Oholtza betetzeko bi aukera

The xx taldearen minimalismoak, David Byrneren erakustaldi handiak eta The Chemical Brothersen elektronika dantzagarriak euriak baino indar handiagoa izan dute BBK Live jaialdiko bigarren jardunaldian. Emanaldi bikainak egin dituzte.

David Byrne distira bereziz aritu da BBK Liven. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Bilbo
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ostegunean inauteri izan zena, bi filosofiaren arteko talka bihurtu zen BBK Live jaialdiaren bigarren jardunaldian: gutxiago gehiago da aldarriaren adarrekoak batetik; eta musika egiteko oholtza jendearekin edo proiekzioekin betetzen dutenena bestetik. Biek ala biek, beren bidetik, zaleen onespena izan zuten, eta maila handiko jardunaldia izan zen ostiralekoa.

Azken orduko gonbidatua izan zuen BBK Live jaialdiak, ia urteroko agerraldi desorosoa: euria. Egun osoan mehatxuka eta zaleekin jolasean ibili ostean, The xx kartelburuen txanda zenean egin zuten azkenean eztanda hodei ilunek, ikuskizunaren lekuko izan nahi balute bezala. Blai eginda kontzertu bat ezin daitekeela goza pentsatu zuten batzuek; epikaren aitzakian irribarre behartua egin zuten besteek, desaxola. Beste behin ere, baina, musikak irabazi egin zion euriari.

Arazo teknikoak zirela tarteko, ordu erdi berandu hasi zen The xx-en emanaldia. Bost minutu nahikoa izan ziren atzerapena ahaztu eta gozatzen hasteko. Zenbat behar da jaialdi bateko agertoki nagusia betetzeko eta jarraitzaile guztiak patrikaratzeko? Ahots bat? Bi? Zenbat akorde? Ingalaterrako hirukotearen eskaintza minimalista da oso, baina sobera du emozioa. Gutxi behar dute entzuleak trantzean jartzeko. Romy eta Oliver abeslarien arteko ahots jokoak —txandaka, elkarrekin, bakoitza erritmo desberdin bat aldi berean kantatuz...—, Jamieren elektronika ukituek eta akorde progresio sinple baina dotoreak eguneko kontzerturik onenetakoa biribildu zuten. Gutxiago gehiago da filosofiari eutsita, baina ortodoxoriak gabe, Jamie xx-k abestiak elektronikarekin janzteko askatasun osoa baitu. Kontzertu itxiera ederra egin zuen Londresko hirukoteak: Shelter progresiboa, Loud Places bertsio dantzagarria, On Hold itsaskorra, Intro hipnotikoa eta Angels kulunkari eta ederra.

The xx-en trantzetik esnatzean, euria erruz egiten ari zuela jabetu ziren asko, eta korrika egin zuten karparen babesaren bila, Sophie DJa lanean ikusteko, eta David Byrne apur bat umezurtz uzteko. Baina euriak ere menia sinatu zuen halako batean, eta jendetza bildu zuen azkenerako Talking Headseko buru izandakoak. Zenbat pertsona behar dira agertokia betetzeko? Bada, hamabi, eskoziarraren iritziz. 66 urterekin, jaialdi osoko emanaldirik onenetakoa, dibertigarriena eta originalena egin zuen. Oholtzaren bi alboak eta atzealdea argiz beteta, kaiola baten barruan ziruditen, baina, hala ere, elektrotxaranga bat baino nomadagoak izan ziren hamabi kideak, alde batera eta bestera mugituz une oro. Bakarkako ibilbideko —American Utopia azken diskokoak bereziki— eta Talking Heads garaiko abestiak tartekatu zituen Byrne. Ezuste handia izan zen askorentzat—eskoziar musikaria ezuste gisa definitzea ausartegia baldin bada ere—; talde hasiberriek badute nora begiratu.

Oholtza betetzeko beste bidea aurkeztu zuen The Chemical Brothersek: proiekzio ikusgarriak.1990eko hamarkada bukaerako eta mende hasierako musika elektronikoan iltzatuta badaude ere, gutxik funtzionatzen dute DJ bikoteak bezain ongi jaialdietako ordu txikietan. Dantzatoki erraldoi bihurtu zuten zaleek Kobetamendi, jada hamaika bider dantzatu dituzten Go,Hey Boy Hey Girl eta Galvanize bezalakoekin. Friendly Fireseekoek biribildu zuten The Chemical Brothersek hasitakoa.

Rocka bizirik dago

Arratsaldean, David Byrneren marka haustear izan ziren King Gizzard & The Lizard Wizard: zazpi musikari 1960-70eko rock psikodelikoa berritzen. Ohikoa da musikari batek bere azken diskoa aurkeztea jaialdietan, baina australiarrek bost lan zituzten aurkezteko, guztiak iaz argitaratuak. Hori da emankor izatea. King Gizzard & The Lizard Wizarden ardura izan zen jaialdiaren rock gogorraren kuota betetzea, Rockaren Nazioarteko Egunean —hala izendatu ei dute uztailaren 13a—, eta bizi-bizirik dagoela erakutsi zuten. Baita entzuleek ere, pogo handiak egin zituzten lehen ilaretan.

Gitarra doinuekin jarraituta, My Bloody Valentine txukun aritu ziren. Soinu horma altxa, eta pop melodiei muzin egiten ez dion rock zaratatsua eskaini zuten. Argi-jokoak eta proiekzioak bikain erabili zituzten. Bai, rocka bizirik dago, eta gitarrek bere lekua dute musika jaialdietan oraindik ere. Aipatutako bi kontzertu horien artean, Borrokan-ek jo zuen, sarrerako agertoki txikiago batean. Jaialdiko ordutegiek gehien erasandako taldeetako bat izan ziren, rockarekin lotura duten bi talderen artean jo baitzuten. Tamalez, ez ziren zale gehiegi Berako (Nafarroa) taldearen posthardcore zaindua entzutera.

Aurreko urteetan baino arrakasta txikiagoa izan dute agertoki txikiek, akaso, Basoa eta Lasai gune elektronikoak indartzeak zale asko hara animatu dituelako. Borrokan-ekin gertatutako bera pasatu baitzen Nunatak, Cecilia Payne eta Gengahrrekin: 30-100 zaleren aurrean jotzea. Ahozapore gozoa utzi zuen Espainiakoen indieak. Musika jaialdiak halako doinuekin beteta daudenean, atsegina izan zen tronpeta jotzaileak emandako bereizgarria. Bilboko eta Londreseko taldeek ere kontzertu onak eman zituzten, jarraitzaile berriak lortzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.