Neil Young Miarritzeko Big Festival jaialdian izango da uztailaren 18an

Duela lau urte, Donostian izan zen, eta orduan bezala, Crazy Horse taldearekin ariko da oraingoan ere

mikel lizarralde
2013ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Neil Young Miarritzeko Big Festival jaialdian izango da uztailaren 18an. Antolatzaileek ez dute albistea iragarri behar izan ere, musikari kanadarrak bere webgunean aurreratu baititu martxotik uztailera bitartean egingo dituen kontzertuak, eta hor azaltzen da Miarritzeko eguna zehaztua. Baita Big Festivalen barruan izango dela ere. Oraingoz, Euskal Herrian lotua duen kontzertu bakarra da Lapurdin eskainiko duena, eta Crazy Horse taldearekin izango da jotzen, bere lanik elektrikoenetan lagun izan duen hirukotearekin.

Neil Youngek 45 urteko ibilbidean Euskal Herrira egin dituen bisitak urriak izan dira, oso urriak. Azkenekoz, 2009eko maiatzean izan zen, Donostiako Belodromoan; orduan ere, Crazy Horserekin. Fork in the Road diskoa aurkeztera zetorren, baina bere kantu klasikoetara jo zuen sarritan, eta 64 urterekin sasoiko zegoela erakutsi zuen. Kontzertu soil eta oso arrakastatsua izan zen. Oso atzeraeginda, 1987an ere Euskal Herrian izan zen jotzen musikari kanadarra. Bilboko Casillan jo zuen, baina garai haietan, haren diskoak nahiko oharkabean igarotzen ziren, eta artean bizpahiru urte falta ziren 90eko hamarkada- ren hasieran izango zuen berpizterako.

Bukatu berri den urtean, bi disko argitaratu ditu Youngek, biak ala biak Crazy Horserekin grabatuak: Americana eta Psychedelic Pill. Lehenengoan, Poncho Sampedro, Billy Talbot eta Ralph Molinarekin, AEBetako kantu tradizional oso ezagunak formatu elektrikoan grabatu zituen kantariak: Oh Susannah, This Land is Your Land, Wayfarin' Stranger... Psychedelic Pill, berriz, Youngek estudioan inoiz grabatu duen diskorik luzeena da. 27 minutuko kantu bat du, eta ia 17ko beste bi, Youngek eta Crazy Horsek beren soinuan hain ohikoak diren zamalkaldientzako egokiak.

Youngek ez dio inoiz utzi diskoak grabatzeari, eta azkeneko urteotan ia urtero-urtero kaleratu du bat edo beste; 2009tik hona, Fork in the road, Le Noise, Americana eta Psychedelic Pill.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.