Haizea Barcenilla
Begiz

Oinarrizko eta oinarrizko

2026ko martxoaren 24a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da gertatzen zaidan lehen aldia: lege bat euskaraz irakurtzen hasi eta gaztelaniazko testura salto egin behar izatea, ez nire euskara maila kaskarra delako, baizik eta itzulpena hain delako penagarria, tarteka zentzua ere galtzen baitu. Ez nuen espero, ordea, euskara erdigunean jarri nahi omen duen Euskadiko Kultura Sistemaren Lege Aurreproiektuarekin gertatuko zitzaidanik. Lehen paragrafotik nabari da gaztelaniaz idatzi eta itzultzaile automatikotik pasatutako testu bat dela, esaldi kilometrikoz, bidean galdutako aditzez eta euskararekin bat ez datorren logikaz eraikitakoa.

Hain da tormentu latza euskarazko bertsioa zeharkatzea, hura ontzen ibili direnek ere ez baitute goitik behera irakurtzea lortu. Bestela, ezin da ulertu halakoak topatzea: «Kulturari dagokionez, oinarrizko eta oinarrizko ondasun gisa...» («La cultura, como bien bĂ¡sico y de primera necesidad» esaldiaren itzulpena; 3.3. artikulua); edo «Turismoaren arloan eskumena duen sailarekin lankidetzan aritzea eta lankidetzan aritzea» (colaborar eta cooperar hitzen itzulpen gisa; 9. artikulua, g atala). Hori guzti hori, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskutik eta Korrika abiatu den aste berean. 

Edukietara pasatuz, hasieratik ezer berria sortuko ez duela esaten duen lege batek ez du zirrara handirik pizten. Oinarrian, jada egiten diren gauza asko paper gainean jartzen ditu —erakundeen arteko kolaborazioa eta koordinazioa, Etxepareren bidezko nazioartekotzea—, eta beste lege batzuek bermatu beharko lituzketen arlo batzuk aipatzen ditu —genero berdintasuna programazioan, bazterkeriarik gabeko erakunde kulturalak aldarrikatzea—. Interesgarriena, beharbada, kultura eskubideak dira. Horien arabera, kulturgile zein zaleok kulturarako sarbidea izateko eskubidea aldarrikatu genezake, eta euskarazko sorkuntza indartzeko bide bat izan daiteke. Dena den, testuak berak euskararekiko erakusten duen maitasuna ikusita, eskubide horiek erretorika hutsean geratuko ote diren beldur izatea zilegi da.

Hutsunerik handiena, beti bezala, kulturgileen prekaritatea (pobrezia hitza erabiltzen hasiko gara?) ekiditeko konpromisoa da. Gai horri lotuta kolaborazio publiko-pribatua bitan aipatzen da, baina behin ere ez erakundeek beraiek kulturgileen baldintza ekonomiko duinak bultzatzeko izan dezaketen ardura. Agian ez dute entzun Irlandak sortzaileentzako 1.300 euroko oinarrizko errenta finkatu duela, hiru urteko programa pilotu batek demostratu baitu kulturan inbertitzen den euro bakoitzeko 1,39 irabazten dela. Ez al da ordua marko orokorrak, «lankidetzak eta lankidetzak» zein gaztelaniaz idatzitako euskararekiko konpromisoak gainditu eta eraldaketak ekar ditzaketen neurriak hartzen hasteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!