Oliver Stonek Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia saria jasoko du

'Savages' filma Zabaltegin aurkeztera etorriko da, John Travolta eta Benicio del Toro aktoreekin batera

Oliver Stoneren Savages filmeko irudia. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Oliver Stone zinemagileari 60. urteurreneko Donostia Saria emango dio aurtengo ekitaldian Donostiako Zinemaldiak, haren ibilbidea aintzat hartuta. Zuzendari estatubatuarrak Savages (Basatiak) bere azken lana aurkeztuko du jaialdiko Zabaltegi-Perlak sailean, eta Donostian izango da John Travolta eta Benicio del Toro aktore nagusiekin batera. Zinemaldiko 50. urteurrenean egin bezalaxe, aurten ere, Zinemaldiak 60 urte betetzen dituela eta, sari berezia ematea erabaki dute antolatzaileek. Hortaz, orain hamar urte Francis Ford Coppola zinemagileak jaso zuen sari bereziaren gisakoa da Stonek jasoko duena. Hura bezala, hau ere sarituaren ibilbide osoa aintzat hartzen duen saria izango da.

Bere pelikuletan gizarte eta politika gaiak jorratzeko duen eragatik, Estatu Batuetako zinema modernoaren erakusle handienetarikotzat jotzen dute adituek Stone. 80ko hamarkadan ekin zion filmak zuzentzeari, eta ospea ekarri zioten, besteak beste, Vietnamgo Gerraren inguruko Platoon filma (1986) eta negozio handien eta burtsaren inguruko Wall Street lanek (1987). Lehenengoarekin, bi Oscar sari irabazi zituen: zuzendari onenarena eta filmik onenarena.

Stonek bosgarren aldia izango du aurtengoa Donostiako Zinemaldian. Izan ere, lau aldiz izana da berton, honako film hauek aurkezten: Salvador drama politikoa, 1986an; Natural Born Killers, kirolen inguruko ustelkeriari buruzko filma, 1994an; Looking Ford Fidel dokumentala, 2004ko Zabaltegi-Bereziak sailean; eta World Trade Center, 2001eko irailaren 11n AEBetan izandako atentatuen ingurukoa, 2006an.

Droga trafikoaz eta kartelez

Oraingo honetan, Stonek Don Winslow idazlearen izen bereko best-seller-ean oinarritutako thrillerra ekarriko du. Besteak beste, John Travolta, Benicio del Toro, Taylor Kitsch, Blake Lively, Aron Taylor Johnson, Salma Hayek, Emile Hirsh eta Demian Bichir-ek osatzen dute filmeko aktoreen zerrenda. Filma irailaren 23an Viktoria Eugenia antzokian emango dute. Han izango dira Stone, Travolta eta Del Toro. Savages-en droga trafikoa eta kartelen gaia jorratu du Stonek. Pelikula irailaren 28an estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.

Zinemagileak 40 urte inguru eman ditu zinemari lotuta. Gidoigile lanetan hasi zen zinema munduan eta, besteak beste, Alan Parker zuzendariaren Midngith Express (1978) John Miliusen Conan the Barbarian (1982) eta Brian de Palmaren Scarface (1983) lanen gidoiak idatzi zituen. Lehenengo filmaren gidoiagatik, bere lehen Oscar saria lortu zuen Stonek.

80ko hamarkadan, berriz, gidoiak idaztearekin batera, filmak zuzentzeari ekin zion. The Hand (1981) fantasiazko thrillerra izan zuen aurreneko lana. Bere estiloa, berriz, urte batzuk geroago definitu zion Salvador lanak, 1986an. Geroztik, gizarte eta politika gaiak jorratu izan ditu gehienbat: Hala egin zuen John Fitzgerald Kennedy AEBetako lehendakariaren hilketaren inguruko JFK (1991) eta Richard Nixonen agintaldiaren inguruko Nixon (1995) filmetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.