Zinema estreinaldiak

Neguari aurre eginez

Zoljargal Purevdash zinemagile mongoliarraren lehen lan luzea da 'Baavgai Bolohson'. Mongoliako negu hotzean anai-arrebak zaindu behar dituen eta etorkizun askeago baten alde borrokatu behar duen mutiko bati buruzko kontakizuna da.

Zoljargal Purevdash zinemagile mongoliarraren 'Baavgai Bolohson' filmeko irudi bat.
Zoljargal Purevdash zinemagile mongoliarraren 'Baavgai Bolohson' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko maiatzaren 28a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ulzii, 15 urteko gaztetxo bat, Ulan Batorren bizi da amarekin eta hiru anai-arrebarekin, jurta batean. Aitarekin joan ziren landatik hirira bizitzera, lan eta bizitza hobeen bila, baina, handik gutxira, gizona hil egin zen, eta ordutik aurrera emazteak zuen lau seme-alabak aurrera ateratzeko ardura. Ulzii mutiko azkarra da, eta matematikan eta fisikan bereziki trebea. Irakasle batek bultzatuta, lehiaketa baterako prestatzen ari da; izan ere, saria estatuko eskola onenetako batean ikasi ahal izateko beka bat da. Ama, ordea, landa eremura itzuliko da lan bila, eta Ulziiren ardurapean utziko ditu bere anai-arreba gazteak. Mutikoak etorkizun hobe baten alde borrokatu beharko du, Mongoliako negu hotzean familia zaintzen duen bitartean. 

Zoljargal Purevdash zinemagile mongoliarrak sari ugari jaso zituen 2020an estreinatu zuen Stairs lan laburrari esker. Hura ere Ulan Batorren kokatu zuen, eta eguneroko bizitzan gizon elbarri batek gainditu behar dituen oztopoei buruzko kontakizuna da. Baavgai Bolohson bere lehen film luzea da, eta Cannesko jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztutako lehen film mongoliarra izan da. 

Purevdashek 14 urte zituen bere gurasoak banandu eta amarekin Ulan Batorreko jurten auzora bizitzera joan zenean. Amak denda bat zuen auzoan; bertan, bizilagunekin harremanetan jartzen hasi ziren, eta haien kezkak eta ametsak ezagutzen. Jurtetan ez dago urik, ezta berogailu sistemarik ere. Azken 20 urteetan asko zabaldu dira, nomadek hirira migratu baitute, eta, gaur egun, hiriaren azaleraren %60 hartzen dute. Neguak hotzak dira bertan, eta ikatzaren bidez berotzen dira biztanleak. Hori dela eta, Ulan Bator munduko hiri kutsatuenetako bat da. 2006. urtean kutsadura horrek pertsonen osasunean zuen eragina azaltzen zuten dokumentu batzuk publikatu ziren, eta manifestazio ugari antolatu ziren jurtetako biztanleei horren ardura egozteko. Zinemagile gazteak asko sufritu zuen egoera hura ikusita, eta izugarri tristatu zuten bizirik irauten saiatzen ari den jendearen aurkako jarrera horiek. Auzoko bizitza eta zailtasunak erakutsiko zituen film bat egitea erabaki zuen orduan. 

Baavgai Bolohson filmean istorio ezagun bat kontatzen du: pobreziatik ateratzeko aukera duen gazte argiarena. Zuzendariak, ordea, ez dio lekurik uzten sentimentalismoari, eta, erakusten duen errealitatea gordina izanik ere, errespetuz erretratatzen ditu pertsonaiak, detaile txikien zoriontasunean arreta jarrita. Aurrerapenaren eta tradizioaren artean bizi den gizarte batean, familia zaintzearen eta etorkizun askeago baten artean erabaki beharko du Ulzii gazteak, neguari aurre egin ostean. 

'Baavgai Bolohson / If only I could hibernate'

Zuzendaria: Zoljargal Purevdash. Gidoilaria: Zoljargal Purevdash. Aktoreak: Battsooj Uurtsaikh, Tuguldur Batsaikhan, Nominjiguur Tsend, Batmandakh Batchuluun. Argazkia: Davaanyam Delgerjargal. Musika: Johanni Curtet. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 99 min. Herrialdea: Mongolia. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17479947216685) \'The Phoenician Scheme\'
'The Phoenician Scheme' filmaren irudi bat.

'The Phoenician Scheme'  

Zuzendaria: Wes Anderson. Gidoilariak: Wes Anderson, Roman Coppola. Aktoreak: Benicio del Toro, Tom Hanks, Mia Threapleton, Michael Cera. Argazkia: Bruno Delbonnel. Generoa: Komedia. Urtea: 2025. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Familia enpresa batean aitaren eta alabaren artean sortzen den tentsioak eragindako espioitza istorio bat ondu du Wes Andersonek.

'El Jockey'

Zuzendaria: Luis Ortega. Gidoilariak: Luis Ortega, Fabian Casas, Rodolfo Palacios. Aktoreak: Nahuel Perez Biscayart, Ursula Corbero, Daniel Gimenez Cacho. Argazkia: Timo Salminen. Generoa: Thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 97 min. Herrialdea: Argentina.

Remo Manfredini jockey mitikoa da, baina bere portaera autosuntsitzaileak arriskuan jarriko ditu bere talentua eta Abril neska lagunarekin duen harremana. Bere ibilbideko lasterketa garrantzitsuenean, zeinetan Sirena bere nagusi mafiosoarekin dituen zorrak kitatuko dituen, istripu larria izango du. Ospitaletik ihes egin, eta Buenos Airesko kaleetan zehar ibiliko da, bere nortasunetik aske, eta benetan nor izateko jaio den deskubritzen hasiko da. 

'The Damned'

Zuzendaria: Roberto Minervini. Gidoilaria: Roberto Minervini. Aktoreak: Jeremiah Knupp, Cuyler Ballenger, Rene W. Solomon. Argazkia: Carlos Alfonso Corral. Urtea: 2024. Iraupena: 89 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

1862ko negua. Sezesio Gerra betean, Ameriketako Estatu Batuetako armadak boluntarioz osatutako soldadu konpainia bat bidaliko du Mendebaldeko lurraldeetara, esploratu gabeko mugako lurrak patruilatzeko helburuz. Beren misioa norabidez aldatzen doan heinean, beren konpromisoa kolokan jarriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.