Opera

OLBEk Donizettiren 'Maria Stuarda' opera taularatuko du Bilbon

Donizettik 1835ean idatzitako opera ospetsuaren lau emanaldi egingo dituzte Euskalduna jauregian: otsailaren 14an, 17an, 20an eta 23an.

OLBEk 'Maria Stuarda' opera aurkeztu du gaur Bilbon. OLBE
OLBEk 'Maria Stuarda' opera aurkeztu du gaur Bilbon. OLBE
edurne begiristain
2026ko otsailaren 9a
15:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

OLBEk, Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, bel cantoaren maisulanetako bat eramango du Bilboko Euskalduna jauregira: Maria Stuarda. Gaetano Donizettik 1835ean idatzitako operaren lau emanaldi eskainiko dituzte: otsailaren 14an, 17an, 20an eta 23an.

Friedrich Schilleren Maria Stuart antzezlan historikoak eman zion Donizettiri opera idazteko ideia; konpositoreak istorioaren drama politikoa eta emozionala musikaren bidez bizi-bizi transmititu nahi izan zuen. Garai hartako Italiako publikoak gustuko zituen opera historikoak eta pasiozko istorioak, eta, horregatik, Donizettik Maria Estuardoren eta Elisabet I.aren arteko tentsio dramatikoan oinarritutako lana ondu zuen. Hasieran, operak zailtasun handiak izan zituen —zentsuraren eta botere politikoaren eraginez, hainbat pasarte aldatu behar izan zituen egileak—, baina, hala ere, arrakasta handia lortu zuen, eta garaiko musikari zein kritikoek ahotsen indarra eta emozioaren intentsitatea goraipatu zituzten. Gaur egun, Maria Stuarda Donizettiren maisulantzat jotzen da.

Maria Stuarda operak bi erreginen aurrez aurreko gatazka dramatikoa kontatzen du: Eskoziako Maria Estuardo, katolikoa, eta Ingalaterrako Elisabet I.a, protestantea. Gizonak nagusi diren mundu batean emakumeek duten determinazioa eta erresistentzia da lanaren abiapuntua, maitasuna, traizioa eta intriga uztartuta.

Bilboko agertokian, Yolanda Auyanet abeslariak antzeztuko du Maria Estuardoren rola: artistak hamar urte baino gehiagoko esperientzia du, mundu osoko oholtzetan ibili da, eta, besteak beste, 2024an Espainiako Musika Sari Nazionala eskuratu zuen. Maria Barakova mezzosoprano errusiarrak interpretatuko du Elisabet I.a erregina, eta bi erreginen desioaren eta pasioaren errudunaren rola —Robert Leicesterrena, alegia—, Filip Filipovic tenor gazteak antzeztuko du. Taula gainera igoko dira, halaber, Manuel Fuentes (Giorgio Talboten rolean), Cristina del Barrio (Anna Kennedy) eta Milan Perisic (Lord Guglielmo Cecil). 

Ivan Lopez-Reynoso Atlantako operako zuzendari nagusiak zuzendu du lana, Emilio Lopezek egin ditu eszenako zuzendari lanak eta Carmen Castañon arduratu da eszenografiaz. Eta haiekin guztiekin batera ariko dira emanaldietan Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak eta Bilboko Operaren Abesbatzako kantariak —Esteban Urzelairen zuzendaritzapean—.

Emanaldi nagusiak ez ezik, OLBEk egitarau didaktiko zabala antolatu du, doan. Otsailaren 12an, Bizkaia Aretoan, Gonzalo Lahozek Ivan Lopez Reynoso elkarrizketatu du Concierto Desorden podcastean; eta, otsailaren 15ean, El ABC de la Opera zikloan, Irene de Juan pianista eta musikologoa Maria Stuarda obraz solastatuko da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.