Bertsolaritza

Nerea Ibarzabalek ez du kantatuko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Irailaren 28an hasiko dira sailkapen saioak, eta abenduaren 20an egingo dute finala, Bilboko Casillan. Txapelketak egitura berria izango du, gainera, eta finalaurrekoek pisu handiagoa izango dute.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 10a
14:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Jarraikako hirugarren txapela janzteko lehiatik apartatzea erabaki du Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak. Orain artean, bitan jantzi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, 2021ean lehenengoz eta 2023an ere bai ondoren, eta, beraz, hura da egungo txapelduna, baina hurrengo txapelketan izenik ez ematea erabaki du oraingoan. Gaur aurkeztu dute 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Bilbon, eta bertan eman dute Ibarzabalen erabakiaren berri. Bertsolariak «arrazoi pertsonalak» aipatu dituela esan dute antolatzaileek, eta erabakia «errespetatu» egiten dutela adierazi. Hori izan da aurkezpeneko albistea, baina txapelketak aurten bi nobedade nagusi izango dituela ere iragarri dute. Finalaurrekoen faseari protagonismo handiagoa emango dion egitura berritua izango du sailkapenak, batetik, eta finalaren kokapena izango da beste berritasuna: izan ere, 2012az geroztik Bilbo Arenan egin dira final guztiak, baina aurtengoa Bilboko Casillan egingo dute, abenduaren 20an.

Irailaren 28an izango da txapelketako lehen saioa, Urdulizen, eta, finala ere barne hartuta, 11 saio izango ditu txapelketak, guztira. Eskuragarri dira guztietarako sarrerak, www.bertsosarrerak.euswebgunean.

«Deskansatzeko aukera ikusi dut, eta hori aprobetxatzea erabaki dut»

Nerea Ibarzabal bertsolariak Bertsoa aldizkarian eman ditu bere erabakiari buruzko azalpenak: «Bizkaikoa eta Txapelketa Nagusia tartekatuz gero, lau urtetik hirutan txapelketaren batean kantatzea tokatzen zaigu, eta horrela nabil 2016tik. Aurten, Nagusirako sailkatuta egonik, beste urtebetez deskantsatzeko aukera ikusi dut, eta hori aprobetxatzea erabaki dut». Aldizkariak gogoratu duenez, gainera, Ibarzabalek bezala, aurrez ere, erabaki hori hartu izan dute beste bertsolari batzuek ere. Txapelketa Nagusiko finalista izandako Igor Elortzak eta Unai Iturriagak, esaterako, puntu batetik aurrera Bizkaiko Txapelketan parte ez hartzea erabaki zutela aipatu dute, eta erabaki hori hartutakoa da Maialen Lujanbio ere. 2003an Gipuzkoako txapela jantzi zuenez geroztik ez baita herrialdeko txapelketan aritu. Eta, kontrara, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendik, Txapelketa Nagusirako txartela izan arren, parte hartu zuten Gipuzkoakoan, eta Amets Arzallus ere aritu zen kantuan Xilaban, Euskal Herriko txapeldun zela.

Bost saio izango ditu lehen sailkapen faseak, eta 30 bertsolarik hartuko dute parte bertan. Udaberrian Bertsotan sailkapen fasetik heldutakoak dira haien arteko 21, eta 2023ko finalaurrekoetan izandakoak dira beste bederatziak. Eneko Abasolo Abarkas bertsolariak ere bazuen sailkapena fase horretatik hasteko aukera, baina ez du izenik eman. Urdulizkoa izango da fase horretako lehen kantaldia, irailaren 28an, eta Lekeition (urriak 4), Mungian (urriak 5), Galdakaon (urriak 11) eta Getxon (urriak 12) egingo dituzte beste laurak.

Lehen fase horretatik hemezortzi bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoen faserako. Lehen bost saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Puntu horretan hasiko dute txapelketa 2023ko txapelketako zazpi finalistek ere —Aissa Intxausti, Jone Uria, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiak—. Eta, horiez gainera, lehen fasean lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da zer beste sei bertsolari sailkatuko diren.

Eta, hain zuzen ere, finalaurrekoen fasean egongo da aurtengo txapelketaren nobedade nagusietako bat, aurten bi buelta izango baititu.

Hiru saio izango ditu lehen bueltak, eta kantuan arituko diren hemezortzi bertsolarietako hamabi pasatuko dira bigarren bueltara. Lehen bueltako saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute bigarren bueltarako txartela, eta puntuazioaren arabera erabakiko dira beste bederatziak. Eta, gero, bi buelta horietan lortutako puntuazioaren batuketak erabakiko du, azkenik, zer zortzi bertsolari izango diren finalean.

Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kooordinatzaileak azaldu duenez, azken urteetan finalaurreko saioek izandako harrera beroak bultzatu ditu aldaketa hori egitera. Sailkapeneko lehen faseari saio bat gutxiago eskaini, eta finalaurrekoei bi saio gehitu dizkiete. Bertsolariei euren bertsokera erakusketako aukera handiagoa eskaini ahal izan diete horrela, eta finalaurrekoak herri gehiagotara eramateko aukera ere izan dute. «Txapelketa apur bat handitu dugu horrela», laburbildu du Zeberiok.

Zeanurin egingo dute lehen finalaurrekoa (urriak 26), Abadiñon bigarrena (azaroak 2) eta Barakaldon hirugarrena (azaroak 9). Eta bi saio baino ez ditu izango bigarren bueltak. Azaroaren 15ean izango da lehena, Bermeon, eta Markina-Xemeinen izango da bigarrena, azaroaren 22an. Eta orduan jakingo da zer zortzikote izango den finalean.

Finala Casillan egiteko erabakia «koiunturala» izan dela ere esan du Zeberiok. Zehaztu duenez, Bilbo Arenan bezala, 5.000 ikusle inguru bildu ditzake hark ere. Casillak irisgarritasun hobea duelako hartu dute erabakia, batetik, eta, bestetik, urteko sasoi horretan han errazago egin daitezkeelako muntatze eta desmuntatze lanak.

Txapelketa Nagusia

Bizkaiko txapelduna ez ezik, datorren urtean egingo den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkapena ere erabakiko du aurtengo Bizkaiako Bertsolari Txapelketak. Puntuaziorik onena jasotzen duten hamar bertsolariek izango dute txapelketa nagusian kantatzeko aukera. Edonola ere, Ibarzabalen kasuan, Bizkaiko Txapelketan izenik ez emateak ez du esan nahi Euskal Herriko txapelketan parte hartuko ez duenik, 2022ko Euskal Herriko Txapelketan finalista izan zenez gero ziurtatua baitu sailkapena.

Bizkaiko Txapelketa «egunez egun» egiten den lanaren «fruitua» eta «erakusleihoa» dela esan du Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Azaldu duenez, bertso eskoletatik hasten den oinarri-oinarrizko lanaren emaitza baita txapelketa. Baina, horrez gainera, parte hartzen duten bertsolariei euren eguneroko lana erakusteko aukera ematen diela ere gogoratu du.

Hori posible egiten duen antolakuntza taldeaz gainera, saioetan laguntzaile aritzen diren boluntarioak ere izan ditu gogoan. Eskerrak eman dizkie guztiei, bai eta txapelketaren babesle nagusi diren bi erakundeei ere: Bizkaiko Foru Aldundiari eta BBK fundazioari.

2025EKO BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

 

LEHEN FASEA

 

 

Irailak 28. Urduliz. Bertsolariak: Aitor Bizkarra, Garazi Navarro, Garikoitz Sarriugarte, Izaro Bilbao, Koldo Gezuraga, Mikel Retolaza.

 

Urriak 4. Lekeitio. Bertsolariak: Beñat Bilbao, Iker Uriarte, Iruri Altzerreka, Jone Larrinaga, Lurdes Ondaro, Txaber Altube.

 

Urriak 5. Mungia. Bertsolariak: Ander Uzelai, Imanol Uria, Josune Aramendi, Maite Sarasola, Peru Vidal, Unai Mendiburu.

 

Urriak 11. Galdakao. Bertsolariak: Araitz Katarain, Asier Galarza, Bittor Altube, Enare Muniategi, Irune Basagoiti, Paule Ixiar Loizaga.

 

Urriak 12. Getxo. Bertsolariak: Aitor Esteban, Ibai Amillategi, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Mike Goiriena, Peio Molinuevo.

 

 

FINALAURREKOAK (Lehen buelta)

 

 

Urriak 26. Zeanuri. Bertsolariak: Aissa Intxausti, Jone Uria, Oihana Bartra, Urdulizko irabazlea, puntuazioz hirugarrena eta puntuazioz seigarrena.

 

Azaroak 2. Abadiño. Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Lekeitioko irabazlea, Mungiako irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz laugarrena.

Azaroak 9. Barakaldo. Bertsolariak: Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Getxoko irabazlea, Galdakaoko irabazlea, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena.

 

FINALAURREKOAK (Bigarren buelta)

 

 

Azaroak 15. Bermeo. Bertsolariak: Zeanuriko irabazlea, Abadiñoko irabazlea, puntuazioz hirugarrena puntuazioz laugarrena, puntuazioz zazpigarrena, puntuazioz zortzigarrena.

 

Azaroak 22. Markina-Xemein. Bertsolariak: Barakaldoko irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena, puntuazioz seigarrena, puntuazioz bederatzigarrena.

 

 

FINALA

 

Abenduak 20. Bilbo. Casillan. Finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioen batuketaren araberako lehen zortzi bertsolariak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.