Gasteizko 49. Jazzaldia

New Yorkeko parkeetatik Europako oholtzetara

The New Jazz Underground taldearen kontzertua, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
The New Jazz Underground taldearen kontzertua, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
2026ko uztailaren 15a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

the new jazz underground

Lekua: Europa biltzar jauregia. Eguna: uztailaren 14a.

Pandemia garaian sortutako hirukote estatubatuarrak Gasteiz bisitatu zuen; Atlantikoaren alde honetan egin duten lehenetariko kontzertua izan zen. Urte gutxian, kalean diru eske aritzetik jaialdi batzuen izen entzutetsuak izatera igaro dira. 

Kontzertua Be bop estiloan hasi bazen ere, pixkanaka berritasunak sartzen joan ziren. Intimate jazz bigarren pieza bereziarekin, haien soinu biziaren atsedena sentitu zen. Egiatan, etortzear zegoenaren preludioa zen: eszenatokian bazegoen hasieratik DJ set bat, erabilia izateko zain. Ahots sampler-ak erabili zituzten hurrengo piezarako, eta tarteka soul ukituak sumatzen ziren. Mikrofonoa hartu, eta haietaz gehiago ezagutzeko aukera eman zuten gero. Hasieran, taldea jaioterriko kaleetan ezagunak izaten saiatzen zenean, arratoiak eta kale usoak izaten omen ziren haien publiko bakarra. Gainera, taldekideek musika teoria ikasten zutenean, bi dolar balio zituzten pizzak jaten zituzten, hori baitzen egunean zehar lortzen zuten diru guztia. Hortik hartu zuten taldearen izena eta inspirazioa; New Yorkeko kaleen zirraratik eta ezinegonetatik. 

Gaueko une batean, arreta Sebastian Rios kontrabaxuan iltzatu zen. Solo batez baino osatuta ez zegoen pieza bat interpretatu zuen; ezohikoa eta freskagarria, kontrabaxua bezalako instrumentu batentzat. Memorian irauten duten une horietako bat izan zen; musikaria burumakur ari zen jotzen, eta haren gorputzak eta instrumentuaren mastak bat egiten zuten. Bere maisutasuna argi utzita, banda aurkeztu zuen Riosek. Abdias Armenteros (saxo tenorea eta ahotsa), TJ Reddick (bateria eta perkusioa) eta Rios (kontrabaxua eta DJ set-a) dira hirukoteko kideak. 

Saioaren azken atalean, hip-hopa eta bestelako influentzia urbanoak gailendu ziren. Bateria jotzaileak sekulako erritmoa jarri zuen. Armenterosen ahotsa entzun genuen amaieran lehen aldiz, eta New Yorkera crate digging-a egitera joan ginela zirudien —soul biniloen zaleek egiten dituzten soinu bilaketak dira, horien gainetik rapa kantatzeko edo rap piezetan erabiltzeko—. Bandako kideek elkar ulertzeko duten ahalmena agerian utzi eta gero, soloz beteriko beste pieza bat jo zuten. Bitxia izan zen nola musikarietako batek bere soloa egiten zuen bitartean gainerako taldekideak oholtzatik mugitzen ziren, kalean egongo balira bezala.

«Ez ditugu abesti gehiago ezagutzen», esan zuten bis-a hasi baino lehen. Amaieran, euren bereizgarria den Hard bop-a eskaini zuten, eta biniloak erostera animatu zituzten ikusleak. Bigarren lana kaleratu berri dute aurten, Hoodies izenekoa; aurretik kaleratu zuten Dying of thirst. Bi disko horien aurretik, sariak jasotzen hasi ziren 2023an, eta ez da zaila ulertzea zergatik bihurtu den hain azkar famatua hain talde gaztea; parkean etorkizun oparoa jorratu dutelako, hain zuzen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA