Oilo eta pertsona artean nahasturik dabiltzan pertsonaiak ekarri ditu Kukubiltxo antzerki konpainiak Oilo hilak antzezlan mutura. Gaur egungo gizabanakoen ametsen eta krisien inguruan aritu dira, eta horren bidez, neurriz kanpoko kontsumoaren inguruko gogoeta egin dute. Eduardo Galeano idazlearen testu batek sortu zizkien gogoetak eta sentipenak daude maskara antzezlan honen jatorrian. Nicol Wolf-ek eta Familie Floz taldeko Thomas Rascherrek ere parte hartu dute lanean. Rascherrek zuzendu du lana. Gaur estreinatuko dute, Mungiako Olalde aretoan, Bizkaian, eta asteburuan Bilboko Pabiloi 6an emango dute.
Marifeli Etxeandia, Ainhoa Alberdi, Maria Alonso, Iurgi Etxebarria eta Josu Camara aktoreek hamabost bat pertsonaia antzeztuko dituzte sortutako bi mundu paralelotan. Josu Camarak azaldu duenez, batetik, oiloak agertzen dira eta, bestetik, gizakiak modu karikaturizatuan: «Oiloak nonahi agertzen dira, edozein momentutan, eta gero, gizakiak modu barregarrian agertzen dira, baina baita nahiko modu poetikoan ere». Beren buruari kritika egiteko baliatu dute antzezlana. «Hortxe gabiltza kontsumoari eusten, eta dena eros daiteke, dena sal daiteke, norbera ere salgai bihurtzen da, eta joko horretan ari gara, kontsumoaren inguruan, nahiko modu naturalean; sumatzen dugu geure buruari egiten diogula kritika edo trufa», esan du.
Kukubiltxoko kideek orain dela hiru urte hasi ziren maskara tailerrak jasotzen, eta ordutik zebiltzan maskara ikuskizun bat egiteko gogoz. Orain dela urte eta erdi hasi zuten Oilo hilak-en sortzeko prozesua. Kukubiltxoko kideek maskara ikastaro bat egiten hasi ziren, ikuskizun berri bat sortzeko asmoz. Berlingo Famili Floz konpainiako kideekin batera aritu ziren, haien estiloa eta maskarak oso gustukoak zituzten, eta tailerra antzeko estiloko lan ikuskizun bat sortzeko egin zuten. Pixkanaka-pixkanaka lana gorpuztuz joan ziren, maskarak definitu zituzten lehenengo, eta gaiagero, kontsumoaren esklabo diren gizaki eta oiloak hartu zituzten beren ikuskizunaren protagonistak izateko.
Gai baten bila zebiltzala, Eduardo Galeanoren El imperio del consumo (Kontsumoaren inperioa) artikulua aurkitu zuten, eta hori aitzakia hartuta hasi ziren beren lana osatzen. «Galeanok, hasiera-hasieratik bi gauza interesgarri esaten ditu», azaldu du Camarak, «batetik, neurririk gabeko kontsumoa gaur egungure gizartean onarturik dagoela, eskubide bat balitz bezala, denon askatasuna balitz bezala, baina batzuen alderako bakarrik. Eta gero, esaten zuen oiloek, arrautza fabriketan, eta, bestalde, pertsonok ere lo egin ezinean gabiltzala. Oiloek fabriketan gaua debekatuta daukate, gau eta egun egon behar dutelako arrautzak erruten eta, bestalde, gizakiok kontsumitzeko ansietatea dugula eta, gero, ordaintzeko larrialdiek ez digutela lo egiten uzten».
Aurrera begirako bidea
Thomas Rascher lanaren zuzendariarekin orain urte batzuk hasi zuten harremana. Orain dela bost urte, Kukubiltxok 30 bete zituenean, urteurrena ospatzeko, atzera begirakoa egin beharrean, aurrera begirakoa egingo zutela erabaki zuten, aurrera egin eta bide berriak zabaltzen hasi behar zutela pentsatu baitzuten. Hori dela eta, hiru fasetako bide bat jorratzen hasi ziren. Lehenengo fasean, formakuntzari ekin zioten, sormenezko aldia izan zen bigarrena eta ikuskizunaren ekoizpena burutu dute hirugarrenean. «Guretzat dramaturgian, objektuen manipulazioan eta maskaretan eredugarri ziren irakasleak bilatzen saiatu ginen. Maskaretan, Famili Floz Berlingo taldearen estiloa asko gustatzen zitzaigun, eta haiengana jo, eta eskatu genien ikastaro bat emateko. Hasieran, Paco Gonzalezekin lan egin genuen, eta gero Thomasekin hasi ginen». Baina haiekin hainbat ikastaro egin eta gero, gogoz geratu ziren, eta elkarrekin zerbait egitea eta lankidetzari jarraipena eman behar ziotela erabaki zuten. Horren emaitza da Oilo hilak.
Hiru faseko bidearen azkeneko txanpan daude orain, etaparik «bizienean», Camarak dioenez. «Sormenari, nolabait, mugak jarri behar zaizkio, etasortutakoari forma ematen zaio azken fase horretan. Orain gaude ekoizpenaren azken uneetan, eta baditugu sormenari dagozkion momentu gozoagoak, eta teknikoagoak beste batzuk». Urte eta erdiko lanaren emaitza jendaurrean aurkezteko gogoz daude. Horretarako aukera izango dute gaur Mungian eta bihar eta etzi Bilbon.
Oilo hilen askatasuna
Kukubiltxok 'Oilo hilak' kontsumo gizarteko ametsei buruzko obra mutua estreinatuko du gaur Mungian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu