Dantza

Node konpainiak hamarkada bete bat bildu du 'Aztura' emanaldian

Node dantza konpainiaren lan berria da 'Aztura'; bihar estreinatuko du, Donostiako Imanol Larzabal aretoan. Aurretik egindako 'Basandere' eta 'Batu' lanen elkarketa bat da. Lehenengoz, zuzeneko musika izango du ikuskizunak, Irati Bilbaoren eskutik.

'Aztura' piezaren irudi bat. NODE
'Aztura' piezaren irudi bat. NODE
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko maiatzaren 28a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Pozik, urduri, lasai, gogotsu...». Node dantza konpainiako kide da Ion Estala, baita haren sortzaileetako bat ere, eta, dioenez, errusiar mendi baten modukoak izaten ari dira egunok taldearentzat. Bi arrazoirengatik; bata: Aztura izeneko lan berria estreinatzear dira; bestea: konpainiak hamar urte betetzen ditu aurten, eta urteurrenaren harira prestatutako pieza da. Bihar bertan izango da estreinaldia, Donostiako Imanol Larzabal aretoan, 19:30ean. Borja Bordonabe eta Marina Eskisabel dantzariak egongo dira oholtzan, Irati Bilbao musikariarekin batera. Besteak beste, euskal mitologiari eta tradizioari lotutako emanaldia izango da. Areto batean emango dute estreinakoz, baina kaleko bertsioa ere badu ikuskizunak.

Aztura ez da hutsetik sortutako lana, aurretik egindako Batu (2022) eta Basandere (2025) piezak elkartzearen emaitza baita. Urteurrenaren aitzakian euren buruari opari bat egin nahi ziotela kontatu du Estalak, eta hala otu zitzaiela bi ikusgarri horiek batzea. «Hala ere, nik sentitzen nuen zer edo zer falta zela», eta, pixkanaka, elementu gehiago sartuz joan ziren; batuketa hutsa izan ez zedin. Esaterako, hamar urteko ibilbidean aurkeztutako beste proiektu batzuei egindako erreferentziak ere txertatu dituzte; bai jantzietan, baita mugimenduetan ere. «Bat-batean, hamar urte hauen erakusketa moduko bat bihurtu zen».

Musikan egin dute apusturik handienetako bat; lehenengoz zuzeneko musika izango baitu Noderen proiektu batek. Irati Bilbao musikari eta lagunarengana jo zuten berehala. Noderen dantza piezak lotzeko ardura du musikariak ikuskizunean, baina ez hori bakarrik. Estalaren esanetan, dramaturgia propioa dauka haren pertsonaiak; ahotsarekin eta musikarekin eratua. «Haren pertsonaia lamina baten modukoa da; oso poetikoa. Ikusleei eskutik heldu eta 'etorri gurekin' esaten die». Sortzailearen ustez, Aztura-k publikoa harrapatuko du, dantza garaikidea oinarri duten beste lan batzuen aldean oso definituta baitago: «Disfrutatzeko oso erraza da».

«Beti baietz esaten du gure konpainiak. Edozein kolaborazio edo proposameni baiezkoa eman diogu beti; horrek bizirik egoten lagundu digu»

ION ESTALA Node konpainiako kidea

Konpainian ezagun dituzte Bordonabe eta Eskisabel dantzariak ere. Bordonabek Arachno piezan parte hartu zuen 2022an, eta geroztik taldearen proiektu guztietan parte hartu du. Estalak konpainiaren errelebotzat hartzen du. Aztura-n, esaterako, zuzendaritza koreografikoaz arduratu da, eta, pixkanaka, geroz eta ardura gehiago hartzen ditu taldean. Eskisabel, berriz, Basandere-rekin hasi zen konpainian, eta haren lanaren maila nabarmendu du Estalak: «Izugarrizko gaitasuna du gauzak ulertu eta gorpuzteko».

«Bizirik» dagoen konpainia bat

Ana Barrantesek eta Estalak berak 2016an sortu zuten Node. Lehena kudeaketa lanez arduratzen da, eta bigarrena, berriz, sorkuntzaz. 2018an plazaratu zuten lehen ikusgarria, Tria, eta gerora, ia-ia jarraian aurkeztu dituzte lanak: Pugna 2019an, Emakumeak 2020an, Natura 2021ean, Arachno 2022an, Batu 2022an eta Basandere 2025ean. Erritmo horren arrazoia zein den galdetuta, Estalak zera erantzun du: «Beti baietz esaten du gure konpainiak. Edozein kolaborazio edo proposameni baiezkoa eman diogu beti; horrek bizirik egoten lagundu digu».

Urteurrenerako helburu bakarra jarri zieten euren buruari Noderen sortzaileek: egindakoaz harro egotea eta disfrutatzea. «Gure sektorean asko hitz egiten da prekaritateaz, eta askotan lotsa ematen digu geure buruari loreak botatzeak eta gauza positiboak esateak, eta ez du hala izan behar», adierazi du Estalak. Halaber, gaineratu du oso harro daudela orain arte egindako bideaz, eta izan dituzten aukerez. Horiek horrela, urteurrena inflexio puntu bat izango dela uste du, «datorrenari begira jartzeko».

Estalaren ustez, dantza egoera onean dago gaur egun Euskal Herrian. Berak Gipuzkoako egoera du gertukoen, eta Errenteriako (Gipuzkoa) Dantzagunea aipatu du. Doako zerbitzu bat da konpainientzat; entseatzeko leku bat izaten dute bertan taldeek, eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dizkiete, hala nola kudeaketa. Gainera, gaur egun martxan dauden konpainiek lan «oso onak» egiten dituztela ere esan du. «Noski, gauza asko daude hobetzeko, eta horregatik borrokatu beharko dugu. Baina izan gaitezen baikorrak, komunitate bat eraikitzeko ezinbestekoa izango da eta».

Biharko estreinaldiaren ondoren, Portugalen eskainiko dute Aztura, uztailaren 3an, Portas do Sol jaialdian (Covilha, Portugal). Irailaren 9an ere Portugalen egingo dute: Guardako Contra Dança festibalean. Euskal Herrian ere izango dituzte emanaldiak, eta, lotu ahala, konpainiaren webgunean emango dute haien berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA