'Aita'

Nire aitaren etxea

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Jose Maria Orbe. Gidoigileak: Jose Maria Orbe eta Daniel V. Villamediana. Aktoreak: Luis Pescador, Mikel Goenaga. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 85 minutu.

Gontzal Agote

Ni hilen naiz / nire arima galduko da / nire askazia galduko da / baina nire aitaren etxeak / iraunen du / zutik». Ez da Arestiren aipamenik Jose Maria Orberen bigarren film luzean; bai, ordea, euskal izaera ezkutuaren hainbat alderditara hurbiltzeko ahalegin zintzoa eta iradokitzailea. Eta, besteak beste, euskarazko hitz bakarrak ekarri dizkigu aurtengo sail ofizialera, naturaltasun osoz ekarri ere.

Astigarragan orbetarrek zuten etxetik asko dira Aita-n aurki daitezkeen gai interesgarriak: oroimena, objektuen hizkera, iraganaren iraupena... Begirada nostalgikoa bazterrean utzita, sentimendu eta esperimentaziotik egin nahi izan du zuzendariak. Horretarako, bidai-lagun ezin hobeak izan ditu, etxea bera eta bertan bizi diren mamu ikusezinak.

Molde guztiz piktorikoa erabiliz, orain arte ikusi ditugun irudirik ederrenak utzi dizkigu Aita-k. Argiarekin eta iluntasunarekin etengabeko jolasean, etxetzarraren angelu, leiho eta korridoreekin koadro bizi bat sortu da. Bizia bai, filmaren bertuterik handienetako horixe baita, inor ikusi gabe, betiere norbait dagoen sentipena transmititzea. Azkenean, ikusleak berak beteko du zelatan dagoen mamuaren rola.

Modu horretan, iraganarekiko exorzismo publiko moduko bat egin nahi izan du Orbek. Baina Chavarrik panerotarrekin ez bezala, ez du inongo kontakizunaren laguntza bilatu nahi izan, eta abstrakziora jo du erabat. Muturrera eraman duen apustu ausarta da, horretan sartzen den ikusleari mundu fisikoaz harago joateko aukera zabalduko diona.

Hori guztia eginda eta halako protagonista indartsu eta misteriotsua izanda, pena da alde narratiboari tarte handiagoa eskaini ez izana. Etxetzarrak hormetan hitz eginen du, baina hainbatetan beste norbaitek elkarrizketan parte hartzea eskertuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.