Oholtzaren aurrealdean, lurrean eserita, sei emakume daude, Bernart Etxeparek idatzitako Emazteen fabore olerkia kantatzen. Beste bi emakume hurbildu zaizkie, eta dantzan hasi dira. Elkarri begira daude, elkarren osagarri direla jakitun. Ahotsek gidatzen dituzte dantzarien oinak pieza horretan, eta urrats bakoitzaren mugimenduak erakutsiko die bidea txalapartariei hurrengoan, eta ttakunen erritmoei jarraituko diete andrazkoen ahotsek ondorengoan. Piezaz pieza, ahotsaren, dantzaren eta musikaren lengoaiak uztartuz joango dira, bakoitzaren mugak lausotzeraino. Dantzan egingo dute musikariek, edo kantuan dantzariek, Hostoak ikuskizunean. Kolore askok osatutako hostaila taularatuko dute Oreka TX-ko musikariek, Kukai taldeko dantzariek eta Amaren Alabakseikoteko kantariek.
Hiru taldeetako kideak Gabonen aurretik hasi ziren entseatzen, eta Urnietako Sarobe aretoan (Gipuzkoa) elkartu dira egunotan, ikuskizunari azken ukituak emateko. Datorren larunbatean estreinatuko dute Hostoak, Donostiako Kursaaleko auditoriumean. Igor Otxoa Oreka TX-ko kidearen eta Mireia Gabilondo eszena zuzendariaren gidaritzapean, norbere esparrua gainditu eta besteenean sartzen dira taldekideak.
Kukai dantza taldearekin beste hiru ikuskizunetan aritua da Gabilondo, eta bazekien zer zen haiekin lan egitea. Amaren Alabekin, berriz, lehen aldiz egin du lan, eta polita izan dela dio, obrari «beste kolore bat» eman diotelako. Oreka TX-ko kideekin ez zuen gaur arte lan egin. Otxoak ikuskizuna zuzentzeko deitu zionean, gogoz hartu zuen proiektua. Juan Mari Beltranekin txalaparta oinarri zuen Ttakun ttan ttakun obra landu zuen aurretik, musika, dantza, antzerkia, poesia eta ikus-entzunezkoak uztartuz. Eta berriro ere «antzerako mundu batean» sartzeko asmoak erakarri zuen, besteak beste. Txalaparta jotzeko era ezberdinak diren arren, eta talde bakoitzak «bere kolorea» izanik ere, «osagaiak berriro mahaiaren gainean» zituen Gabilondok. Eta horiek ondo nahastea hartu zuen erronka nagusitzat. «Hiru taldeen artean gauza bakarra sortzea izan da asmoa. Orain haien kantu hau, gero beste haien beste hau... Horrela egin beharrean, guztiak jai moduko batean nahastu nahi genituen».
Taula gainean modu askotara nahasten dira osagaiak. Adierazpide bakoitzak bere lekua du pieza guztietan. Zati batzuetan kantariak bakarrik hasiko dira, edo dantzariekin batera, eta ondoren joango dira batzen gainerako osagaiak. Oreka TX-ko taldekideek emango diote hasiera beste eszena bati, musikariek bakarka edo txalapartariek soilik, eta dantza eta kantua batuko zaizkie ondoren. Badira dantzaz eta kantuz bakarrik osatutako zatiak ere.
Adierazpide bakoitzaren «mugak gainditzea» izan da sortzaileen asmoa, Otxoak azaldu duenez. Dantzaria dantzara ez mugatzea, ez eta musikaria musikara. Hala, kantuan ari diren bitartean dantzan ariko dira batzuetan Amaren Alabak, edo, haiekin batera, kantuan dantzariak, edo makila luze batzuekin lurra jotzen erritmoa markatuz bi taldeetako kideak, txalapartari jarraituz. Eskutik helduta biribilean dantzan eta kantuan batuko dira taldekide guztiak eszena batean.
Norbere mugak gainditzea
Orain arte landu duten esparrua gainditu baitute, Amaren Alabentzat izango zen aldaketa handiena ziurrekin. A cappella aritzen dira Zuberoako sei emakume gazteak, beren ahotsen laguntza bakarraz. Hostoak lanean, berriz, musikariak eta dantzariak alboan dituztela ariko dira, baita dantzan ere, tarteka. «Haientzat aldaketa handia da, esaterako, mikrofono bat eramatea, a cappella kantatzean ahotsa modu batean egiten dutelako, eta modulatu egin behar izan dute. Hori bakarrik daudenean, zeren musikariekin edo albokaren gainean kantatzea... beste aurrerapauso bat da haientzat. Baina ikusi dute egin ahal dutela eta gustura daude», dio Gabilondok.
Oreka TX ohiko musikari taldearekin ariko da: Otxoa, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalaparta eta bestelako tresnetan; Mixel Ducau alboka, saxoa eta klarinetean, besteak beste; Juanjo Otxandorena bouzoukian; eta Iñigo Egia perkusioetan. «Txalapartaren doinuak dantzari egokitzea kosta zaigu gehien», dio Otxoak, baina baita ahotsei moldatzea ere, polifoniak direla eta. Izan ere, txalapartekin, erritmoak ez ezik, doinuak ere sortzen dituzte. Halako lanak lehenago ere eginak dituzte, baina ez ikuskizun oso batean. Gainera, bakoitzaren mugak are gehiago lausotzea izan dute erronka oraingoan. Harkaitz Martinez de San Vicentek zuzendu du musika, eta gehienbat, harrizko txalaparta baliatuta sortu dituzte kantuak. Tresna horrek presentzia handia du obran, baina egurrezko txalaparta, tutuak, bidoiak eta tututofonoa ere tartekatzen dituzte.
Jon Maia dantzariak zuzendu ditu koreografiak, eta harentzat, sorkuntza prozesua nahiko orekatua izan da hiru lengoaien artean; batean, Oreka TX-ren pieza bat dantzatzea interesgarria iruditu zaie, edo bestean, Amaren Alaben errepertorioko kanta bat musikatu eta koreografiatzea... «Talde bakoitzak lanerako modu ezberdinak izan arren, oso erraz moldatu gara hasieratik», Maiaren hitzetan. Dantza tradizionaletako pausoak garaikideagoekin lotzen dituzte, Kukairen ibilbideari jarraituz. «Gure hasierako ikuskizunetako giroan kokatzen dut Hostoak, erabiltzen ditugun mugimenduengatik-eta dantza tradizionaletik gertuago. Hala ere, egia da denbora pasatu dela eta ordutik egin ditugun beste lanen eragina ere hor dagoela».
Herri kantak eta pieza berriak
Hiru lengoaiak batzeko ahaleginean, eszenaratze berezi bat nola egokitu pentsatzen aritu zen Gabilondo. «Tablao flamenko» baten eredua izan zuen buruan hasieran: zirkulu erdi batean taldekide guztiak kokatu, eta tarteka, bata edo bestea denen erdira aurreratzea. «Lehen probetan hala jarri nituen denak, baina noski, musika tresnen tamaina ere ez da bera; tututofonoak bakarrik oholtzako bi metro eta erdi hartzen zituen! Ezinezkoa zen, ez zegoen tokirik ezertarako. Horregatik, pixkanaka altuera ematen joan naiz. Halakoa izan da prozesua hainbeste jende sartzeko eta oreka bilatzeko». Hain zuzen, taula gainean musikariak garaiera batean baino gehiagotan agertuko dira maiz edo aulki batzuetara igota kantariak beste pieza batean. Guztietan gorena tututofonoa egongo da, bere tutu gorriak beherantz luzatuta dituela.
Tutuen kolorea izan da taldekideen janzkera hautatzeko abiapuntuetako bat. Gehiago edo gutxiago, guztiek dute kolore gorria jantziren batean, emakumeek batez ere, baina baita mutilek ere, espartin beltzetako zinta gorrietan besterik ez bada ere. Hala ere, beltza da nagusi gehienetan. «Hainbeste taldekide izanik, garbi» zuen hori Gabilondok. Ana Turrillasekin prestatu dituzte jantziak.
Kontrasteak ez dira soilik koloreetan antzemango. Izan ere, arin-arin edo fandango alaien indarra gailenduko da hainbatetan, eta giro intimistagoa, beste hainbatetan, Ducauren bakarkako interpretazio batean edo Amaren Alabek ahaire tristeagoak kantatzen dituztenean, esaterako.
Musikak ere izango du horretan zer ikusirik. Hainbat herri kanta edo doinu tradizional moldatu dituzte —Emazteen fabore ez ezik, Xalbadorren Negarra begietan, Itxaro Bordak idatzi eta Oskorrik musikatutako Ez zaitez eta Mixel Etxekopar eta Etxahun Barkoxeren zenbait kanta, esaterako—, baina ikuskizunerako espresuki sortu dituzte beste hainbat kantu —makilekin erritmoa markatuz egindako Perkukanta, eta tutuekin jo eta gero dantzatzen duten Xirokalendula, esaterako—.
Osagai horiekin guztiekin, kolore askotako hostaila osatuko dute taula gainean. Datorren larunbateko estreinaldiaren ostean, hilaren 25ean egingo dute hurrengo emanaldia, Baionan, eta hurrengo egunean Iruñean izango dira. Gainerako euskal hiriburuetan eta hainbat herritan urte osoan aurkeztuko dute lana, eta beste herrialde batzuetara ere eraman nahi dute.
Oholtza hostoz estaliko da
'Hostoak' ikuskizunaren azken entseguetan dabiltza Oreka TX, Kukai dantza taldea eta Amaren Alabak, Mireia Gabilondok gidatutaDatorren larunbatean izango da estreinaldia, Donostiako Kursaaleko auditoriumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu