Neba filosofoa

Agus Perez.
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Antzerkia

'Almuerzo en casa de los Wittgenstein'

Zuzendaritza: Josep Maria Mestres. Antzezleak: Angels Bassas, Carmen Machi eta Mingo Rafols. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna:Otsailak 24.

Etxeko jangela handian daude Voss-en bi arrebak, arbaso aberatsen erretratuez eta altzari astunez inguratuta. Dene arreba nagusiak bazkari oparoa prestatu dio Steinhoff eroetxetik irten berria den nebari, eta Ritter gazteak zigarroak erretzen ditu, bere betiko eszeptizismoan murgilduta. Voss, ordea, bigarren zatian agertuko da, eta horrek parada emango die arrebei beren arteko hainbat kontu azaleratzeko, eta ikusleei neba filosofoaren izaera neurotikoaz jabetzeko.

Thomas Bernhard austriarra XX. mendeko alemanezko literaturaren figura berezienetariko bat da, eta Austriarekin zuen gorroto-amodiozko harremanak eta muturreko sentiberatasunak bere bizitzaren arlo guztiak markatu zituzten. Bizitzaren gainean zeukan ikuspegi gupidagabeak bultzatuta, edonor eta edozeren kontrako kritikak plazaratu zituen, eta zintzotasun horrek gizarte burgesaren arbuio gogorra ekarri zion.

Lan honetan, aldiz, fronte guztien kontra egiteko joera hura murriztu zuen egileak, eta familia barruko harreman ustelduak aztertzeari ekin zion, pertsonaia bakoitzari bere nortasun konplexua emanez. Bide horretatik, jakina, nolabaiteko interesa lortu du balizko argumentu geldo eta trinkoak baina, hala ere, Bernhardek bere ohiko estilo minimalistari eutsi zion, diskurtsoan etengabe atzera eta zertxobait aurrera eginez, ideiak obsesiboki errepikatuz eta haien artean karga handiko mezu laburrak tartekatuz.

Bartzelonatik etorri den ekoizpen honek luxu handiko eszenografia ekarri du —apur bat estua Arriagako eszena-ahorako— eta luxuzko hiru aktoreek ere sendotasun osoz defendatu dute testua eta erabateko sinesgarritasuna eman diete pertsonaiei. Kontua da, ordea, lehen zatiarekin nahikoa eta sobera zela, eta bigarren zatian nabaria izan dela besaulki patioan gertatutako ikusle ihesaldia. Zortekoak haiek!, zeren eta hirugarren zatiak ez dio ekarpen berezirik egiten ia hiru orduko lanari, eta burgesia zaharraren gainbehera irudikatzera mugatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.