Kikuyuaren alde egindako hizkuntza hautuak ezinbesteko bihurtu zuen Ngugi Wa Thiong'o idazle kenyarra afrikar literaturari buruzko ikerketa guztietan. Beste afrikar egile askok euren bizipenez eta kontakizunak ingelesez idatzi arren, liburuak ama hizkuntzan egitea erabaki zuen halako batean Thiong'ok, eta espetxean ere egon zen horren ondorioz. Eta, hain zuzen ere, erabaki horregatik, ingelesez idatzi izan duten Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazleen kontrapuntu gisa aurkeztu izan dute maiz adituek. AEBetara ihes egin ostean ere, ama hizkuntzan idazten jarraitu zuen, eta, azken urteetan, aldiro aipatzen zen haren izena Nobel sarien hautagaitzarako. Asteazkenean hil zen, 87 urte zituela, ibilbide oparoa eta lorratz sakona utzita.
1995ean Euskal Herrian izan zen, eta hizkuntzen auziaz aritu zen Egunkaria-ri eskainitako elkarrizketan ere. «Elebakartasunari darion mentalitate kolonizatzailea baztertu beharra dago». Kikuyuz idazteko erabakiari buruz ere aritu zitzaion Luis Carlos Garcia kazetariari. «Niretzat liberazioa izan zen, muga psikologikoak gainditu behar izan nituelako, ordura arte uste bainuen soilik ingelesez sortzeko eta imajinatzeko gauza nintzela. Ingelesez idaztean, batzuetan, zenbait esamolde kikuyutik hartu eta ingelesera eramaten nuen. Modu krudelean esateko: 'lapur bat' nintzen. [...] Orain jendeak bere hizkuntzan irakurriz izan dezake gertatu zitzaionaren berri».
James Ngugi izena jarri zioten 1938an, jaio zenean, eta, Kenya britainiarren kolonia izanik, ingelesez hasi zen idazten. Hain zuzen ere, lehenengo nobela, Weep Not, Child (1964), hizkuntza horretan idatzi zuen. Eleberria Kenyak independentzia lortu aurreko urteetan idatzi zuen Thiong'ok, eta kultura afrikarraren eta europarraren arteko talkak erakusten ditu, Njoroge izeneko gazte baten begietatik. Nobela 1952 eta 1956 artean dago girotua, administrazio kolonialaren aurkako altxamenduen garaian.
1960ko hamarkadan, ingelesez idazten eta argitaratzen segitu zuen. 1965ean, hain zuzen ere, The River Between kaleratu zuen, Mau Mau mugimenduaren altxamendua kontatzen zuena. Urte haietan, Leedseko (Ingalaterra) Unibertsitateko beka bat lortu zuen master bat egiteko, eta George Lamminig idazle karibetarrari buruzko tesia abiatu zuen han.
1970ean izena aldatu zuen, eta ama hizkuntzan hasi zen idazten, kikuyuz. Era berean, kultur deskolonizazioaren defendatzaile bilakatu zen. Hain zuzen ere, Nairobiko Unibertsitateko irakasle izanik, ingeles departamendua kentzearen alde borrokatu zen. Haren iritziz, kolonialismoa bukatuta, Afrikako unibertsitate batek afrikar literatura irakatsi behar zuen, baita ahozkoa ere, eta afrikar hizkuntzen «aberastasuna» kontuan izanda egin behar zuen hori.
Kikuyuz aritzea, zigortua
Ariketa literario erraldoia egin zuen Thiong'ok. Azken finean, ahozko tradizio aberatseko baina idatzizko ibilbide gutxiko hizkuntza batean idatzi zituen bere liburuak. Gainera, saiakeretan salatu izan duenez, kolonialismoaren esperientziarekin zeharo lotuta dago alfabetizazio prozesua. Berez, idazketa zapalkuntzarako txertatutako beste tresna bat izan baitzen testuinguru hartan, eta, halere, sorkuntzarako baliatu baitzuen berak.
Gerra garaiko ametsak liburuan, lehen pertsonan kontatu zituen kultur inposaketaren nondik norakoak. Eta euskararen aurka izandako jazarpenarekin oihartzun zuzena egiten du haren kontakizunak. «'Karing'a' aldian ingelesak eta kikuyu hizkuntzak baldintza berberak zituzten; gero, ordea, bertako hizkuntza erabiltzea gaitzetsita zegoen. Eskola barruan sekulako sorgin ehiza abiatu zen edozein hizkuntza afrikar hitz egiten zutenen aurka; batzuetan, zigor fisikoa ere jasaten zuten. Irakasleek metalezko plaka bat ematen zioten egun hartan edozein hizkuntza afrikarretan mintzatzen harrapatzen zuten lehen ikasleari, eta horrek arauak hausten zituen hurrengoari eman behar zion, eta horrela gainerakoek ere. Eskola egunaren amaieran, metalezko plaka zeukanak jasotzen zituen zigorkadak».
Olatz Prat itzultzaileak euskaratuta irakur daitezke euskaraz Thiong'oren haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak, Gerra garaiko ametsak. Haurtzaroko oroitzapenak liburuan. Eta bertan dator, esaterako, idazlearen kolonialismoaren zamari buruzko pasartea: «Paisaia fisiko eta sozialean gertatzen ari ziren aldaketak ez ziren ordena zentzuzko batean gertatzen ari: bata bestearen gainetik zetozen; nahiko nahaspilatsua zen dena. Baina, nolabait, une batean, hari-muturrak lotzen hasi nintzen eta gauzak gero eta argiago ikusten, gandua kenduz doanean bezala. Ikasi nuen gure lurra ez zela, berez, gure lurra; baizik eta, gure herrixka, Stanley Kahahu Jaun Agurgarria —edo Bwana Stanley, guk deitzen genion eran— izeneko Afrikako lur-jabe baten ondasunen parte zela; eta gu ahoi ginela orain, jabearen esku zeuden maizterrak, finean. Nola iritsi ginen geure lurretan ahoi izatera? Europarren esku ote zeuden orain gure lurrak? Lainoa ez zen, artean, guztiz urtua».
Txalaparta argitaletxeak argitaratutako Iraultza bertikala. Edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik libururako, epilogo mamitsua osatu zuen Laura Huergak, Rayo Verde argitaletxeko editoreak. Eta Thiong'ok kikuyuz idaztea noiz erabaki zuen ere kontatzen da bertan.
Thiong'o Nairobiko Unibertsitatean irakasle zela, emakumezko batek eskatu zion herritarrentzako antzezlan bat idazteko. Ordurako hainbat liburu bazituen ingelesez, baina orduan piztu zitzaion dilema. Antzerkia ikusiko zuten herritarrek ez zekiten ingelesez, eta, beraz, antzezlan hura izan zen kikuyuz idatzi zuen lehen lana. Erdigunea aldatzen liburuan, idazleak honela gogoratzen du ondoren gertatutakoa. «Obrak langileen gizarte baldintzak islatzen zituen, eta haien erresistentziaren historia egungo munduan. Arrakasta handia izan zuen. Obra debekatua izan zen, atxilotu egin ninduten, eta, inolako epaiketarik egin gabe, atxilotze zentro batean egon nintzen 1977ko abendutik 1978ko abendura bitartean».
Hizkuntzari buruzko gogoeta egiteko baliatu zuen zigorraldia idazleak, bai eta kikuyuzko bere lehen eleberria idazteko ere. Zailtasun asko izanik ere, espetxealdi hartan idatzi zuen eleberri hori: Caitaani mũtharaba-Inĩ' —Devil on the Cross ingelesezko bertsioan (Deabrua gurutzean)—.
Kartzelatik irtetean, AEBetan erbesteratu zen. Han bizi izan zen 1980ko hamarkadaz geroztik. Izan ere, kolonialismoaren osteko Kenyari begi oso kritikoekin begiratzen zion idazleak. Haren iritziz, klase politiko berriak «itxaropenen, ametsen eta edertasunaren heriotza» ekarri zuen.
Askotariko obra
Thiong'ok nobela ugari idatzi zituen, baina baita antzerki obrak, ipuinak, memoriak eta saiakera lanak ere. Afrikako eta Kenyako lurren tradizioa eta kultura eraman nahi izan zituen literaturara, eta afrikar hizkuntzei beren garrantzia eman behar zitzaiela uste zuen. «Hizkuntzen berdintasunean sinisten dut, eta erabat ikaratzen nau hizkuntzen arteko hierarkiak», adierazi zuen orain dela hiru urte eskas.
Haren lana ezaguna da mundu osoan, eta, horren erakusgarri, euskaraz ere irakur daitezke haren lan batzuk. Haren Negarrik ez, haurra eleberria eman zuen argitara Txalapartak 1994an. Aintzazko minutuak ipuina Aintzane Ibarzabalek euskaratu zuen, eta Bake zibila eta beste zazpi gerra ipuin bilduman azaldu zen (Susa, 1989). Iraitz Urkulok itzulita kaleratu zuen Txalapartak Iraultza bertikala edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik liburua, eta, urte berean, Ereinek eta Igelak Gerra garaiko ametsak memoria liburua atera zuten Literatura Unibertsala bilduman, Olatz Pratek euskaraturik.