Arrazoia zernahi izanik sorterritik urrutira alde egin behar izan dutenengan jarri du fokua Olaeta ballet elkarteak bere ikuskizun berria ontzeko. Gogorapenen hegalez izena jarri diote lanari, eta igandean estreinatuko dute, Arriaga antzokian. Sarrerak antzokiaren webgunean daude eskuragarri; 14 eta 26 euro bitartean balio dute.
Konpainiak azaldu duenez, emanaldi «handia» izango da igandekoa. 45 dantzariz osatutako taldea igoko da oholtzara, baina ez hori bakarrik, hainbat gonbidatu ere izango dira eta. Musikari garrantzia eman nahi izan diote Olaetakoek, eta bi taldek hartuko dute parte emanaldian: Kantabrik Sinfoniettak —Iker Sanchez Silvak zuzenduko du—, eta Zirzira ahots taldeak —Ius Perezen gidaritzapean—. Berrogei emakumezko abeslarik osatuko dute Zirzira taldea. Gainera, Ondalan erraldoien konpartsa ere izango da emanaldiaren parte. Gogorapenen hegalez Jone Goirizelaiak, Mikel G. Pujanak eta Denis Martinezek zuzendu dute, eta konpainiatik aipamen berezia egin nahi izan die hiruei, proiektuan egindako lanarengatik.
Migrazioaren ertzak aztertuko dituzte emanaldian; Olaetakoek adierazi dutenez, haren «eragin emozionalak» eramango dituzte oholtzara. Horretarako, euskal doinuak eta pausuak beste kultura batzuetakoekin nahasiko dituzte; kubatarrekin, adibidez. Gaineratu dute «emozioen bidez ikus-entzulea harrapatzea» dela ikuskizunaren helburua.