Gerediaga elkarteko zuzendari moduan 22 urte igaro ostean, Nerea Mujikak erabaki du zuzendaritza batzordea uztea. Hala jakinarazi zuen atzo, Gerediaga elkarteak urtero egiten duen batzar nagusian. Zuzendaritza berria eratzeko ere baliatu zuten batzarra. Aurrerantzean, Gotzon Gomez Barrenetxea izango da elkarteko zuzendaria, eta Asun Elorriaga Albizu zuzendariordea.
Mujika «hunkituta» mintzatu zen lankideen aurrean: «Pozik nago elkartean egindako lanarekin. 44 urterekin iritsi nintzen zuzendari postura, elkartea oso bestelakoa zen garai batean. Eskerrak eman nahi dizkiet elkartean aldamenean izan ditudan guztiei. Ni izan naiz Gerediagaren aurpegia azken urteetan, baina jende askok osatutako lantalde bat izan dut alboan».
Ondo ezagutzen dute elkar orain arteko zuzendariak eta haren ordezkoak. Izan ere, Mujika Gomezen irakaslea izan zen Deustuko Unibertsitatean, eta Mujikak bultzatuta sartu zen Gomez elkartean. Gainera, Gomez elkarteko zuzendaritzako kide izan da azken zortzi urteetan. Durangoko San Jose-Jesuitak ikastetxean euskara irakasle izatearekin uztartu du lan hori.
Orain arte elkarteko diruzaina izandakoak ere, Belen Bengoetxeak, elkartea uztea erabaki du. Bestalde, Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria zuzendaritzaren parte izango da hemendik aurrera.