Omenaldi bikoitz batekin amaituko dituzte antzerki topaketak, bihar

Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara aktoreak aurten hil dira, eta haiek oroituko ditu Azpeitiak, Euskal Antzerki Topaketen azken egunean

Otsailean hil zen Odriozola, eta ekainean Bergara. Irudian, Odriozola, 2008an, Besarkada saria jasotzen. G. GARAIALDE / ARP.
Julen Aperribai.
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Antzerkigintzak bai Azpeitian (Gipuzkoa) bai Euskal Herrian transmisiorik izan badu eta izango badu, transmisoreen lanagatik eta haien erreferentzialtasunagatik da, hein handi batean. Haietako bi izan ziren Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara azpeitiarrak, eta haiek omenduko dituzte bihar, euren herrian, Euskal Antzerki Topaketen azken egunean. Herriak egingo dien «azken agurra» izango da ekitaldia, omenaldia bainoago, topaketen komunikazio arduradun Ihintza Agirretxeren arabera. Aurrez ere jasoa dute omenaldia, topaketen testuinguruan orduan ere, euren aktore lanagatik. Aurtengo eta iazko topaketen artean zendu ziren Odriozola eta Bergara, eta beren ekarpena eskertu nahi izan diete Azpeitiko Udalak eta antzerki mugimenduak.

Omenaldia ez da izango biharko ekitaldi bakarra, Ahantzitako oroitzapenak kontzertu antzeztuak jarraituko baitio. Maritxu eta Maddi amona-bilobak dira protagonistak. Maritxu alzheimerra duen emakumearen eta haren biloba Maddiren bitartez, hiru belaunaldiren nondik norakoak azaltzen ditu obrak. Getariako (Gipuzkoa) Elkano musika eskolako abesbatzako kideek musikatuko dute. Hala bukatuko dute, hilabetean hamabost emankizun eskaini ondoren,34. topaketa. Esperientzia handiko antzerkigileen presentzia amateurragoenarekin uztartuz, egitarau zabala atondu zuten antolatzaileek, aurten Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik izan ez duten arren. Antolakuntza bera baldintzatu baino gehiago, udala «esfortzu ekonomiko handiagoa» egitera eraman du erabakiak, kultura zinegotzi Josu Labakak azaldu duenez. «Euskaraz egiten den antzerki topaketa bakanetako bat» izanik, erabakia «kezkatzeko modukoa» dela uste du.

Mugimendua, bizirik

Oztopoak oztopo, pozik hitz egin du Labakak publikoak emandako erantzunaren inguruan. «Azpeitiko publikoak beti egiten duen bezala», ondo erantzun du haren ustez. Hainbeste urteren ondoren, antzerkia Azpeitian «errotuta» dagoela uste du: «Azaroaren bueltan azpeitiarrek badakite antzerkiarekin gozatzeko aukera izango dutela, eta ekitaldi horrekin bat egiten dute».

Besaulkian ez ezik, asko izan dira aurten oholtza gainean izan diren azpeitiarrak, eta hori azpimarratu dute, bai Labakak eta bai Agirretxek. Egun, herrian antzerki talderik ez dagoen arren, ekarri dituzten obretan aktore aritu diren herritarrak asko izan direla azaldu du Agirretxek. Antzerkizaleak, gidoigileak eta aktoreak, eskualdean denetarik dutela uste du Labakak, eta horren garrantzia nabarmendu du. Etorkizuna ikusten dio antzerkigintzari, eta, hala izan dadin «ondo zaindu eta elikatu beharreko altxorra» dela dio. Alde horretatik, topaketak berak baino gehiago, horien inguruko mugimendua baloratzea garrantzitsuagoa delakoan dago.

Nagusiki, Soreasu antzokian izan dira antzezlanak. Plazan eta gaztetxean ere egin dituzte, ordea, horietako batzuk, bi gaztetxean. Herriko eremu desberdinetara zabaltzeko ahaleginean, antzerkia, elkarlanaren bitartez, «eremu ez-natural horretara» eraman nahi izan dute, Labakaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.