«Erromantizismo frantsesaren obra gorenarekin» ekingo dio urte berriari OLBEk, Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak. Hain zuzen, Jules Masseneten Werther opera eramango du Euskalduna jauregiko agertokira. Lau emanaldi egingo dituzte: urtarrilaren 17an, 20an, 23an eta 26an; lehena 19:00etan izango da, eta gainerakoak, 19:30ean.
Goethek 1774. urtean idatzitako Werther gaztearen arrangurak nobela epistolarra du oinarri operak, eta Masseneten maisulantzat eta «espiritu erromantikoaren erabateko paradigmatzat» jo izan da. Adituen hitzetan, gainera, haren operarik pertsonalena ere bada. «Zoriontasunik aurkitzen ez duen maitasuna eta bizitzaren sentimendu tragikoa» ditu hizpide obrak, elkarteak ohar bidez azaldu duenez.
Edouard Blau, Paul Milliet eta Georges Hartmannen libretoa du drama lirikoak, eta, lau aktotan banatuta, maitasun hiruki tragiko baten istorioa kontatzen du: Werther poeta, Charlotte gaztea eta Charlotterekin ezkontzekoa den Albert ditu protagonista. Ezinezko maitasunak sortutako arrangurak bere buruaz beste egitera eramango du poeta.
Rosetta Cucchik egin ditu eszenako zuzendari lanak Comunale di Bolognaren ekoizpenean, eta Tiziano Santi arduratu da eszenografiaz. Celso Albelo tenorrak jokatuko du Wertherren rola oholtzan, Annalisa Stroppa mezzosopranoak Charlotterena, eta Angel Odena baritonoak Albertena. Hiru protagonistekin batera, beste hainbat abeslari izango dira oholtzan, hala nola Lucia Iglesias (Sophie, Charlotteren ahizpa txikia), Enric Martinez-Castignani (Le Bailli, bi ahizpen aita), Josu Cabrero (Schmidt, Bailli familiaren laguna), Jose Manuel Diaz (Johann), Martin Barcelona (Bruhlmann) eta Olga Revuelta (Kathchen).

Eta haiekin guztiekin batera ariko dira emanaldietan BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariak —Carlo Montaranoren gidaritzapean— eta Leioa Kantika Korala abesbatzako kantariak —Basilio Astulezen zuzendaritzapean—.
Jarduera paraleloak
Emanaldien osagarri, hainbat jarduera paralelo antolatu ditu OLBEk, herritarrak operara «ikuspuntu didaktiko eta dibulgatzaile batetik» gerturatzeko asmoz.
Carlos Imaz konpositoreak Werther operari buruzko hitzaldi sorta bat emango du egunotan: gaur, bihar eta etzi, Bilbon eta inguruko hainbat udalerritan; ostegunean, Eibarren (Gipuzkoa); eta ostiralean, Logroñon (Espainia). Ostiralean, halaber, Ruben Amon idazle, kazetari eta musika kritikariak operaz jardungo du Bilbon, beste hitzaldi batean.
Hilaren 19an, berriz, Annalisa Stroppa abeslaria jendaurrean elkarrizketatuko du Gonzalo Lahozek, EHUren Bizkaia aretoan. Eta hilaren 21ean, Aitziber Aretxederra Werther operaz ariko da Santanderren (Espainia).