Urdaibaiko Guggenheim

Nola kontatzen dio Guggenheim museoak bere buruari Urdaibaiko Guggenheim museoa?

Urdaibaiko museoaren proiektuaren nondik norakoak biltzen dituen memoria bat kaleratu du Bilboko Guggenheim museoaren patronatuak. Hamazazpi urtez gaia mahai gainean edukitzeko egindako ikerketa lanen zerrenda jasotzen da testuan.

Bilboko Guggenheim museoa, Ibaizabalen kontrako ertzetik ikusita. LUIS TEJIDO / EFE
Bilboko Guggenheim museoa, Ibaizabalen kontrako ertzetik ikusita. LUIS TEJIDO / EFE
Inigo Astiz
2025eko abenduaren 20a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Proiektua erorita, haren kontakizuna baino ez da geratzen zutik. Urdaibaiko Guggenheim museoa egiteko asmoa bertan behera utziko zuela adieraztearekin batera, Bilboko Guggenheimeko patronatuak proiektu haren ibilbide osoari buruzko memoria ere plazaratu du. 2008an aipatu zen lehenengoz beste eraikin bat egiteko asmoa, eta ordutik hasi eta proiektua bertan behera uzteko erabakia hartu zuten arteko nondik norakoak —asteartera artekoak, alegia— kontatzen ditu patronatuak testu horretan. Hamazazpi urtez proiektua mahai gainean edukitzeko egin behar izan diren azterlanen zerrenda ere ikus daiteke tartean, eta patronatuko kide izan diren erakundeen arteko iritzi talken lorratzak topatu ere bai. Ez da zehazten zenbat inbertitu zen aurretiazko ikerketa lan horietan, eta ez da argitzen, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an proiektua martxan jartzen zenerako gorde zituen berrogei milioi euroekin zer gertatuko den ere. Eta, hain zuzen, horiek dira museoaren hutsuneak airean utzi dituen galdera nagusietako bi. Baina datu horiek falta izanda ere, memorian argi ikus daiteke Bilboko Guggenheim museoak nola kontatzen dion bere buruari Urdaibaiko Guggenheim museoa.

2008ko ekainean hasi zen dena; Jose Luis Bilbao orduko Bizkaiko ahaldun nagusiak Sukarrietan (Bizkaia) Bilboko Guggenheim museoarentzako beste eraikin bat egiteko ideia aurkeztu zuenean. Hain justu, urte horretan hasten da Guggenheimeko patronatuak kaleratu berri duen memoriaren kontakizuna ere, lehen-lehenik, proiektu hura abiatzeko egindako aurretiazko ikerketen zerrendarekin.

Patronatuko kideek proiektu haren arrakasta faktoreak aztertzeko hamabi ikerlan eskatu zituzten urte hartan. Ikerketa horiek egiteko baliatutako diruaren aipamenik ez da egiten testuan, baina zehazten da guztiak Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu zituela. Eta detaile horrek bakarrik argi erakusten du patronatua osatu duten kideen artean erakunde horrek izan duela hasieratik bukaerara Urdaibaiko museoaren aldeko jarrerarik aktiboena.

Izan ere, erakundeen arteko iritzi ezberdintasunak ere biltzen dira memorian. Eta proiektuaren lehen etena izan zen, hain justu, ezberdintasun horien erakusgarririk argiena.

Lehen etenaldia

2009an, hainbat alor eta jatorritako profesionalak bildu zituzten museoaren proiektuaren nondik norakoak zehaztu zitzaten, eta, lau bileraren ostean, patronatura heldu ziren haien ondorioak. Patxi Lopez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria orduan. Aurrez ere, jendaurrean adierazia zuen ez zegoela eroso proiektuarekin, eta, hain zuzen ere, patronatuak 2010eko ekainaren 23an egindako bilkuran heldu zen proiektuaren lehen etenaldia.

Patronatuaren memorian adierazten denez, bilkura hartan formula bat proposatu zen instalazio berrien diseinu arkitektonikoa zehazteko proiektu lehiaketa bat egiteko. Baina ez zuen aurrera egin. Hala jasotzen du ordukoa memoriak: «Patronatuko presidenteak [Patxi Lopez zen orduan] bileran adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritza ez zegoen ados proposamenarekin eta proiektuarekin berarekin, eta proiektua etenda geratu zen».

Justu hurrengo paragrafoan, ordea, lausoagoa da formulazio hori. Izan ere, memorian zehazten denez, hainbat urtez proiektuari berriz ekin ez zitzaion arren, «haren balio eta indarraldi osoari» eutsi zitzaion, «oinarriek egokiak izan baitira gerora ere». Eta, beraz, testuak argi uzten du 2009az geroztik ere proiektua beti egon dela patronatuaren proiektuen artean.

Hori argi adierazten duen datu bat ere ageri da memorian. 2009az geroztik onartutako museoaren plan estrategiko guztietan «funtsezko helburu» gisa egon baita museoaren luzapena sortzeko proiektua. Eta are gehiago. Memorian zehazten denaren arabera, 2014an aldaketa garrantzitsu bat egon zen.

Urte hartan berritu zuten euskal erakundeek Solomon R. Guggenheim museoarekin zuten kudeaketa akordioa. 2034ra arteko lankidetzaren oinarriak ezartzen dira testu horretan, eta zehaztutako baldintzen artean jasotzen zen Urdaibaiko museoaren handitzea. Memorian aipatzen den bezala, hitzarmena sinatu zutenek «babesa» azaldu zioten proiektuari horrela. «Eta, beraz, ez zuen berariazko onespenik behar, beste edozein museo instalazioren kasuan bezala».

Bigarren saialdia

Azkenik, 2020an heldu zen bigarren saialdia. Proiektua birformulatu egin zuten, «ingurumenaren, gizartearen, kulturaren eta artearen errealitate berrietara moldatzeko», eta beste kokapen batera egokitu; Urdaibaiko eskualdeko bi leku hautatu zituzten: Daliako fabrika zaharra, Gernikan, eta Muruetako ontziolak. Eta, berriz ere, moldaketa hori egin ahal izateko egindako ikerketa lanen zerrenda dakar memoriak.

Guztira zortzi ikerketa aipatzen ditu testuak kasu horretan. Cooper Robertson etxeak, esaterako, 2022an eguneratu zuen 2010ean egindako premia arkitektonikoen azterlana, eta Idom etxeak kalkulatu zituen eraikuntza kostuak. Gainera, beste sei azterlan ere aipatzen dira aldi horretan. Lehen aldian bezala, proiektuaren bigarren bizialdian ere, Bizkaiko Foru Aldundia egin zen ikerketa horietako batzuen kargu, testuan zehazten denez. Ez da lan horiek egiteko baliatutako diruaren aipamenik egiten, baina, kasu honetan, badago estimazioak egiterik.

2022an heldu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren beste keinu esanguratsuetako bat. Unai Rementeria zen orduan Bizkaiko ahaldun nagusia, eta iragarri zuen berrogei milioi euroko diru sail bat gordeko zuela museoa eraikitzeko. Artean ez zegoen museoa eraikitzen hasteko datarik, eta, horregatik, Rementeriak esan zuen diru sail hori «behar zenerako» gordeta edukiko zutela. Orain, ordea, museoaren proiektua bertan behera utzi ostean, ez dago argi diru horrek zer bide hartuko duen.

Hamar milioiko beste diru sail bat izango zela ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Azpiegitura Saileko diputatua zen orduan Imanol Pradales egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta hark egin zuen iragarpena. Orduan azaldu zuenez, museoa eraiki ahal izateko ikerketetarako erabiliko zuten diru hori, eta, beraz, ondoriozta daiteke 2022aren inguruko ikerketak gutxienez hamar milioi euro kostatu zirela.

Eta, halere, proiektua bigarren etenaldira bidean zen ordurako. Memorian zehazten den bezala, 2023ko abenduaren 11ko patronatuaren bileran adostu zuten bi urteko epea hartzea aztertzeko museoa bideragarria ote zen. Justu orain amaitu da epe hori, eta, horregatik, asteartean jakinarazi zuten proiektua bertan behera uzteko erabakia.

Hirugarrenaren atarian?

2023ko biltzarrean oraindik airean zegoen dena. Eta, zehaztu zutenez, baiezkoa gailenduz gero, nazioarteko proiektu lehiaketaren deialdia egitea izango zen proiektuaren onartu ondorengo lehen urratsa. Baina ezezkoa ateratzeko aukera ere aurreikusi zuten biltzar hartan.

Izan ere, memorian aipatzen denez, 2023an jada zehaztuta utzi zuten Urdaibaiko proiektua bertan behera utziz gero museoak zer egin beharko lukeen. «Proposamen alternatibo bat egin beharko luke, nazioarteko kultura erakundeen artean lider gisa duen posizionamendua sendotzeko». Eta, azkenean, Urdaibaiko museoaren proiektua bertan behera geratu dela ikusirik, patronatuaren kontakizunaren arabera, alternatiba horren bilaketaren atarian dago museoa orain.

Bestalde, Urdaibaiko Guggenheim museoa eraiki ahal izateko korapilo legalari buruzko ohar sorta bat ere badakar memoriak. Eta, hain zuzen ere, arrazoi horiek aipatu zituzten museoaren proiektua bertan behera uzteko motiboen artean. Patronatuak zabaldutako testuan zehazten denez, esaterako, konplexuak eta luzeak izan daitezke egun Murueta ontziola dagoen tokian museo bat eraiki ahal izateko egin beharreko aldaketa administratibo eta legal guztiak. Aipatzen da balitekeela prozesu horiek 2040ra arte irautea, esaterako, eta, are, esaten da ez dagoela argi orduan ere museoa eraikitzeko baldintzak bete ahalko diren.

Protesten faktorea

Memoriak ez du aipamenik jasotzen proiektuak Busturialdeko herritarren artean sortutako ezinegonari eta museoaren aurka egindako mobilizazio jendetsuei buruz. Baina Agirre Lehendakaria Center ikerketa guneak aurtengo urte hasieran Busturialdean abiatutako entzute prozesuaren bidez jasotzen da herritarren kontrako jarrera horren lekukotza.

Kualitatiboa izan da zentroak egindako ikerketa, eta proiektuari buruz sortutako narratibak ikertzea izan du helburu. Bostehun elkarrizketa egin ditu horretarako, eta aurretiazko txosten horren ondorioak ere bildu dituzte patronatuaren memorian. Esate baterako, zentroak aurkeztutako ondorioetan esplizituki aipatzen da museoaren egoitza Muruetan jartzeko asmoak «zeharkako gaitzespena» sortzen duela «zenbait profiletan», eta onartzen dute museoaren «kokaleku posibleak, dimentsioa eta izaera birpentsatzeak» aukera emango lukeela debatea berriro abiarazteko.

Eta memorian zehazten denaren arabera, Agirre Lehendakaria Centerrek aurkeztutako txostenaren emaitzek «arrazoi sozial sakon eta oinarritua gehitzen diote arrazoi juridikoari». Beraz, Guggenheim museoko patronatuaren hitzetan, halaxe amaitu da Urdaibaiko Guggenheim museoaren kontakizuna.

Atea erabat itxi gabe, ordea. Memoriaren azken paragrafoetan gogorarazten denez, Bilboko Gugggenheim museoaren jarduera hedatzeko eta zabaltzeko «alternatibak» bilatzeko «hausnarketa estrategikoa» abiatzekoa baita erakundea. Beraz, esaldi horretatik zintzilik geratu da hamazazpi urteko kontakizunaren jarraipena orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.