Musica etxeak antolatzen dute Boga Boga jaialdia, eta oraingo honetan denetariko musika estiloak entzuteko aukera egongo da: soula, rocka, hip-hopa, musika elektronikoa, pop garaikidea... Azuleja artista katalanak emango dio hasiera festibalari, Miramar jauregian, eta Saguxar izenez ezagutzen den Ane Segurola abeslari gipuzkoarrak hartuko dio lekukoa Ezkutuko Antzokian. Deadletter, Le Parody, Leon Benavente eta Jacques taldeek joko dute ondoren. Ostirala amaitzeko, gaua girotuko dute Adrien Body, Bitter Babe eta La niña Jacaranda artistek, Dabadaban.Â
Larunbatean Easo plazako eszenatokian hasiko da jaialdia; Baron Roskow & La Momia Acustica taldeak arituko dira, eta, ondoren, Zilibito. Tropicaza kolektibo donostiarra ere ariko da oholtzan; disko musika, funka eta musika elektronikoa nahasten dituzte. Horiez gain, Aimarz abeslari goierritarra eta Xenia artistak ere izango dira bertan. Miramarren jarraituko du musikak, artista euskaldunen eskutik. Kokoshca talde nafarra, Eneritz Furyak irundarra —Ezkutuko Antzokian egingo du emanaldia— eta Ke Lepo gipuzkoarra eta Felix Buff izango dira oholtza gainean. Nazioarteko artistak ere izango dira bertan: Henge, Gotts Street Park eta Christian Loffler. Musikak Dabadaban emango dio amaiera egunari, Elena Barker b2b beltranz, Mama Snake eta Lucient musikarien eskutik.Â
Asteburu musikatuari amaiera emateko, Mikosis taldea izango da Eason; lau neskez osaturikoa da: Garazi (bateria), Carla (baxua), Maite (ahotsa) eta Ane Mei (gitarra). Naxker taldea arituko da haren ostean, post-punk doinuak ekarriko dituzte, eta Tropicazak berriro girotuko du plaza. Segidan, musika elektronikoa jarriko dute Egia auzoko Lorea, Oiane eta Nahikari artistek, Putas Amak taldeko kideek. Jarraian, Kilikik elektronikan murgilduko du jendea, eta Tatxers taldeak emango die amaiera Easo plazako doako kontzertuei. Jaialdia Loscil eta Patricia Wolf musikariek itxiko dute, Dabadaban.Â
Kartelik «nazioartekoena»
Jaialdiko antolatzaileek azaldu dutenez, hirugarren edizio honek orain arteko kartelik «nazioartekoena» izango du. Besteak beste, Gotts Street Park talde britainarrak bisitatuko du Donostia. Tell Me Why eta Got to Be Good abesti ezagunek 50 milioi entzunalditik gora lortu dituzte, eta horiek entzuteko aukera izango da larunbatean, Miramar jauregian. Soularen, hip-hoparen eta ekoizpen analogikoaren arteko nahasketa «sofistikatuari esker», taldeak nazioartean leku nabarmena lortu duela diote antolatzaileek.Â
Christian Loffler alemaniarrak zuzeneko «hipnotiko» bat egingo du, eta Jacques musikariak, berriz, esperientzia sentsorial bat egingo duela azaldu dute, «ohiko soinuetatik eta denbora errealeko manipulazioetatik abiatuta sortutako zeharkako bere teknoarekin». Gainera, Henge britainiar taldeak ikuskizun «sailkaezin» eta «eldarniozko» bat emango du, rock psikodelikoaren eta galaxiarteko teknoaren arteko musikaren bidez.Â
Askotariko guneak
Aurtengo denboraldiko berritasuna zera da, Miramar jauregiko eta Dabadabako kontzertuez gain, Easo Plazan doako kontzertuez gozatzeko aukera izango dela. Larunbatean eta igandean izango da hori, eta antolatzaileen hitzetan «jaialdiak indarra hartzen ari den musikaren, tokiko eszenaren eta jai formatuen aldeko apustua egiten du». Doako hamabi emanalditik gora izango dira, 12:00etatik 18:00etara.
Gune berezien zerrendan sartzen da Ezkutuko Antzokia, Miramar jauregi barruan dagoen txokorik «intimoena», antolatzaileen hitzetan. Bertan, Saguxar eta Eneritz Furyak musikariak publikoarekin «emozionalki konektatzeko» pentsatutako formatuan arituko dira. «Abestien sentsibilitatea nabarmentzen duen hurbileko formatu batean arituko dira. Proposamen delikatu eta pertsonalez gozatzeko aukera berezia izango da», adierazi dute antolatzaileek.Â
Bestalde, Easo plazan bertan, Mercadabadillo azoka jarriko dute, eta helburua da «jaialdiaren jai giroa eta Easo plazara Euskotreneko geltokitik iritsiko diren estropada zaleak fusionatzea».Â