KRITIKA. Literatura

Odola eta euliak

odola kantari
2026ko urtarrilaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ODOLA KANTARI'

Idazlea: Unai Elorriaga. Argitaletxea: Pamiela. Bilduma: Upaingoa saila.

Pamiela argitaletxeko Upaingoa sailean kaleratu du Unai Elorriagak bere lehenengo saiakera. Josu Aurrekoetxea musikariarekin iragan urtean egindako errezitaletan oinarrituta dago Odola kantari liburua eta indarkeriak euskal literaturan —balada, bertso eta poemetan batik bat— izandako tokiari buruzkoa da. Azkar asko ohartuko da irakurlea presentzia hura ez dela nolanahikoa izan eta ugariak direla gurean odolez zipriztindutako lekukotasun literarioak. Gurean zein bestelakoetan, gai etengabe horietako bat baita literaturan.

Liburuan odolak bakarrik ez, euliek ere berebiziko presentzia dute. Horiek dira literaturaren gai nagusietako bi, Augusto Monterroso idazlearen esanetan. Hitzoi buruzko aipu banak mugarritzen du kapitulu bakoitza; bukaeran, berriz, eulien aipuen antologia saiakera bat. Egiturari dagokionez, kronologikoki egiten du Elorriagak indarkeriaren kontaketa, Erdi Aroko baladetatik hasi eta gaur egungo zenbait adibidetara. Hori bai, XIX. mendea aipatzen du hasieran, gerora argitu beharreko misterioa iragartzeko: Nor ote da Muñagorriren bertsoak sorta ezaguneko egilea? Zein euskal pertsonaia famatu da haren ondorengoa? Galderak airean uzten ditu Elorriagak, eta liburu bukaeran argitzen.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da liburuaren sorkuntzan Elorriagaren laguntzaile-edo ibilitako pertsonaia, egileak Hieronymus deritzona, ustez bere umetako laguna. Ez dago garbi, ordea, mediku delako hori Elorriagaren alter ego bat den ala ez, beste ni pedante bat, askojakin eta esnoba. Dena dela, hartu eta emanean ibiliko dira saiakeran zehar Elorriaga eta Hieronymus, elkarri zartakoka. Bizitasuna eransten dio horrek testuari. Liburua ez da azterketa luze, zorrotz eta oro hartzailea, ezpada txatal ugari bilbatzen eta harribitxiak aurkitzen saiatzen den ekarpena. Kontatzen ditu pasadizo jakingarriak, ekartzen ditu pasarte mamitsuak, eta ohar kitzikagarriak eransten. Arina da Elorriagaren idazkera, elkarrizketa erakoa ia. Asmo jolasti hori da liburuaren indarguneetako bat, irakurlea atseginez katigatzen duelako eta oharkabean bezala doazkiolako mendeak, istorio anker eta odoltsuetan barrena.

Aitortu behar da, baina, saiakeraren tonu atsegina gorabehera, eta ikergaiari dagokionez, tarteka herren samar antzematen dela liburua. Autoreak berak dio ez espero izateko artikulu akademikoen zurruntasunik; lan mardul, sakon eta luzerik egitea ez dela idazkiaren helburua. Ondo da, baina orduan saiakera literarioaren ildo estuak gobernatzen jakin behar, estiloaren eta gaiaren arteko oreka ahul hori. Saiakerak badu arriskurik, bestela, ohar edo apunte bilduma jakingarri baina zapala bihurtzeko. Gaiaren aldetik ikaragarri sakondu ezean, estiloan gehiago behartzea izan daiteke testuari beharrezko batasun eta indarra emateko modua. Odola kantari gorabeheratsua da alde horretatik, oro har gozagarria den arren. Eulien antologiaren zain geratuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.