Ane Lindane umoristak ez du bere burua egoki ikusten moderatzaile izateko: «Inoiz ez naiz moderatua izan». Ikusten dena politikoa da: gorputz disidenteak eszenan leloa hartuta, mahai ingurua antolatu zuen Gasteizko Jimmy Jazz aretoak atzo iluntzean, eta hura gidatzen aritu zen Lindane. Gorputz disidenteez hitz egiteko ere tokiz kanpo sentitu izan dela aitortu zuen solasaldia aurkeztu zuenean: «Ni emakume zis-heterosexuala naiz, baina, nork begiratzen nauen, disidentea izan naiteke».
Hain zuzen ere, hortik abiatu zuten solasaldia: disidentzia ez ote den norberak bere baitan daraman zerbait, ala besteen begiradek sortzen duten kategoria bat. Eta, batez ere, nork ezartzen duen normaltasunaren markoa, eta zertarako. Oholtza gainean lau gonbidatu izan ziren gaiaz solastatzeko: Danel Galdaera —Divina Comedia drag-aren atzean dagoen artista—, Eva Perez-Pons poeta eta drag-a, Txerra Bolinaga musikaria eta Aimar Jimenez Maruxa kolektiboko trabestia.
Danel Galdaerak argi azaldu zuen: normaltasuna ez da neutroa, ezta kasualitatea ere. «Normatibitateak funtzio politiko bat dauka: botereak nahi duen tokian mantentzea». Gogorarazi zuen gizartea ez dela modu arbitrarioan eraiki, interes jakinen arabera egituratu dela. «Bikote heterosexuala normalizatu da, familia nuklearra, umeak, langileak… klase boteretsuei onura egiten dien eredua da». Horren ondorio zuzena disidentziaren aurkako zigorra da.
«Bikote heterosexuala normalizatu da, familia nuklearra, umeak, langileak… klase boteretsuei onura egiten dien eredua da»
DANEL GALDAERA 'Drag' artista
Jimenezek bestelako ñabardura bat gehitu zion eztabaidari: Maruxa kolektibokoak ez dira disidentziatik abiatu, normaltasunetik baizik. «Guk ez dugu inoiz planteatu gorputz disidenteak garela eszenara igotzean. Guretzat normala da». Hala ere, onartu zuen normaltasun hori ez dela unibertsala: «Niretzat normala dena beste batzuen begietan disidentea izan daiteke».
Horrek ekartzen du, haren ustez, kultur sisteman maiz agertzen den kuotaren logika. «Ematen du kupo bat egon behar dela, eta pena hutsa da». Bolinagak bat egin zuen irudipen horrekin, eta aitortu askotan «kupoa betetzeko» kontratatzen dituztela; hala eta guztiz ere, haren esanetan, merezi izaten du, «sikiera publikoarengan sortzen duten deserotasunagatik».
Ikusezintasunetik ikusgarritasunera
Perlata taldeko bateria jotzailea da Bolinaga, eta, besteak beste, RIP taldeko kide ere izan zen. Horregatik gaiari buruzko dimentsio historikoa eman zioten eztabaidari haren hitzek. Kontatu zuenez, punkaren hastapenetan gorputz disidenterik ez zegoen oholtzan, eta bera «armairuan» edo «kaiolan» egon zen denbora luzez, ez zuelako eredurik, ezta erreferenterik ere. Gaur egungo egoera, aldiz, oso bestelakoa dela uste du, eta Perlata taldea aipatu zuen adibide gisa: «Orain disidentzia eta queertasuna aldarrikatzen ditugu, eta harro nago».
«Niretzat normala dena beste batzuen begietan disidentea izan daiteke»
AIMAR JIMENEZ Maruxa kolektiboko kidea
Hala ere, Bolinagak ohartarazi zuen oraindik ere badirela eremu itxiak, eta rockaren munduan oso zaila dela disidentzia ikustea: «Gizon eta testosterona asko dago oraindik». Haren kasuan, atzean egoteak —bateria jotzaile izateak— ere eragin du ikusgarritasun falta hori, aitortu zuenez.
Disidentziaren izaera aldakorra azpimarratu zuen Perez-Ponsek. Haren ustez, disidentzia testuinguruaren araberakoa da, eta, norma dikotomikoa den heinean, etengabe aldatzen da. Egunerokoan bi mundu oso ezberdin bizi ditu: institutuan matematika eta teknologia irakasten ditu, eta, bestetik, idazlea eta drag queer-a da. Ikastetxean «oso markatua» sentitzen da; drag munduan edo poesian, berriz, askatasun handiagoa du. «Poemak irakurtzean ahotsa dardarka jartzen zait; askoz errazagoa zait oholtzan ipurdia erakustea».
Ikusgarritasunaren ondorioak
Ikusgarritasunak ba al du ondoriorik? Lindanek jarri zuen auzia mahai gainean. Haren esanetan, emakumea denez, diskretua ez izatea «bekatu kapitala» da oraindik: «Badirudi besteen arreta erakartzeko egiten dudala dena, baina hori da nire lana». Diskrezioa, haren ustez, «otzantzeko» tresna bat da.
Parte hartzaileek bat egin zuten ideia horrekin. Perez-Ponsek azaldu zuen beldurrik handiena familian bertan bizi izan duela, «tradizio espainol eta katolikoaren» pisua handia delako. Baina idazketak ematen diola beldur horiek uxatzeko era, familiakoek ez baitute ulertzen euskaraz idazten duena. Jimenezek, berriz, oholtza gaineko indarraren eta eguneroko zaurgarritasunaren arteko arrakala azpimarratu zuen: «Eszenatokian diva bat naiz; handik jaitsi, eta errealitatea bestelakoa da».
«Gizon eta testosterona asko dago oraindik rockaren munduan»
TXERRA BOLINAGA Perlata taldeko bateria jotzailea
Solasaldian behin eta berriz aipatu zuten tokenizazioaren auzia: sistemak gorputz disidenteak onartzen ditu, baina muga eta baldintza batzuen barruan. Lindanek laburtu zuen ideia: «Marika bat telebistan bai, baldin eta ongi portatzen bada». Eta horri helduta esan zuen Perez-Ponsek «auzo lotsa» sentitzen duela instituzioek aniztasuna marketin gisa erabiltzen dutenean, adibidez «bollera errezitalak» emateko eskatu izan diotenean.
«Poemak irakurtzean ahotsa dardarka jartzen zait; askoz errazagoa zait oholtzan ipurdia erakustea»
EVA PEREZ-PONS Poeta eta 'drag'-a
Luze eta zabal aritu ziren, halaber, gorputz disidenteek nozitzen duten zentsuraz eta autozentsuraz, nork bere esperientziatik kontatuta. Jimenezek aitortu zuen «beldur» diola zentsurari, eta Lindanek gogorarazi gaur egun badela beste zentsura mota bat ere: «Cringe-aren zentsura, lotsa pasaraziz isilarazten duena». Zera adierazi zuen autozentsuraz Bolinagak: «Ausardia falta izan zait, batez ere pertsonalki».
Hala ere, bidean dauden traba ororen gainetik deserosotasunaren «balio politikoa» nabarmendu zuten solaskide denek. Eta non eta norentzat egiten den ere garrantzitsua dela erantsi zuen Galdaerak: «Zarata egin behar da, zarata horrek molestatzen duen tokian. Erraza baita marikonadak marikentzat egitea».