Donostiako 59. Zinemaldia

Olivia Harrison: «Adiskideen oso adiskide ona zen George»

George Harrisonen alarguna ekoizle izan da Martin Scorsesek haren inguruan egindako dokumentalean

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
George Harrisonen alarguna izateaz gain, zinema ekoizle gisa ere aritu izan da Olivia Harrison. Besteak beste, The Beatlesen inguruko dokumental bat ekoitzi zuen duela zenbait urte. Senar ohiari buruzko dokumentala egiteko ekoizle ugari hurbildu izan zaizkio azken urteetan, eskubideak lortze aldera, baina azkenean berak jo zuen zinemagile batengana, film hori hezurmami zedin. Eta aukeratzen hasita, zitekeenik eta onena aukeratu zuen, haren iritzian: Martin Scorsese. «Musika gustatzen zitzaion zuzendari bat izan behar zuen, eta, horrez gain, Georgeren barne bidaiari garrantzia emango zion norbait. Horregatik jo nuen Scorseserengana. Hark ere hasieratik azaldu zidan beretzat garrantzitsuena barne bidaia zela, eta hala hasi ginen lanean».

George Harrison: Living in the Material World dokumentalak The Beatles taldeko kantugile ezezagunenaren musika nahiz bizi bidaia kontatzen du oso ikuspegi pertsonaletik. Harrison bikoteak ez zuen gertu-gertuko laguna Scorsese, baina elkar ezagutzen zuten 80ko hamarkadaren hasieratik edo: «Pare bat gau edo igaro genituen elkarrekin, musikaz eta zinemaz hitz egiten; lagun arteko solasaldi bat izan genuen».

Dokumentala egin ahal izateko era guztietako materiala erabili zuen Scorsesek, The Beatlesen bideo eta argazki zaharrak, George Harrisonenak, dokumentalerako espresuki egindako elkarrizketak... Material hori lortzeko Olivia Harrisonen funtsa ezinbestekoa izan da, baina, horrez gain, ikerketa talde bat ere abian jarri zuten ahalik eta material gehiena eskuratu ahal izateko: «Aurkitzeko ezinezkoa zirudiena ere lortu zuen talde horrek», Olivia Harrisonek Donostian atzo egindako agerraldian azaldu zuenez.

Zortzi milimetrotan grabaturiko irudiak, VHS nahiz Beta formatukoak, argazkiak... denetarikoak erabili zituzten Scorsesek eta bere taldeak Harrisonen profil zehatzago bat eskaini ahal izateko. Muntaketa lanak berebiziko garrantzia izan du hiru ordu eta erdi luze den filmean. Lan hori egiteko ia hiru urteko astia izan dute, eta horrela lan egitea errazagoa dela uste du Olivia Harrisonek.

Gauzak kontatzeko irrikan

Erraztasuna izan zuten denboraren aldetik, eta erraztasuna jendeak parte hartzeko azaldutako borondatearengatik ere. Musikari eta gizon sentibera baten ibilbidea erakusten du filmak, baina, beste ezeren gainetik, lagun maitatu moduan ageri da: «Adiskideen oso adiskide ona zen George. The Beatleseko kideek asko maite zuten, eta horregatik parte hartu dute dokumentalean Paul McCartneyk eta Ringo Starrek». Horiez gain, Eric Claptonek, Phil Spectorrek, Terry Gilliamek, Yoko Onok, George Martinek eta Jackie Stewartek parte hartzen dute pelikulako elkarrizketetan, Harrisonen adiskide modura guztiek ere. Euren hitzetan eta keinuetan igartzen da benetan maite eta estimu zutela adiskidea: «Konturatu ginen jendeak hitz egin nahi zuela, adierazi nahi zuela zer izan zen George beraientzat. Konturatu ginen gauza berriak kontatzeko irrikan zeudela. Hitzek eta keinuek hunkidura agertzen zuten, eta hori oso garrantzitsua zen filmarentzat».

Dokumentala behin eginda zegoela ikustea esperientzia aberasgarria izan da Olivia Harrisonentzat berarentzat: «Balio izan dit Georgeren barne bidaia horretan gehiago sakontzeko, bere musikan eta gizatasunean gehiago sakontzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.