New Yorkeko Wildlife Conservation zinema festibaleko sail ofizialean emango dute Aralarko parke naturalari buruzko dokumentala: 'Aralar: Mundua leku den lurra'. Inguru hori sakonago ezagutzea eta haren zaintzaz sentsibilizatzea du helburu Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioak etxeak elkarlanean egindako lanak, eta iazko urrian aurkeztu zuten, Donostian.
Landarlan ingurumen elkarteko kide batzuen arteko elkarrizketa batetik atera zen ikus-entzunezko lana egiteko ideia; mundu fisikotik geroz eta aldenduago bizitzearen sentsazioa zuten, eta, Aralar leku kuttuna badute ere, planteatzen hasi ziren zenbateraino ezagutzen zuten. Gogoetaren ostean, ingurumen elkarteko Aloña Jauregi, Ion Fontenla eta Garazi Auzmendi ideia garatzen hasi ziren, eta On Produkzioak etxeko Iban Toledo ere batu zitzaien proiektura.
Irudi ikusgarriez gain, adituen hitzak biltzen ditu lanak, eta lau bloketan dago banatuta: geologia eta ur sistema, fauna eta flora, historiaurrea eta historia hurbila, eta balio immateriala eta kudeaketa.
[youtube]https://youtu.be/RI-uxPLF14g[/youtube]