Literatura

Nihilismoa, trumoi hodeiak eta aforismoak presentatu ditu Maiatz argitaletxeak

Jurgi Arrutik 'Nihilismoa eta ekintza. Etika.' obra filosofiko «postmodernoa» aurkeztu du. Bertzalde, Carmen Valoisek 2011n idatzi aforismoak karrikaratu ditu, eta Lander Zurutuzak, berriz, 21 olerkiz osatu liburua.

Carmen Valois, Lander Zurutuza eta Lucien Etxezaharreta, Baionan. BERRIA
Carmen Valois, Lander Zurutuza eta Lucien Etxezaharreta, Baionan. BERRIA
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko azaroaren 18a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrazkeneko lehen hotzek Maiatz argitaletxeko publikazio berriak iragarri ohi dituzte. Hala gertatu da aurten ere: hilabete baten buruan Durangoko Azokan aurkeztera doazen hiru argitalpen presentatu ditu Maiatz argitaletxeko editore Lucien Etxezaharretak, hiru idazleez inguraturik: Jurgi Arrutiren Nihilismoa eta ekintza. Etika; Lander Zurutuza Sunsundegiren Trumoi-hodeien pean; eta Carmen Valoisen Bizi-Aforismoak. Nonbait batzen badira hiru argitalpen horiek, «ongi bizitzeaz» egiten duten hausnarketan batzen dira, Etxezaharretaren ustez. Gogoetak dira, «bizitzaren eta ekintzaren artekoak».

Friedrich Nietzsche filosofo nihilistaren bidetik karrikaratu du Arrutik Nihilismoa eta ekintza. Etika. «Sinpleki» azaldu du zer den nihilismoa prentsaurrekoan: «Ez da ezer zerbaiten ordez. Bi aukera daude: badago zerbait ala ezer ez». Nihilismoaren diagnostiko batekin hasten da liburua, eta etikaren eta ekintzaren arteko lotura egin duela zehaztu du. Are gehiago, etika eta ekintza «modernoa» baino haratago joan da filosofoa, eta nabarmendu bere obra «postmodernoa» eta «negazio beharrik ez duen filosofia» dela. Bertzalde, azpimarratu duenez, nihilismoaz euskaraz ez da gauza anitzik idatzi, eta alde horretatik ere filosofia euskaraz egitearen aldeko ekarpena izan daiteke liburua.

«Inguruotako filosofiak guztiz modernoak diren eskemak baliatzen ditu, eta liburu honek beste gako batzuen bidez nahiko luke ulertu errealitatea eta ekintza»

JURGI ARRUTIIdazlea

Haren irudiko, gainera, etikak ez luke «denaren inguruan» jardun beharko, baizik eta den horren «nolakotasunaren inguruan», eta horixe egin du, hain zuzen ere. «Berezia da inguruotako filosofiak guztiz modernoak diren eskemak baliatzen dituela, eta liburu honek beste gako batzuen bidez nahiko luke ulertu errealitatea eta ekintza».

Gogoetak, argazkiak, bidaiak

Carmen Valois idazle zarauztarrak Bizi-Aforismoak presentatu du. Lehen-lehenik, aforismoa esplikatzeko Aritz Pardinak jaso definizioa xehatu du. «Aforismoen ezaugarri komuna da pentsamendu filosofikoa laburra eta kontzentratua izan behar dela». 2011n idatzi aforismoak dira Valoisenak, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Oihenart aforismoen lehiaketaren karietara egin zituenak. «Finalisten artean nintzen garai hartan, eta irabazi zuenarekin eta bertze batzuekin unibertsitateak liburuxka bat argitaratu zuen». Berriki, testu horiei argazki batzuk gehitu dizkio, garai hartan idatzirikoak irudiekin ilustratzeko. «Argazkilaritza tailer bat egin dut, eta, nire inguruko gauzek inspiratzen nautelako, liburuan txertatzea erabaki dut». 

«Nire bidaia propioetarik, baina batez ere bidaia liburuetarik edan dut olerkien idazteko»

LANDER ZURUTUZAIdazlea

Lander Zurutuza Sunsundegik naturaren «goraipamena» egin du Trumoi-hodeien pean liburuan. Horretarako, bidaia liburuak inspirazio iturri «handiak» izan zaizkio olerki bilduma idazteko. «Nire bidaia propioetarik, baina batez ere bidaia liburuetarik edan dut olerkien idazteko». Euskal Herriari loturiko poemak agertzen direla kontatu du, baina baita atzerrian kokatuak diren batzuk ere. Orotara, 21 olerki ageri dira liburuan, eta horien ondotik Bidasoako ostatu zaharrean deitu hiru testuz osatu pasartea idatzi du. «Pausuko Xaia ostatuan [Lapurdi] kokatzen diren hiru testu labur idatzi ditut, eta horiek hemengo istorioak argitan ematen dituzte».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA