No Other Land dokumentalaren zuzendari Basel Adraren etxea okupatu du Israelgo armadak. Beste zuzendari Yuval Abrahamek azaldu duenez, Adra bera desagertuta dago, eta soldaduak haren bila ari dira: «Beldur naiz. Behin eta berriz gertatzen ari da: kolonoek herriak okupatzen dituzte, eta gero militarrek palestinarrei egiten diete eraso». Lekukoen arabera, hala gertatu da Al-Tuwanin ere, Adra bizi den herrixkan; kolono talde bat heldu da lehenik, eta herria okupatu dute, eta jarraian heldu da armada.
Abrahamek X sare sozialean azaldu duenez, soldaduek jipoitu egin dituzte Adraren hainbat senide, eta haietako bi erietxera eraman behar izan dituzte. Ez da lehen aldia dokumentalarekin lotutako jendearen aurka jotzen dutena. Joan den uztailean, Odeh Hadalin kolaboratzaile eta ekintzailea tiroz hil zuen kolono israeldar batek. Martxoan, berriz, Hamdan Ballal zinema zuzendari palestinarra jipoitu zuen kolono israeldar talde batek, eta Israelgo armadak preso eraman zuen gero.
Kolonoek Zisjordanian eginiko erasoen berri ematen du No Other Land dokumentalak, eta palestinarren apartheid egoera azaltzen du. Oscar saria jaso du lanak, baita bi garaikur ere Berlinalen, eta, geroztik, Amsterdamgo Zinema Dokumentalaren Jaialdiko saria, New Yorkeko Zinema Kritikarien Saria, NBR AEBetako Kritikarien Elkarteko Prentsa Askatasunaren Saria eta Europako Zinemaren Sarietako dokumental onenaren saria jaso ditu.