«Oso berezia». Operaren Lagunen Bilboko Elkarteko ordezkarien hitzetan, halakoa izango da hurrengo opera denboraldia Bilbon. Hiriak bere 75. opera denboraldia abiatuko du uda ostean, baina ospakizunak urteurren horrekin hasiko diren arren, hiru denboraldi oso hartuko ditu prestatu duten omenaldiak. Izan ere, 2028an beteko dira 75 urte elkartea sortu zenetik, eta bi urteurren horiek lotuko dituen programazioa prestatu dute horregatik: 2026-2027ko denboraldiarekin hasi, 2027-2028ko apirilean goia jo, eta, azkenik, 2028-2029koarekin bukatu. Eta, iragarri dutenez, 1953ko lehenengo denboraldian lehenengoz programatu zutenetik hona elkartearen historian klasiko bilakatua den opera batekin hasiko da dena urrian: Giuseppe Verdi konpositorearen La Traviata operarekin, hain zuzen ere.
Nortasun handiko opera. Lelo hori izango du OLBEren datorren urteko denboraldiak, eta bederatzi lan taularatuko ditu, guztira. La Traviata izango da eskainiko duten lehena, eta haren ondoren helduko dira Gioachino Rossiniren Il barbiere di Siviglia, Richard Wagnerren Die Walküre, Gaetano Donizettiren Reoberto Devereux eta Giacomo Pucciniren Manon Lescaut, azkenik, datorren urteko maiatzean.
Emakumezkoek oholtzan izango duten presentzia ere nabarmendu dute elkarteko ordezkariek, eta hurrengo denboraldian Bilbon izango diren artisten zerrenda esanguratsu bat aurkeztu dute horren froga modura. Bertan izango dira, besteak beste, Jessica Pratt, Leonor Bonilla, Carla Filipcic-Holm, Daniela Barcellona eta Joyce El-Koury. Eta, haiekin batera, Javier Camarena, Andrzej Filonczyk, Marko Mimica eta Micahel Fabiano ere izango dira programaren parte.
Baina operez gainera, bestelako hainbat emanaldi ere eskainiko ditu egitarauak. Aurtengo ekainean, esaterako, ganberako hainbat errezital eta kontzertu eskainiko dituzte ABAO Basque Musikaste Festival deitu duten programaren barruan. Lehen urtea izango du jaialdiak, ea bertan izango dira Kyohei Sorita pianista, Boris Borgolotto biolin jotzailea, bai eta Quatuor Arod laukotea ere. Gasteizen (ekainaren 3an), Donostian (ekainaren 4an) eta Bilbon (ekainaren 5ean eta 9an) egingo dituzte saio horiek.
Izar baten ahotsa
Asmik Grigorian soprano lituaniar ezagunaren emanaldi bat ere antolatu dute. Emakumezko Kantaririk Onenaren Saria irabazi zuen Grigorianek 2025eko Opera Awards sarietan, eta bi pianoren laguntzarekin arituko da Bilbon. Historiako hainbat opera ezagunetako ariak eskainiko ditu emanaldian. 2027ko apirilaren 10ean izango da hori, Bilboko Filarmonika elkartean.
Familia osoarentzako saioak ere eskainiko ditu OLBEk. 2005ean jarri zuten abian ABAO Txiki programa, eta, guztira, lau ikuskizun eskainiko ditu hurrengo denboraldian. Eta helduentzako zein umeentzako saioak kontuan hartuta, orotara, 63.700 ikusle bilduko dituztela kalkulatu dute elkarteko ordezkariek.
Baina hiru urteko ospakizun programa zabalago horren parte bat baino ez da izango urrian abiatuko dutena. Juan Carlos Matellanes OLBE elkarteko presidenteak eta Cesidio Niño zuzendari artistikoak aurkeztu dute programa, elkartearen Bilboko egoitzan, eta, adierazi dutenez, «meritu handikoa» iruditzen zaie 75 opera denboraldi antolatzera heldu izana.