Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren kari, New York hiriarekin lotura izan duten idazleak, zinemagileak, umoristak eta artistak batuko dira Bilbon, urriaren 9tik 20ra bitarte. Hain zuzen, AEBetako hiri horrek literaturaren, musikaren, komikiaren eta bestelako kultur adierazpenen bidez eratutako paisaia emozionala izango da jaialdiaren hamaseigarren aldiaren muina. Gonbidatuen artean, Kirmen Uribe, Jonathan Lethem eta Samanta Schweblin idazleak, Peter Kuper artista grafikoa eta Cristina Rosenvinge musikaria daude. The New Yorker aldizkaria eta Saturday Night Live saioa ere omenduko dituzte, umoreari aparteko tokia egiteaz gainera, 100 eta 50 urte bete baitituzte hurrenez hurren.
Ohiko solasaldiez gain, marrazki eta clown tailerrak, hitzaldiak, inprobisazio saioak, kontzertuak, erakusketak eta bestelakoak ere izango dira.
Arteak aparteko garrantzia izan du New Yorken, han baitaude munduko museo garrantzitsuenak. Horren harira, Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museokoaren zuzendaria eta Miguel Zugaza Arte Ederretako Museoaren zuzendaria solastatuko dira.
Ordainpeko saioak
Saio gehienak EHUren Bizkaia aretoan eta BBK Salan izango dira, baina beste bost eszenatoki ere izango ditu jaialdiak aurten: Bidebarrieta kulturgunea, Bilboko metroa, Bilborock aretoa, Espacio Jokel eta La Perrera. Aurreko urteetakoak ez bezala, aurtengo hainbat saio ordainpekoak izango dira, besteak beste Bilborocken programatutakoak.
Beste nobedaderik ere badu aurtengo aldiak: jaialdiaren antolatzaile Bilboko Barrea Literatura elkarteak kidetza sistema bat jarri du martxan.
Egitarau osoa www.jafestival.com webgunean dago.