Omenaldi dantzatua Ravel jaunarentzat

Etorkizuna Kontzeptuak dantza konpainia berriak bere lehen sorkuntza estreinatuko du

Dantzariak, entsegu batean. JOSE MIGUEL PEREZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Kausitze batetik abiatu da Etorkizuna Kontzeptuak dantza konpainiaren ideia, taldeko lehendakari Peio Labeyriek azaldu duenez: «Hogei urtetik goiti, dantzari batentzat zaila da bere taldean segitzea». Euskal dantza gustukoa duten anitzek orduan uzten baitute dantza, bizia aldatzen dela, edo dantzetan enoatzen, edo beste. Eta segitu nahi dutenak bakarrik gelditzen dira. Izatekoz, irakasle edo laguntzaile lanetan hasten dira zenbait, baina, bestela, aukera guti. «Leku onean aurkitzen bazara, segitzen ahal dituzu noizbehinka agertzen diren proiektuak. Badira gauza biziki ederrak; badira sorkuntza ugari. Baina, beharbada, iraunkortasuna falta da».

Hori izan nahi du Etorkizuna Kontzeptuak konpainiak, hain zuzen. Iraunen duen bilgune bat, euskal dantzan oinarriturik eta, bide batez, beste dantza egiteko manerei hurbiltzeko aukerak eman. «Guretzat interesgarria dena proiektu horretan ez da ikusgarri bat muntatzea; da, justuki, dantzariek har dezaten nahi dutena». Malandain Ballet Biarritz, EKE eta Hiriburuko Herriko Etxearekin hitzarmen bat izenpetua du konpainiak.

Eta, iduriz, asmoak lortu du bere publikoa, Ipar Euskal Herriko hainbat dantza taldetatik hurbildu 34 dantzari eta musikari elkartu baititu bere lehensorkuntzan: Ravel jauna izenekoa. Euskal dantzez gain, dantza garaikidea lantzeko aukera eman die ikusgarriak. Bittor Corret, Christian Larralde eta Maider Oihartzabal aritu dira koreografia lanetan. Musika aldetikere, sorkuntza da nagusi, nahiz eta Ravelen musikak tarte bat izan.

Ravelen heriotzaren 75. urteurrena dela hautatu dute Ravelen biziaz interesatzen den sorkuntza. Bereziki, Ravelek Euskal Herriarekin duen harremanaz interesatu dira. Larunbatean dute estreina, Luhusoko Harri Xuria gelan, baina jadanik lekurik ez da gelditzen. Izanen da besterik; adibidez, urriaren 20an Donapaleuko Airetik gelan, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.