Sariaren diru kopuruak ez ezik, sariketaren ibilbideak ere egiten du esanguratsu Kutxa Fundazioa Literatura Saria. Kutxa fundazioak antolatzen du sariketa, antzerki lanak eta ipuin bildumak saritzen ditu, eta 58. aldia dute aurtengoa. Egunotan jakinarazi dituzte irabazleen izenak. Nerea Arrienek lortu du euskarazko kontakizun sortarik onenaren saria, Bazterreko batzuk lanarengatik, eta Jon Gerediagak eskuratu du euskarazko antzerkiari dagokiona, Kontuz, Ikaro! obragatik. 15.000 euro jasoko ditu haietako bakoitzak, eta argitara emango dituzte haien lanak ere. Epaimahaiak aipamen berezia egin dio, bestetik, Aitor Oñate idazlearen Tractatvs de familiis eta aliis pestibvs kontakizun bildumari.
Euskarazko kontakizunaren alorrean, Jon Kortazar, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi izan dira epaimahaiko kideak. Eta, antzerkiari dagokionez, Ainara Gurrutxaga, Amancay Gaztañaga eta Iñaki Cid aritu dira lan horretan.
Gaztelaniaz, kontakizunik ez
Maria Goirizelaiak, Lucia Carballalek eta Alberto Conejerok osatutako epaimahaiak Ernesto Isen Río rojo lanari eman diote gaztelaniazko antzerki onenaren garaikurra. Eta eman gabe utzi dute gaztelaniazko kontakizunari dagokion saria.
Mardelo Lujan, Angel Basanta eta Espido Freire izan dira epaimahaiko kideak. Adierazi dutenez, lan onak jaso dituzten arren, «kontakizun liburu bakar batek ere ez du lortzen oinarrietan ezarritako kalitate literarioaren irizpideetan eskatutako maila».